Bisita gidatua Komikigunean
Komikigunea ezagutzeko modu anitz daude: katalogoan deskubritu, bertan antolatzen diren hitzaldi edo aurkezpenetan parte hartu, erakusketak ikustera gerturatu edo bisita gidatu bat egin. Bisita gidatuetan Komikigunean gordetzen diren altxorrak zeintzuk diren jakiteaz gain, zer den eta zertarako erabil dezakezuen ere erakutsiko zaizue.
Komikigunean komikiaren inguruko dokumentazioa dago batik bat. Dohaintza ezberdinetatik jasotako funtsek osatzen dute bilduma polibalente hau. Esaterako, Luis Gasca funtsa, Artelekutik jasotako Fanxinoteka, Angulemako liburutegitik jasotako Annie Baron-Carvaisena, Planeta argitaletxeko Pere Oliverena, Iñaki Larrimbe “Larri”rena edo euskal komikigileen originalena besteak beste. Dokumentu hauen artean, marrazki originalak, hamaika hizkuntzetan argitaratutako komikiak, gai askotako komikiak eta komikiari buruzko erreferentziazko liburuak biltzen dira.
Bisitak taldearen interesguneen arabera antolatzen baditugu ere, tankera honetako dokumentuak bisita daitezke Komikigunean: Superman komikia hizkuntza zein formatu anitzetan, 1862 urteko umorezko aldizkari bat, koloretan Frantzian argitaratutako liburu ilustratuak, 2016an Komikigunean aurkeztu eta marrazkidun dedikatoria duten albumak, Joe Kuberten marrazki originala, 80. hamarkadako Euskal Herriko hainbat herritako fanzineak…
Bisita hauek gehienez 20 pertsonako taldeei eskaintzen zaizkie doan. Ordua eta eguna zehazteko jar zaitezte gurekin harremanetan (943249690 edo komikigunea@gipuzkoa.eus)