Charles Sandison
2006/4/27 - 2006/6/17
Komisarioa: Ana Salaverría
Artistak: Charles Sandison
Testuak: Ana Martínez Collado
Muntaia:
Prentsa oharra:
“Nondik nora ote doa hitza ahotik ateratzen denetik hartzailearengana iristen den arte? Hori irudikatzen saiatzen naiz batzutan. Liburutegian nagoenean ere, liburuak xuxurlaka dabiltzala iruditzen zait batzutan. Hegazti saldoa ikusten dut orduan, iparrik gabe mugitzen direla diruditela, baina bidaiatzeari utzi gabe”. Charles Sandison
Charles Sandinson eskoziarra da jatorriz eta duela 11 urte Tampere-n (Finlandia) bizi da eta egiten du lan. Glasgow-eko Arte Eskolan ikasi zuen eta 1993an graduatu zen.
Veneziako Biurtekoan 2001ean Living Rooms aurkeztu zuenetik, Charles Sandinson ezaguna egin da nazioartean eta taldeko nahiz banakako erakusketa ugari egin ditu Europako eta Ameriketako arte zentroetan (Paris, Suitza, Alemania, Finlandia, Frantzia, Erresuma Batua, New York, Cleveland...).
Orain aurkeztera goazen The reading room / Irakurgela / Sala de lectura erakusketa, erakustokia kontuan hartuta presatu du artistak, hori egin zezan gonbitea jaso ondoren. Erakustaretoa liburutegiaren azpiko solairuan dago eta horrek eragin handia izan du proiektua moldatzeko orduan. Hala, proiektuko obra nagusiak (The reading room) aretoaren erdigunea eta patioak zeharkatzen ditu; azken batean, obra nagusi horren izena aukeratu du erakusketaren izenburu.
Artistak ere ikuspegi hori jorratzen du: “Obra liburutegi baten azpian egotea ez da kointzidentzia bat. Esan liteke erakusketa lekuaren gaineko apaletan dauden liburuen orrialdeetako hitzek ihes egin dutela eta beren kabuz unibertso bat osatu dutela azpian dagoen kobazuloan, mendien azpian bizi ziren izakiei buruz hitz egiten zuten antzinako historiak eta legendetako baten modura dago antolatuta. Historiak besterik ez dira, baina horien sustraiak giza portaeraren oinarrizko bulkadetan jaiotzen dira”.
Charles Sandisonek erakusketa lekuaren arabera prestatzen ditu bere instalazioak. Berak sortzen dituen ordenagailuko programak abiapuntutzat harturik, eta egitura osagaitzat hitza (kasu bakoitzerako berak aukeratzen duen hizkuntzan), zeinuak eta zenbakiak erabiliz, bideo proiekzioen instalazioak egiten ditu, non irudiak espazio arkitektonikoaz jabetzen diren (paretak, lurra, ateak, leihoak...), gurutzatzen diren, elkar erakartzen duten, elkar uxatzen duten, irudiak sortzen dituzten, hondatzen diren, bakoitzak portaera jakin bateko mugimendu iraunkorra duela. Erakusketa honetan hitzak dira osagai nagusia. Hitz lauak dira, erraz eta azkar ulertzekoak, ikuslea harrapatu eta obraren egile bihurtzen duen indar emozional handikoak.
“Espazioaren arkitekturak eragin handia du artelanean; hitzak, ateen eta zutabeen inguruan mugitu ahala, beren burua moldatzen dute pareten egitura-ezaugarrietara. Hitzek beren burua zein ingurunetan aurkitzen duten, halakoa izango da haien bizitza”. Charles Sandison.
Erakusketa honetan 6 instalazio aurkeztuko dira.
1. Irakurgela, 2006
Giza bizitzaren metafora da, batetik, eta giza bizitzaren errealitatea, bestetik. Giza portaeraren metaforak, ordenagailuan denbora errealean burutzen den algoritmo genetikoaren itxura hartzen du. Artelana bere baitan errealitate bizia dela baieztatzen denean, hitzak obraren subjektua eta aldi berean edukia direla ematen d aditzera.
2. Ongia eta gaizkia
Bi hitz jakinetan, eta bi hitz horien arteko harremanetan, oinarritzen da instalazioa. Bi hitzok ezaugarrik berak dituzte, eta baita helburu bera ere, hau da, bestea desagerraraztea. Borroka gordintasun handienera iristen denean, 40.000 bat hitz agertuko dira, taldeka eta lerrokatuta mugitzen direla. Ikusleak obraren erdian ikusiko du bere burua, aretoa itsasontzi bilakatuko da eta norbera jiraka hasiko da bere gorputz ardatzaren inguruan.
3. Irudiak eta letrak, 2005
Artistak berak eginiko ehunka pertsonen argazkitan oinarritutako algoritmoek sortzen dituzte irudiak. Pertsona desberdinen ausazko collagetik irudi berriak sortzen dira, eta irudi berri horiek hitzez betetzen dira ondoren. Piezarako aukeratutako hitzak, artistak eskuratu dituen eskutitz pertsonaletatik daude hartuak. Eskutitz horiek ordenagailuek irakurtzen dituzte denbora errealean. Irakurria izan orduko, hitza eskutitzaren testuingurutik ateratzen da, eta bere burua biderkatzen eta irudi berri bat sortzen hasten da.
Ikusleak ere lehen mailako eginkizuna izango du elkarrizketa horretan.
4. Lehen hatsa, 2005
Programa giza ADNren sekuentziaz baliatzen da aurpegi “konposatuak” osatzeko. Aurpegiek jaio berrien itxura dute, baina, ordenagailuak ADNren sekuentzia aztertzen duen neurrian, beste irudi batzuk bihurtzen dira maiz askotan. Irudi digitalak sortzeko kate digitalaren oinarria 1 eta 0 diren bezala, ADNren sekuentzian A, C, T eta G erabiltzen dira aurpegien pixela sortzeko.Aurpegiak ezin du bere egitura luzaroan mantendu eta erdiguneko puntu batetik abiatuta kolapsatzen hasten da. Ondoren berriro hasten da birsortzen.
5. Argia, 2006
Paisaia baten barreneko ibilbidea, Finlandiako negu garaian baso batean eta laku izoztu batean filmatua. Irudia zuri-beltzeko agertoki bat da, oso-osorik testuz osatu eta beti mugimenduan.
Ordenagailuak denbora errealean irakurtzen ditu bere oroimenean gordetako koadernoetako testuak. Koadernoak, artista berak idatziak, egutegi gisako bat dira arte munduko bizitzari buruz. Irudiak eta testuak bat egiten duten neurrian, beren egitura mantentzen jarraitzeko oztopo-erronkak planteatzen zaizkie, irudiak testua agerian jar dezan, eta irudia, berriz, testuak. Agertzen diren formen eszenak, formak osatzen dituzten hitzetan islatzen dira.
6. Aipamena, 2005
Ikusleak aretoan sartzen dira, hutsik eta ia ilunpean dagoela. Noizean behin, argi leun bat pizten da aretoaren bazter batean, erreferentzi puntu ba emateko edo. Argia pizten den une berean, emakumezko ahots batek libururen bateko lerroren bat irakurtzen du, ia 10.000 aleko bilduma batetik ausaz aukeratua. Liburu lagina zabala da, badaude Shakespeare-renak eta baita Bronte-renak ere. Gaia ere edonolakoa izan daiteke: munduko historia, zientziak, medizina... Testu lerroaren ahoz gorako irakurketa amaitzen denean, argia itzali egiten da eta aretoa ilunpean jartzen da berriro.
7. Eta lurrak ez zuen formarik, 2006
Banan-banan kopiatu diren Itun Zaharreko (Jaime Erregearen bertsiokoa) 26.205 punturen mugimenduak sorturiko soinu zuriko itsasotik jalgitzen dira irudiak. Puntuez gain ez dago beste testu informaziorik. Puntua da mendebaldeko hizkuntzen zeinurik arruntena, eta puntuazio-zeinu xume horiek mikroskopioz aztertutako partikulak edo organismoak dirudite. Ausaz mugitzeko daude programatuta, baina baita elkarri eragiteko ere, inoiz elkar erakarriz inoiz elkar uxatuz. Puntuak multzo aski handitan elkartzen direnean, egitura arruntak sortzen hasten dira. Ikuspenaren iraunkortasuna izenez ezagutzen den giza begiaren berezko ezaugarriari esker, gerta liteke ikusleak ezaguna egien zaion formaren bat antzematea aldi batean. Ikuslearen buruak proiektatu ote ditu forma horiek?, edo puntuen ausazko mugimendu etengabearen ondorioz sortu ote dira? Ikusleak argitu behar du auzi hori.
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04