Bidai kaierak. Mikel Lasa
Inaugurazioa:
Martxoak 4, 19:30
2014ko martxoaren 4tik apirilaren 26ra
Ordutegia:
Asteartetik ostiralera
16:00 - 20:00
.
Larunbatetan:
11:00 - 14:00 /16:00- 20:00.
.
.
BIDAI KAIERAK. Mikel Lasa
Sarrera hau idazterakoan, 1989an eguneroko moduan idatzitako anotazio batez ohartu naiz non,iragarpen bat bailitz bezala, aurreikusten bainuen hamabost urte geroago, erretiroa lagun, bizitza-proiektua gauzatu ahal izango nuela:
Kontxako aulkietan eserita ikusi dudan hirurogei urteko irlandarra, denboraldi honetanmaiz amets egin dudan nomadismoaren premonizio bat ote da, erretirorako iragarpena? Dena den, udara honetan zehar bizitza-proiektu honetaz behin eta berriz egin burutapenen abia puntu eta inspirazio iturri izan da.
Nomadismo hitza dramatikoegia da nire kasuan, noski; esan dezagun horren ordez bidaiatzea, ez nolanahi halere: sarriro, laztasun doi batekin, gorputza engaiatuz bidean , bakarrik, zentzuek bortizki suma ditzaten bidaiaren sentipenak.
Tenorea iritxi zenean, oharkabe hasi nintzen bizitza-projektu horren ildotik aintzinatzen. Trenez edo egazkinez joan izan naiz bixitatu nahi nuen lurralde ingururaino, eta, han, eskuleku gainean poltsa mordoilua lotu, bizikleta gainera igo eta hasten nintzen zehaztasunik gabe burututako behin behineko ibilbide programari jarraitzen. Bidaialdi bakoitzak hamar eta hamabost egun arteko epea irauten zuen. Horrela korritu ditut azken hamar urteotan erakusketan agertzen diren herrialdeak, behin eta berriz , Italia izan delarik errepikatuena berarekiko dudan atxikimendua dela eta.
Nire lehenengo bidaia Cortonara egin nuen, Piero de la Francescaren zaletuek ongi dakiten zirkuitoaren abia puntutik: Cortona , Arezzo, Borgo de Sansepolcro, Urbino eta Rimini. Bidaiaren ardats gisa gogozko nuen halako pertsonaien bat aukeratzeak akuilatu egiten ninduen eta halakoren bat gogoan nuela egin dut bidaia asko, hala nola:
Recanati, Leopardiren jaioterria . Hotz eta bakarti, mendilerro garai baten gainean, aizeak zeharkatzen zituen kale hutsetan nenbilela hobekiago ulertu ahal izan dut poetaren nihilismoa eta L´infinito bere poema famatuaren zentzua:… Inmensitate honetan da murgiltzen pentsamendua eta itsaso honetan hondoratzea laket zait;
Cesenatico, non Leonardo da Vincik diseinatutako portuan ikusi baitaitezke Garibaldik Siziliako konkistan erabili zituen garaiko arrantza belauntzi askotarikoak: bragozzo d´altura, battana ,trabaccolo.
Irlanda ipar mendebaldean , Sligo, W.B. Yeatsen jaioterria, eta haren hilobia, epitafio ageri duena:
Cast a cold eye
On life, on death
Horseman pass by
Proentzako lautadan, Van Goghen bila: Camargue, Les Saintes-Maries-de-la-Mer, Arles, St. Rémy, Les Alpilles; Porto Venere , La Speziako badiaren sarreran eta Cinque Terre, Itsasoa eta mendi lerro garai baten artean kukutua, biak Montaleren geopoetikaren sorleku;
E.a….
Besteetan , lurraldeari buruz nuen aintzin irudiak erakartzen ninduen.
Bidaia hauetan eginiko akuarelak , pastelak eta marrazkiak osatzen dute erakusketa honen ardatz nugusia.
Ekiteko erak markatu du obra gehienen estiloa: gorputza tinko, burua ernai, ikusminak bultzatzen ninduen bidaia osoan. Aldian aldi, paisaiaren xehetasun bat edo jendarteko bitxikeriaren bat marraztu edo pintatzeko gogo bizia sentitzen nuen, zutik, eserita edo trenaren martxan . Eta halaxe ekiten nion, bat-batean, abiada osoan ,zuzendu barik.
Halako uneetan, argi eta azkar dabil eskua orriaren azalean, sismógrafo-markagailuaren antzera errealitatetik datozkion taupaden artean. Ekiteko era honek ez du beti arrakasta lortzen, baina, lortzen duenean, nabari da zerbait bizia eta freskua atxiki duzula, eta badakizu ez dela ezabatuko freskura eta bizitasun hori, lortu duzuna apala izanik ere .
Mirari txiki hori bilatzen dut nik.
.
Mikel Lasa
.
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04