Claudia Cardinale (1938- )
Claudia Cardinale, Italiar aktore eder hori, Tunisian jaio zen eta edertasun-lehiaketa bat irabazi ondoren sartu zen zinema munduan.
Omar Sharifen ondoan egin zuen estreinaldia Goha filmarekin 1958. urtean. Geroxeago, Vittorio Gassmanen ondoan izan zuen bere hurrengo erronka, Rufufú filma, eta ordutik aurrera abiatu zen zinema karreran, batik bat, sentsualtasun handiko emakume paperetan.
Garai horretakoak dira Rocco e i suoi fratelli eta Il Gattopardo - Luchino Visconti maisuarenak-, C'era una volta il West -Sergio Leoneren filma eta Henry Fondaren ondoan-, Circus World, The Pink Panther, The Professionals -Richard Brooksen western bikaina Burt Lancaster eta Lee Marvinekin batera- eta Don't Make Waves.
Italian ere filmatu zuen eta aipatu behar dira, besteak beste, honako film hauek: Vaghe Stelle dell'Orsa, La storia, La ragazza con la valigia eta Libera, amore mio...
Beste film hauek ere aipagarriak dira:Les pétroleuses, Fitzcarraldo, Un homme amoureux, Jesus of Nazareth, And Now... Ladies and Gentlemen, eta duela gutxi, Fernando Truebaren El artista y la modelo izenekoa. Claudia Cardinalek lortu du bere izena Italiako beste aktore handien kategoria eta mailan ipintzea, honako hauena hain zuzen: Ana Magnani, Sofia Loren, Gina Lollobrigida edo Virna Lisi.
Uztailaren 27tik 30era bitartean berrikusiko dugu Claudia Cardinaleren lana.