Bookcrossing Donostian, apirilaren 15ean
Liburu bat irakurri eta gero apalategi batean hautsa hartzen utzi beharrean, askatu egin dezakegu, eta beste bizitza bat izan dezan ahalbidetu.
Liburu bat elkarbanatzeko, lagun bati eman diezaiokegu, edo nahita utzi banku batean, parke batean eta eskailera batzuetan, esaterako, norbaitek hura irakurri, harekin gozatu eta berriro aska dezan. Behin eta berriz pasa daiteke hori, eta liburuak munduan zehar bidaia dezake gelditu gabe
Liburu askatu bat aurkitu baduzu, hura irakurri, zure iritziak eta iruzkinak elkarbanatu, eta berriro aska dezakezu. Gainera, non eta noiz askatuko duzun iragar dezakezu, interesa duenak hura aurkitu eta poz handia har dezan. Liburuak elkarbanatzeko eta pertsonak liburuen bidez harremanetan jartzeko modu hori BOOKCROSSING bidez egin daiteke.
www.BookCrossing.com web-orriaren bidez, askatu nahi duzun liburua edo aurkitu duzuna erregistra dezakezu. Web-orrian, liburu hori identifikatzeko zenbaki bat (BCID) lortuko duzu, bai eta askatutzat jotzen duen pegatina bat ere. Horri esker, liburuaren nondik norakoak ezagutu ahal izango dituzu.
Beste pertsona batek zure liburua aurkitzen duenean, BCIDa sar dezake www.BookCrossing.com web-orrian, eta liburua harrapatu duela jakinarazi. Zure liburuari dagokion egunerokoaren sarrerei esker, non dagoen, nork duen, zer iruditu zaion eta gero nora joango den jakin ahal izango duzu. Zenbait liburu eskualde batean geratzen dira, eta beste batzuek, berriz, a zer-nolako mugimendua izaten duten! Zure liburuak inoiz ere ezagutuko ez duzun pertsona baten bizitza alda dezake, edo, agian, zure inguruko jendearen artean baino ez da ibiliko.
Bookcrossing mugimendua Estatu Batuetan sortu zen 2001eko apirilean. Mugimendu horrek web-orri ofiziala du, ingelesez, eta zenbait mirror (ispilu) edo web-bertsio, beste hizkuntza batzuetan.
Gaur egun, web-orri horren datuen arabera, 923.265 BookCrosser daude. Guztira, 7.923.604 liburu erregistratu dituzte, eta liburu horiek 132 herrialdetan ari dira bidaiatzen.
Liburuaren Eguna dela eta, apirilaren 15ean, ostirala, 31 kultura-erakunde eta liburutegitatik –besteak beste, Koldo Mitxelena–, liburuak askatuko dira hiriko zenbait lekutan, oparitzeko, haiei buruzko iruzkinak egiteko, trukatzeko eta elkarbanatzeko.
Aurkitu zurea Donostian. Eta hura irakurri eta gero, harekin gozatu ondoren, idatzi zure iritzia web-orrian eta askatu berriro, beste bizitza batzuk izan ditzan. Eta jarraitu haren ibilera munduan zehar.
Hemen dago ikusgai gure bilduma