Carlos Santamaría
Matematikari eta humanista donostiarraren funtsa. Euskal hezkuntza erakundeen historia ulertzeko ezinbesteko figura. Artxibo pertsonala biltzen duen dokumentu multzo bat da, laneko paperez eta Europako teologo garrantzitsuekin trukatutako gutunez osatuta dagoena.
Fitxa teknikoa
- Signatura: C.S.
- Muturreko datak: 1771 - 2005
- Deskribapen fisikoa: 1.400 monografia, 1.989 dokumentu (korrespondentzia ugaria) eta 646 liburuxka kutxetan, aldizkako argitalpenez gain.
- Aipamena: Carlos Santamaria Funtsa. Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegia-Gipuzkoako. Foru Aldundia.
- Sarbide baldintzak: Eskaera aldez aurretik egin behar da, KMK Liburutegiko Erreserba Gelan (kmliburutegia@gipuzkoa.eus) edo online. Baliteke dokumentu batzuk eskuragarri ez egotea, datu pertsonalak dituztelako.
- Erreprodukzio baldintzak: Erreprodukzio eskaerak kmliburutegia@gipuzkoa.eus helbidera zuzendu beharko dira, edo online bidez egin. Eskatzaileak izango du kopiak erabiltzeko ardura, indarrean dagoen legeriaren arabera.
Carlos Santamaría Ansa Donostian jaio zen, 1909ko abenduaren 25ean. Hiri horretan bertan hil zen 1997ko abenduaren 30ean.
Donostiako matematikari eta humanista, hamar anai-arreben gazteena eta maistra baten semea zen, eta etxean ikasi zuen 13 urte bete arte. Donostiako Marianisten Eskolatik igaro eta batxilergoa amaitu ondoren, Zientzietan lizentziatu zen (Zehatzak arloan) Madrilgo Unibertsitatean (1930) Bertan, Julio Rey Pastor ezagutu zuen, eta hark zentro zientifiko baten eraketa sustatzera animatu zuen. Horrela, Santamaríak Centro de Estudios Científicos de San Sebastián (CEC) sortzea bultzatu zuen. Zentro hori 1932an sortu zen, Eusko Ikaskuntzaren babespean. Ondoren, bere jaioterrian goi mailako irakaskuntzako beste zentro batzuk sortzen ere parte hartu zuen: Centro de Estudios Superiores (1939), Escuela Superior de Técnicos de Empresa (1956) Deustuko Unibertsitateko Gipuzkoako campuseko hazia, Andereñoen Eskola (1964) edo San Tomas Lizeoa (1961), bigarren hezkuntzako lehen ikastola. Euskal kulturarekiko inplikazio horren ondorioz, 1978an Eusko Kontseilu Nagusiko Hezkuntzako sailburu izendatu zuten.
Hezkuntza sustatzeko eta euskal hizkuntza eta kultura defendatzeko egiten duen lanaz gain, haren espiritu bakezalea ere nabarmentzen da. Europa osoko intelektual katolikoak bildu zituzten Nazioarteko Elkarrizketa Katolikoen sustatzaile eta zuzendaria izan zen. Bestalde, bere filosofia pertsonalista teoriatik haratago eraman zuen eta jarrera bakezale horretan bertan aplikatu zuen. Horrela, 1950ean Pax Christi Nazioarteko Mugimendu Bakezalearen –Parisen du egoitza– idazkari nagusi izendatu zuten. Hainbat liburu idatzi zituen bere pentsamendu lerroan, bai eta artikulu eta entsegu ugari ere El Diario Vasco, Ya, La Croix, La Voz de España eta El Ciervo aldizkarian, besteak beste.
Bere ibilbide luzean zehar, sari eta ohore ugari jaso zituen, besteak beste, Frantziako Gobernuaren Ohorezko Legioa, Euskal Herriko Unibertsitateak Honoris doktorearen izendapena, Euskal Ikasketen Elkarteko Manuel Lekuona Saria, Donostiako Zilarrezko Domina eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina.
Funtsaren aurkezpena
Carlos Santamaríaren funtsak gai askotako dokumentuen 1.700 erregistro baino gehiago ditu, baina honako hauek nabarmentzen dira: hezkuntza, kultura, politika, filosofia, euskara, erlijioa eta eliza, bakezaletasuna, elkarteak eta erakundeak eta gai pertsonalak. Gaztelania eta frantsesa dira, oro har, hizkuntza nagusiak.
Hainbat dokumentu mota biltzen ditu funtsak: askotariko gaiei buruzko liburuak, liburuxkak (separatak eta analitikak), aldizkariak (109 izenburu, frantsesa lehenesten dutenak), askotariko dokumentazioa, korrespondentzia, kazetaritza artikuluak (85 karpeta, askotariko gaiei buruzko artikuluekin eta hainbat autorerekin, 1922 eta 1995 bitartean jasoak) eta Santamaría beraren hainbat hitzaldi jasotzen dituzten 4 soinu grabazio.
Beste informazio osagarria
Ezagutu Carlos Santamariaren bizitzari eta lanari buruzko informazio gehiago.
-
Carlos Santamaría. Auñamendi Eusko Entziklopedia
Matematikari eta humanista donostiarraren biografia Estornés Lasa familiak sortutako entziklopedian.
-
Carlos Santamaría. Bidegileak bilduma
Donostiako matematikari eta humanistari buruzko argitalpena.
-
Carlos Santamaría. Real Academia de la Historia
Matematikari eta humanista donostiarraren azalpen biografikoa.
-
Carlos Santamaría. UPV-EHU
Matematikari eta humanista donostiarrari eskainitako espazioa.
-
Carlos Santamaría eta Gipuzkoako unibertsitatea
Euskonews aldizkariaren artikulua, Donostiako humanistari buruzkoa.
-
Carlos Santamaria. Wikipedia
Matematikari eta humanistaren biografia, euskaraz.