Gaurkoan munduko kontinente txikienera bidaiatzeko prestatuko gara, bertan ia ezinezko paisaiak, amets egiteko tokiak eta naturgune ikaragarriak daude. Ozeania esan orduko, koalak eta kanguruak etorriko zaizkigu burura, Fiji uharteetako hondartzekin erlaxatzeko aukera edo koralezko harresi handian urpekaritza egiteko grina ere piztuko zaigu. Gainera Sidneyko Opera Housen ere antzerkiaz goza genezake eta aho bete hortz geratu gintezke Fiordland parke naturaleko ur-jauziak bisitatu bitartean, edota kostalde malkartsua eta bertigoa ematen duten paisaiak ikustean, Milford Sound fiordoetan barrena.
Aireportura abiatuko gara “Vuelo 714 para Sidney” hartu asmoz. Bertan aurkituko dugu gure bidaia multzo hauetako protagonistetako bat, Tintin hain zuzen. Haddock kapitainarekin batera Tintin eta Tornasol irakaslea Sidneyruntz doaz astronautikari buruzko kongresu internazional batera. Hegaldiaren eskala batean Indonesiako Yakartan Piotr Pst-ekin topatuko dira. Piotr dirudun baten pilotu lanetan dabil eta bere hegazkin pribatuan igotzeko gonbitea luzatuko die Tintin eta lagunei. Baina Carreidasen idazkaria eta hegazkinaren tripulazioko beste kide batzuk konplot baten parte izaki, hegazkina bahitu eta desbideratzea lortuko dute; Pst, Tintin, Haddock eta Tornasol giltzaperatuak izango direlarik.
Bidaiari protagonistak aldatu eta oraingoan Spirou eta Fantasio hartuko ditugu bidai-lagun. Spirouren “Aventura en Australia” komikian Conde de Champignac-en inguruan Walker Donahue irakasleak ikerketa berezi bat burutu duela eta, Spirou eta Fantasiori laguntza eskatuko die. Bat-batean Walkerrek esango die nola kondea meatzari batzuen esku hil den. Kondearen hilobia arakatu ostean, bizirik dagoela ondorioztatuko dute eta gainera Sam bertako mafioso baten esku beltzetan dagoela ere antzemango dute.
Abenturaz abentura ibili eta gero Australia bertaraino iritsiko gara eta Shigeru Mizuki komikigilearen autobiografian sartuko gara bete betean. Mizukiren lanak ezagutzeaz gain, bere bidaiatzeko grina eta afizioaz gozatuko dugu bere bidaiak ardatz gisa hartuz, tartean Australian eta Papua Ginea Berrian zehar egindakoak probestuz bere seigarren liburukiari esker.
Benoit Zidrou eta Philippe Bertheten “El crimen que tu cometiste” komikian Greg Hopper ezagutuko dugu. Protagonista hau gizartearen burbuilatik at bizi da bere ardi eta txakurraren konpainian. Baina bere hiritik aldendu beharrean aurkituko da bere emaztearen heriotzaren arduradun gisa seinalatzen duten egunean. 27 urte geroago, Greg Hopper hiltzear dela egingo duen aitortzak, ordea, dena aldatuko du. Eta Hopper bere emaztearen fantasmarekin batera, gertakizuna izan zen hirira itzuliko da, erantzunak bilatu asmoz.
Fantasmak alde batera utzi eta errealitate gordinera salto egingo dugu, oraingoan Melbourne hirira. Bertan State Library Victoria, Melbourneko liburutegirik handiena dago edo Luna Park atrakzio parkea. Eta bereziki azpimarratu nahi duguna da bertan izugarrizko fanzine pila argitaratu zirela 90. hamarkadan. Komiki alternatiboen mugimenduak indar handia izan zuen, eta horren erakusle dira “Bodé and other people”, “Tha comic messiah”, “Wang” edo “Pure evil” komikiak, Fanxinotekaren bidez KMn dauzkagunak.
Bidaiaren amaiera aldean gaude jada, eta bidaiaren azken geldialdia Ozeaniako Tasmanian egingo dugu. Izan duzue inoiz Tasmaniako demonioa ezagutzeko kuriositatea? ba… oraingoz itxaron egin beharko du demonioaren kontuak, guk Tasmanian jaiotako Simon Hanselmann ekarri nahi dugu esku artera, eta batez ere bere “Meg, Mogg & Búho” seriea. Komiki hau sitcom-barra-cómic gisa deskribatu dezakegu eta bertan Megg sorgina, Mogg katua eta Búho hontza dira protagonistak. Simonen beraren bizitzaren erakusleiho bihurtzen dira protagonista hauek, telebista serieak, gizartera egokitu gabeko izakiak eta droga kontsumitzaile amorratuak ikusi ahalko ditugu komikian.
Bidaia berezia eta inspiratzailea izan da honakoa, komiki alternatibo eta undergroundetik Tintinen album klasikoetarainokoa, nobela grafikoa ere altzoan hartuz. Ez da izan aurreko kontinenteetako bidaiak bezain luzea baina bai bitxia eta kusiosoa.
Albiste gehiago
Albiste gehiago
Eduki publikatzailea
Harkaitz Canok idatzitako eta Tanttaka Teatroak ekoiztutako 'Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez' emanaldiaren bi saiotarako inskripzioa
Saioak abenduaren 16an, larunbata, Santa Teresa komentuko Klaustroan izango dira, eta doakoak izan arren, edukieraren mugarekin lotutako arrazoiak direla eta, aldez aurretik izena eman beharko da.