Biharko liburutegi guztiak
Biharko liburutegi guztiak
2019.02.14 · 2019.06.01
Komisarioa: Jorge Carrión
Biharko Liburutegi Guztiak
Iragana metatzen badute ere, liburuak etorkizuna dira batez ere. Mundua ordenatzeko sistema irekiak baitira, gure aitona-amonengandik jaraunsten ditugunak eta gure bilobei oinordetzan uzten dizkiegunak. Sistemarik zaharrenak: liburuen ondoren, museoetako margolanak edo hemeroteketan egunkariak ere sailkatu eta irakurtzeko bide eman zigutenak. Alexandriako Liburutegiaren garaian, kontzeptu horiek instituzio mitiko hartan existitzen ez baziren ere, biharko bilduma ordenatu guztien DNA jadanik bertan zegoen.
Etimologikoki, bibliotekak “liburuak gordetzeko apala” esan nahi du. Baina modernitatean objektu eta oroitzapen bilduma guztien zentzua zabalduz joan da, esanahi horretan dagozkien entzuleriak sartzeko. Joan den mendearen erdialdean dantzalekuak diskoteka bilakatu ziren bezala, zuzeneko musikak lekua musika grabatuari utzi ziolako, mendearen bueltan arte museoa ez da jadanik pinakoteka hutsa eta liburutegiak zentro sozial, hezkuntza zentro eta erakustoki bilakatu dira.
Kodex eta papereko bi milurteko baino gehiagoren ondoren, kultura artxibatzen dugun euskarriak aldatuz doazela ohartu gara, zentzua ematen dion konstanteak bere horretan dirauen bitartean. Gizakia eta haren irakurri beharra. Koldo Mitxelena Kulturunearen eraldatzeak berebiziko aukera ematen digu konstante eta aldaketa horietaz gogoeta egiteko. Baita, arte garaikideari eta gaurko, atzoko eta biharko liburutegiei esker, kulturak gizarte demokratikoan duen eginkizunari buruz hausnartzeko ere, gure liburutegi pertsonalak gure auzo eta hirietakoekin konektatu ditugun irakurleen nazioarteko sare transhistorikoa dela bide, era horretara mila urte baino gehiagoko ideia baten iraupena ziurtatzen dugularik, hain ahaltsua den ideia ezen denboraesaten diogun beste sare horretako edozein punturi egokitzen zaion. Jorge Luis Borgesek esan zuenez, Unibertsoari berberari Liburutegia dei geniezaioke.
KOLDO MITXELENA KULTURUNEA
1994an sortu zenetik, Koldo Mitxelena Kulturunea -euskal hizkuntzalari gailen haren izena daramana- Gipuzkoako kulturaren eragile guztiz garrantzitsua izan dugu. Hango erakusketek, hitzaldi zikloek, fonotekak, eleberri grafikoaren zabalkunde jarduerek eta multimedia alorreko beste proposamen batzuek beti liburutegi handi bat izan dute beren erdigunean. Alabaina, ia hogeita bost urtez zerbitzua eman ondoren, Koldo Mitxelena Kulturuneak ateak itxi behar ditu aldi baterako, premiazko eta ezin geroratuzko erabateko eraberritze prozesua gauzatzearren.
Berriz zabalduko denean, XXI. mendeko gizarte berriaren eskakizunetara egokitua izango da, gure idazketa eta irakurketa ohiturak digitalizatzeak errotik birformulatu baitu gure gizartea. Haren gune sinbolikoan paperezko liburua, kodexa egongo da, horren ahalmena eta ondarea erreibindikatu behar direlako. Eta liburuekin kulturaren historia egongo da, oroitu beharreko eta oraina bihurtu beharreko iragana. Eraikinaren arkitektura, kontsulta eta estudio guneak, familiarentzako barrutiak, irisgarritasun erraztasunak, diseinua eta seinaleztapena direla bide, liburuak beren iraupena ziurtatuko duten baliabideez horniturik izango dira, hala orainari nola etorkizunari dagokionez.
Hirien historiaren antzera, aldian behingo eguneratze eta birformulatzeak dira liburutegiaren ezaugarria. Gaur egun, Alexandriako liburutegia liburuz beteriko eraikin handi baten itxuraz imajinatzen dugu, baina egiatan jauregi baten eranskina zen, hainbat areto zituena: ikasketa gelak, itzulpen tailerrak, museoa eta papiro bilkariak eta bestelako materialak edukitzeko biltegi bat. Denborarekin testuak protagonismoa eta lekua irabazten joan ziren. Gero kodexak etorri ziren. Eta monasterioak. Geroago, inprenta. Eta betaurrekoak. Askoz geroago, egunkariak, aldizkariak eta sakelako liburuak. Eta jadanik XX. mendean, komikiak edo mikrofilma. Aldaketa teknologiko horiek guztiek mutazio kontzeptualak ekarri zituzten eta, hedaduraz, espazio eraldaketak. Munduko ezein liburutegi handi ez da orain sortu zenekoaren berdina. Aldian behingo aldaketa hori osasuntsua ez ezik, beharrezkoa ere bada. Nahitaezkoa.