Billy Bat manga komikia Nafarroaraino heldu da

Azkenaldian sarritan aipatu ditugu mangak eta oraingoan bilduma zehatz bati buruz hitz egitera gatoz, Naoki Urasawa eta Takashi Nagasakiren “Billy Bat”-i buruz hain zuzen ere. 2008. urtean kaleratzen hasi zen eta 20 alez osatzen den bilduma, 2016. urtean amaitu zuten bere egileek. Komikiek mundu mailako eszenatoki desberdinak aurkezten dituzte eta bere 18. zenbakian Euskal Herrian geldialdi bat egiten dute bere protagonistek.
Billy Bat-ek Kevin Yamagata marrazkilari estatu batuarraren istorioa kontatzen digu. 1940. hamarkadan, Billy Bat izeneko saguzar detektibea protagonista duten komikiak argitaratuz arrakasta lortzen du Yamagatak, baina ezustean Japonian bere protagonista aurretik existitzen zela aurkitzen du. Asiako herrialde honetara bidaiatzen du, egoera hori nola eratu den ulertu nahian eta Billy Bat-en sortzaile orijinalari, pertsonaia erabiltzen jarraitzeko baimena eskatzeko. Bere bidaia, ordea, aurreikusi ez zezakeen moduan korapilatuko da, eta Billy Batek, hasieran pentsa zezakeen baino garrantzi handiagoa duela ohartuko da Yamagata: saguzarrak milaka urte dauzka eta munduaren kontrola lortu dezaketen pergamino batzuekin erlazionatuta dago. Ordutik aurrera, leku eta garai desberdinetara eramango gaituen bidaia bat hasiko da, misterio guztiei erantzuna bilatu nahian.
Billy Bat-en 18. zenbakian Siria bisitatu ostean, Nafarroara heltzen dira protagonistak, Xabierko gaztelura, pergaminoetako batetan aipatzen denez, bertan pistaren bat azaltzen baita. San Frantzisko Xabierren bizitzari buruzko aipamen batzuk egiten dituzte komikian, izan ere Xabier Japonian ezaguna da, bera izan baitzen lurraldea ebanjelizatzen saiatu zen lehenengotarikoa.
Billy Bat ez da Urasawak eta Nagasakik batera egin duten bilduma bakarra. Urte asko daramatzate manga komikiak elkarrekin sortzen eta horren adibide dira “Master Keaton” eta “Pluto” bildumak. Urasawak bere kabuz ere beste lan esanguratsu batzuk osatu ditu, abentura eta trama konplikatuez josiak, hala nola, “Monster”, “Happy”, eta “20th Century Boys” manga kolekzioak.
Monster
Master Keaton
Happy
20th century boys
Pluto