José María Busca Isusi
Gipuzkoako idazle eta kritikari gastronomikoaren funtsa. 6.800 dokumentu baino gehiago ditu, besteak beste, sukaldearekin lotutako monografiak, aldizkari eta liburuetako artikuluak, aldizkako argitalpenak, eskuizkribuak eta askotariko material grafikoa. Baliabide interesgarria sukaldeko adituentzat, oro har, eta euskal sukaldaritzakoentzat, bereziki.
Fitxa teknikoa
- Signatura: B.I.
- Muturreko datak: 1723 - 1997
- Deskribapen fisikoa: monografia, aldizkako argitalpen, argazki, plano eta ikus-entzunezko material ugari.
- Aipamena: Busca Isusi Funtsa. Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegia-Gipuzkoako. Foru Aldundia.
- Sarbide baldintzak: Eskaera aldez aurretik egin behar da, KMK Liburutegiko Erreserba Gelan (kmliburutegia@gipuzkoa.eus) edo online. Baliteke dokumentu batzuk eskuragarri ez egotea, datu pertsonalak dituztelako.
- Erreprodukzio baldintzak: Erreprodukzio eskaerak kmliburutegia@gipuzkoa.eus helbidera zuzendu beharko dira, edo online bidez egin. Eskatzaileak izango du kopiak erabiltzeko ardura, indarrean dagoen legeriaren arabera.
José María Busca Isusi Zumarragan jaio zen 1916ko irailaren 6an, Piemontetik (Italia) etorritako familia batean. Familia hori Gipuzkoara iritsi zen Urolako trenaren eraikuntzan parte hartzeko. Kritiko gastronomikoa 1986ko uztailaren 16an hil zen bere jaioterrian.
Madrilgo Unibertsitatean Natura Zientzietan lizentziatu ondoren, bromatologiara bideratu zuen bere ibilbide profesionala. Zientzia horrek elikagaiekin lotutako alderdi guztiak aztertzen ditu, haien osaera kualitatiboa eta kuantitatiboa ezagutzeko. Espainiako elikagai izoztuen lehen enpresa zuzendu zuen, Nafarroako Marcilla herrian.
Bere bizitzaren zati handi bat sukaldaritzari eta elikadurari buruzko ezagutzak zabaltzen eman zuen. Hortaz gain, Euskadiko gerraosteko kazetaritza gastronomikoaren aitzindarietako bat da. Izan ere, 1942an sukaldaritzari buruzko programa bat zuen Espainiako Irrati Nazionalean. Euskal letra gastronomikoen erreferentea, Busca Isusik gastronomiari, enologiari eta mikologiari buruzko lan ugari argitaratu zituen. 1958an Alimentos y guisos en la cocina vasca argitaratu zuen, aldizkari eta egunkarietako testu ugariz gain, batez ere El Diario Vasco-n, baina baita Munibe, Redención eta El Economista egunkarietan ere, besteak beste. Kazetari Gastronomikoaren Sari Nazionala jaso zuen bere ibilbide profesionala aitortuz.
Busca Isusik kargu garrantzitsuak bete zituen gastronomiari lotutako hainbat erakundetan. Euskal Gastronomi Kofradiaren fundazioko kide izan zen. Kofradia horretako lehendakari izan zen 1962tik 1973ra, eta ohorezko presidente hil zen arte. Hemendik buletin bat eta Euskal Gastronomiari buruzko Hiztegi Entziklopediko bat argitaratzea sustatu zuen. Espainiako Gastronomia Akademiako akademiko numerario ere izan zen, bai eta hainbat kofradia eta gastronomia erakundetako ohorezko zaldun edo «maitre» ere.
Sukaldaritzaz gain, beste proiektu eta ekimen batzuetan ere parte hartu zuen. Akademia Erranten parte hartu zuen, Aranzadi Natura Zientzien Elkarteko presidenteordea izan zen eta Gipuzkoako Albaitarien Elkargoko ohorezko elkargokidea. Halaber, 1962an Munichen egindako Mugimendu Europarraren Nazioarteko IV. Biltzarrean parte hartu zuen.
Hil ondoren, Euskal Gastronomia Kofradiak kazetaritzako bi urtez behingo saria sortu zuen, euskal gastronomia goraipatzeko. Bestalde, Zumarragako Udalak seme kutunaren saria eman zion, eta, hil zenetik, herriko ohiko Buzkantzas Lehiaketa ospatzen da haren oroimenez.
Funtsaren aurkezpena
José María Busca Isusiren funtsa hainbat dokumentuk eta euskarrik osatzen dute. Gastronomiari buruzko monografiak dira nagusi, baina fikziozko lan batzuk ere badaude. Aldizkarien eta liburuen analisiak ere ugariak dira, baita sukaldaritzari lotutako aldizkako argitalpenen bildumak ere. Funts horren parte dira, halaber, beste formatu batzuk, hala nola argazkiak, hainbat kartel eta plano eta bideoren bat, baita partitura bat ere. Nabarmentzekoa da funtseko 100 dokumentu baino gehiago digitalizatu direla eta online eskuragarri daudela.
Beste informazio osagarria
Aurkitu Busca Isusiren bizitzari eta obrari buruzko informazio gehiago.
-
José María Busca Isusi. Auñamendi Eusko Entziklopedia
Idazle eta kritikari gastronomikoaren biografia Estornés Lasa familiak sortutako entziklopedian.
-
José María Busca Isusi. Wikipedia
Gipuzkoako idazle eta kritikari gastronomikoari eskainitako Wikipediako orria.
-
José María Busca Isusi. Historiaren Errege Akademia
Gipuzkoako idazleari eta kritikari gastronomikoari buruzko biografia.
-
José María Busca Isusi, senideen oroitzapenean
Zelai Arizti kultur etxeak antolatutako mahai ingurua, kritiko gastronomikoaren jaiotzaren mendeurrena dela eta.