Eraiki, bete, hustu
2007/11/29 - 2008/2/9
Komisarioa: Ramón Esparza
Artistak: Edward Burtynsky, Joel Meyerowitz, Adrian Tyler
Testuak: Ramón Esparza
Muntaia:
Prentsa oharra:
Eraiki, Bete, Hustu. Espazio praktikak erakusketak Adrian Tyler, Edward Burtynsky eta Joel Meyerowitz argazkilarien lanak elkartuko ditu espazioaren ideiaren inguruan, espazioak arkitekturarekin duen harremana eta argazkien bitarteko ordezkaritza aztertuz. Guztira 41 obra aurkeztuko dira.
Erakusketa espazioaren bizi-ziklo baten ideiaren inguruan antolatu da: nola sortzen den, zer baldintza izan behar dituen gizakiak sumatu ahal izateko, gizakiak nola erabiltzen duen eta, azkenik, nola suntsitzen den, bolumena askatuz eta bolumen horrek utzitako tokian beste antolaketa forma bat jarriz.
Arabako Errioxan, Eltziegoko Marques de Riscal bodegetarako Frank Gehry arkitektoak diseinatutako hotelaren eraikitze prozesuan Adrian Tyler-ek egindako argazkien bitartez osatu da espazioaren sorrera erakusten duen Eraiki izeneko atala. Tyler-ek bere obran behin eta berriz erabili duen ikuspuntutik hartutako hainbat irudiren inguruan antolatu zuen prozesua eta, horrela, argi ikusten da nola hutsik zegoen espazio irekia forma arkitektonikoek mugatu eta zehaztutako espazio bihurtzen den. Lana diptikoetan aurkeztu izanak prozesua kontzeptualizatzeko aukera ematen du eta, halaber, printzipio paradoxiko bat antzemateko, hau da, mugen bitartez hauteman daitekeela bakarrik espazioa.
Bete terminoaren barruan hiriko espazioari lotutako praktikak elkartu nahi izan dira. Espazioaren tipologiak erabiltzeko ditugun erak (horretarako planifikatuta egon ala ez): aisia, joan-etorria, topaketa, lana, hirian egiten ditugun ibilaldiak, osatzen dituzte hiria ulertzeko eta, azkenik, hiria kontatzeko moduak. Baina azken urteetan sortutako fenomeno berri baten aurrean gaude, hiritarrarentzat diseinatutako hiri europarren eredu zaharrekin zerikusirik ez duena eta etorkizuneko hiri-aglomerazioen ereduei erantzuten diena. Megalopoli txinatarrak dira hiri-antolaketaren edo antolaketa ezaren eredu berria, non pertsonaren dimentsioa eraikinen handitasunean urtuta gelditzen den. Horrela ulertu zuen Edward Burtynsky argazkilari kanadarrak eta Txinari buruzko bere zikloa amaitzeko (Hiru Eztarrien Urtegiaren argazkiekin hasi zen) Shangai bezalako hirien aldaketa bizkorraren argazkiak atera zituen, izan ere, Shangaiko hiri-sare zaharra literalki ezabatua izan da etxe orratz ikaragarriak eraikitzeko.
Txinak egunero bizi duen prozesu horrek erakusketaren hirugarren fasea iragartzen du. Hirian espazio berri bat sortu ahal izateko (konfigurazio arkitektoniko berria), aurrekoa desagertu egin behar da zulo bat utziz, normalean aldi baterako, baina, batzuetan, betirako izaten dena. Baina horrelako prozesu batek ez du sekula izan New Yorkeko dorre bikien kontrako erasoak izan zituen dramatismoa, maila, giza ondorioak eta ondorio historikoak. Ameriketako bizitza eta ekonomiaren eredu gisa eraikitako bi eraikin horiek erori zirenean, aro bat bukatu zen mendebaldeko mentalitatean eta beldurrak markatutako beste bat hasi zen. "Lehen munduko herrialdeak" konturatu ziren beren botere ekonomikoa eta ongizatearen eredua oso ahulak zirela azken finean, galtzeko bizia bakarrik zutenen aurrean. Shock emozional horren ondoren, New Yorkeko hiriak milaka tona hondakin kentzeko lan itzelari ekin zion eta hondakin horien artean harrapatuta zeuden gorpuak ateratzeari. Gorpu batzuk ez ziren inoiz agertu. Joel Meyerowitz argazkilariak bederatzi hilabete luze eman zituen ahalegin eta emozioz betetako lanean prozesu horren memoria erregistratzeko. Ahalegin horiek Aftermath liburuan bildu zituen eta liburu horren zati txiki bat aukeratu da desokupazioaren eta zuloaren, ez hutsunearen, azken prozesua erakusteko.
Egileak
Adrian Tyler (Londres, 1963). Bere obra garatzerakoan kontuan izan du paisaia naturalak eta gizakiak egindako eraikinek duten harremana. Road, Room, House o Building bezalako izenburuen azpian kontzeptua nabarmentzen duten argazki-sorten bitartez (erakusketako argazkien jatorria da obra hori) errekonozimendu azkarra lortu du artearen munduan, eta sariak ere eskuratu ditu, Purificación García firmak emandakoa, besteak beste. Gaur egun zentral nuklearrei buruzko argazki-sorta berri bat prestatzen ari da.
Edward Burtynsky (St. Catharines, Kanada, 1955) Ukrainako etorkinen semea da. Sorterrian argazkilaritza ikasketak egin ondoren, berak hondakin-paisaiak deitzen dion lanean murgildu zen, industrializazioaren "batailaren ondoren" gelditzen diren paisaiak baitira. Azken urteetan Txinan oinarritu du bere jarduera, argazkiak atereaz Hiru Eztarrien Urtegiari eta gune horretako hiri osoen desplazamenduari, lehendabizi, eta herrialdeko hego-ekialdeko megalopoli handiei, gero. Bere azken libururako, Quarries, Espainia eta Portugaleko marmol harrobien argazkiak atera ditu.
Joel Meyerowitz (Nueva York, 1938) argazkilari lanetan hasi zen 1962an. Kaleko argazkilaritzat jotzen du bere burua, Cartier Bresson edo Robert Frank argazkilarien ildoan, nahiz eta koloretako argazkiak atera beti eta sarritan formatu handiko kamerekin. Argiaren tratamendua eta kolorearen erabilera elementu definitzaileak dira bere obran, eta elementu horiek klasiko bihurtu den Cape Light liburuan jaso ditu (25.000 ale baino gehiago saldu dira). World Trade Center-i buruzko argazkiak Veneziako Arkitekturako VIII. Biurtekekoan aurkeztu ziren.
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04