Kontinenteen artean azken bidaia izango da honako hau. Aurretik ibiliak gara jada Hego Amerikan eta orain iparraldearen txanda iritsi da. Kanadako Mendi Harritsuak bisitatuko ditugu, Estatu Batuak eta Kanadaren arteko Niagarako ur-jauziak, zorte apur batekin Fairbanksen aurora boreala ikusi ahalko dugu. Kanoi Handiaren parke nazionala hegazkinez gurutzatu dezakegu edo piknika egin Yogui hartzaren inguruetan Yellowstonen. New Yorken paseatuko dugu bere museo, parke zein kale-kantoietan bidaiaren amaiera aldera eta azkenik Floridako hondartzetan deskantsatzen saiatuko gara.
Martxan jarri eta Alaskara iritsiko gara Matt nekazari gaztearen eskutik “Oro bajo la nieve” Stalnerren komikian. Mattek bere familiaren etxaldetik alde egingo du bere etorkizuna bere gustura sortzeko asmoz, urre bilatzaileen bidea jarraituz Klondike inguruan. Bruguera komiki zaharren hariari tiraka ere, Klondike inguruan gertatzen den beste ale bat gogora ekarriko digu, “Los mineros de Alaska” Salgariren eleberriaren adaptazioa, eta bertan Bennie eta Buck ezagutuko ditugu Falcone babestuz joango baitira Klondikeraino. Alaskan ohikoa denez, txabola batean bizitzeko aukera ere izango dugu Ugo Bienvenuren “Sukkwan island” komikiaren laguntzaz, uharte basati honetan Jim bere semearekin bizitzen ahaleginduko da nahiz eta apenas ezagutzen duten elkar.
Alaskatik Kanadara salto egin eta gogoratu nola Kanada bere laku eta zelai handiez osatuta naturgune puru bat islatzen duen. Ingurune honetan ezagutuko dugu “Ana la de las tejas verdes” Igarashirena, komiki adaptazioa da, eta bertan Ana umezurtza bere guraso berriekin nola biziko den kontatuko digute. Corto Maltesekin ere gurutzatuko gara bidean, Corto bere lagun Jack Londonen mezu bat eramaten ari baita Estatu Batuetatik Kanadara “Corto Maltés: bajo el sol de medianoche” komikian, Juan Díaz Canales eta Rubén Pellejeroren komiki mundialean. Eta azkenik, ezin aipamen berezia egin gabe utzi, “Justin Hiriart” komikiaren edizio osoa hartuko dugu altzoan, euskal balea arrantzaleen abenturak biltzen baitira bertan Kanadako kostaldean XVII. mendearen hasieran.
Kanadatik Estatu Batuetara pasako gara, eta hau, askorentzat amestutako lurra izan bazen ere, ez zen hala izan jende guztiarentzat, inondik inora ere. Baina bai esan dezakegula lurralde honi buruz, bertan jaio direla mundu osoan zehar ezagunak diren superheroi gehienak: Daredevil, Ms. Marvel, Superman, Batgirl, Fantastic Four, Spiderman, Batman, Wonder Woman, Captain América…. Superheroien generoa esan daiteke ia duopolizatua dagoela edo egon dela orain arte, Marvel eta DC izan baitira hauen jabe nagusiak. Tarteka bi enpresa handi hauek ere lan egin izan dute elkarrekin esaterako “Amalgam cómics” lanean.
Gainera, superheroi famatuena ez da komikiaren inguruan eta Estatu Batuetan aipatu beharreko hari nabarmen bakarra, izan ere, komikiaren sorrerarekin oso lotuta dago irudia testuari gain-ezarri zitzaion garaia, prentsan tira formatuak hartu zuen ospea eta nola ez, bertan sortu zen “Yellow Kid” ospetsua ere. Tira hauei esker sortu zen gerora komikia eta hauek eman zioten irudiari garrantzia testuaren gainetik.
Eta hiritik kanpo aldera berriz, Estatu Batuetan bereziki oparoa izan den generoa ere aipatu nahi dugu: Oestekoa, indio eta bakeroen arteko kontu eta katramilak. Cowboyen ingurukoak lehen aldiz 1920 urtearen inguruan sortu ziren komikian, eta haien artean ezagunenetako bat Buffalo Bill izan zen. Gerora beste hainbat pertsonaia ezagun sortu duen generoa da honakoa bai zinean eta baita komikian ere: Blueberry, Lucky Luke, Duke. Gaur egun ere argitaratzen ari direnak berriz “Pieles rojas” Serpieri komikilariarena edo “Este del Oeste” Jonathan Hickmanena dauzkagu.
Kaliforniaraino ere iritsiko gara, eta bertan ezagutuko dugu “Virginia Hill: emakume libre baten egunkaria” komikia, Mkdeville eta Christophe Girardena. Chicagoko emagaldu gazte baten historia da honakoa, Virginiak hiriko mafiaren mahaian toki garrantzitsua izatea lortuko du. Eta Las Vegasetik gertu, Los Ángelesera mugituz berriz, “La noche pérdida de Luis Buñuel” Queco Ágreda eta Javier Ortizen komikiak kontatuko digu Buñuelen bizitzako momentu kritikoa. Buñuel Holliwooden aurkituko da gerra zibiletik ihesi, dirurik gabe, lanik gabe, bere balorea erakusteko aukera baten esperoan.
Eta nola ez, Tintin ere ezin aipatu gabe utzi. “Tintin en América” komikian Chicagoko gansterrekin lehiatuko da Tintin, Al Capone ere tartean dela. Gainera, beldurrezko istorio bat ere biziko dugu Emil Ferrisen “Lo que más me gusta son los monstruos” komikiaren laguntzaz, bertan Karen Reyes, eskoliosi gaitza duen 10 urteko neskatoa, Chicago ilunean bizi da 70. hamarkadan. Edo “Podía volar” komikia, Christopher Cantwell eta Marín Morazzorena, 15 urteko neskatila bat bete-betean sartuko da emakume misteriotsu baten gertakaria ikertzera, emakume hau Chicagon zehar hegan ibili ostean, bat-batean zeruaren erdian lehertu zen.
Baina beldurrezkoak alde batera utzi, eta erromantikoetan ere barneratzea batzutan eskertzen da, “Michigan: en el camino de una war bride” komikia proposatu nahi dizuegu. Julien Frey eta Lucas Vaelak soldadu amerikarren eta europar neskatilen arteko amodioak kontatzen ditu, neskatilek dena alboratu eta Estatu Batuetara joatea bezalako erabakiek utziko duten arrastoari buruz. Victor Santosek berriz “Violent love” komikian Daisy Jane eta Rock Bradley Estatu Batuetako banku lapur famatuen artekoak kontatuko dizkigu.
Amaiera aldera iristen ari gara, jada apur bat nekatuta, baina “Barrios, bloques y basura: una historia ilustrada y poco convencional de Nueva York” aipatu nahi dugu, hau izan daiteke eta benetako kaleko istorio txikien liburua, edo gida turistiko berezi bat, hiri honetako hainbat sekretu eta hiriko barrunbeak ezagutzeko modu gozagarria.
Eta orain bai, bidaia Miamin amaitzea erabaki dugu, espioi ezaguna eta hiltzailea den Black Káiserrek bezala “Polar” komikian. Baina espero dugu guk, protagonista honek ez bezala, deskantsurako tartea izatea guk…
Eta hauxe izan da dena, munduan zehar bidaiatzeko modu berezia, uda xelebre honetarako proposamen desberdina, espero dugu hainbeste aukeren artean batzuk bakoitzak bere zerrendatxoan apuntatu izana aurrerantzean irakurtzeko eta gozatzeko…
Albiste gehiago
Albiste gehiago
Eduki publikatzailea
Harkaitz Canok idatzitako eta Tanttaka Teatroak ekoiztutako 'Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez' emanaldiaren bi saiotarako inskripzioa
Saioak abenduaren 16an, larunbata, Santa Teresa komentuko Klaustroan izango dira, eta doakoak izan arren, edukieraren mugarekin lotutako arrazoiak direla eta, aldez aurretik izena eman beharko da.
Abenduaren 3an Euskararen eguna ospatzen dugu. Geroz eta zabalduagoa den egun honetan gure hizkuntza ospatu, balioan jarri eta babesteko beharra aldarrikatzea da xede