K bulegoaren hirugarren saio irekiaren kronika
Kultur proiektuen sorkuntza: Nola zaindu sorkuntzak eta sorkuntza prozesuak?
2021eko apirilaren 27an, K bulegoak hirugarren saio irekia antolatu genuen, kultur proiektuen sorkuntza hizpide: Nola zaindu sorkuntzak eta sorkuntza prozesuak?
Bi saio egin genituen, bata euskaraz eta bestea gazteleraz. Hemen dituzue bertan partekatu ziren ideiak eta hausnarketak, baita saioari amaiera emateko parte-hartzaileen artean sortutako manifestua ere.
K bulegotik partekatu genituen zuek helarazitako kultur sorkuntzarako eskaerak eta zailtasunak. Besteak beste, sorkuntza prozesuak nola ez oztopatu, sorkuntza kolektiboetan nola zaindu harremanak, espazioek sorkuntzan duten eragina eta nola identifikatu zein baliabide diren beharrezkoak.
Sorkuntzarako baldintza egokiak dituzten espazioen beharra azpimarratu zen ondoren. Ikerketan eta esperimentazioan murgiltzeko baldintzak ere oso garrantzitsutzat jo ziren; haien artean denbora tarte zabalak, eta prozesuen aniztasuna eta konplexutasuna ulertu eta balorazio egokiak egitearen beharra; oro har, sorkuntzaren balioaren legitimizazioaren beharra aldarrikatu zen.
Sorkuntza taldean garatzen denean, zein garrantzitsua den komunikazioa zaintzea eta taldea bera elkar ezagutzea, hau da, taldearen eta banakakoaren beharrak entzun eta kontuan izatea, elkar sorkuntzako esperientziak landu eta oztopoak gainditu ahal izateko. Pertsonen arteko harremanek eta komunikazioak sorkuntza prozesuetan duten pisuaz ere aritu ginen. Desioak adieraztean zeinen ohikoa den sarritan ezaugarri garrantzitsu edo eraldatzaileenak direnak ez aipatzea. Besteak ulertuko duen usteak sor ditzakeen gaizkiulertuak, norabide aldaketak, etab. Harremanei lotutako tentsio ikusezinak kudeatzeak garrantzi handia du; sorkuntzari ekin aurretik, ezinbestean, landu beharrekoa.
Sorkuntza lanak komunikatzea zein garrantzitsua den ere aipatu zen. Zenbat denbora eskaintzen diogu sortu dugun hori komunikatzeari? Agian sortzeko erabili dugun denbora baina askoz gehiago?
Zein garrantzitsuak diren mugak. Sorkuntzaren babesari buruz ere hainbat gai aipatu ziren, zalantzan jarriaz noraino babestu behar diren legez sorkuntzak.
30 urte inguruko eskarmentua duen eragile batek berriz partekatu zuen sorkuntza prozesuak bi urtean behin irekitzeko aukerak jarri dituela muga moduan, sortutakoa mimoz eta denboraz garatu eta zabaldu ahal izateko.
Testuinguruari dagokionez, gizartean eta kultur sorkuntzan lan egiteko moduetan aldaketa asko sumatzen direla adierazi dute sorkuntza alorrean urte mordoa daramaten parte-hartzaileek. Esperientzien etengabeko kontsumoetan egoteak zaildu egiten du sorkuntzan aritzeko denbora-espazioa. Bestalde kultur sektorea garatzean ematen den harreman zirkuitoa: hiritarrak - kulturzaleak - kultur eragileak / administrazioa - erakundeak / artistak eta kultur eragileak. Harreman hori sarritan oso zaila izaten dira, izan ere, komunikazioa batzuen artean oso eskasa da, zubiak sortu beharrean daude.
Baldintza ekonomikoek nola eragiten duten sorkuntza lanean. Nola hausnartzen dugun hasieratik sortzen ari garenak merkatuan izango duen lekuaz, eta baita nola bideratzen ditugun egitasmoak ere bai.
Proiektuen edo sorkuntzen iraunkortasunera begira, taldea mantentzeko zailtasunek ere eragiten dute sorkuntzetan. Egun jende gaztea hainbat ekimenetan esperimentatzen ari da, edo askotariko ikaskuntza esperientziak bilatzen, bestela esanda, proiektu batetik bestera dabil bakar batean murgildu gabe, edo murgildu ezinean. Baliteke egiturek nahikoa baldintza egoki ez izatea talde egonkorrak babesteko bederen. Taldearen zaintza lanek ere zailtasun handiak izaten dituzte, lan karga handia eta denbora tarte txikiagatik, baliabide falta direlako, finean.
Kudeaketa lanak ere zaildu egiten dira, izan ere, saiatzen gara ohikoak diren edo egokitzat ditugun moduak lantzen, eta agian egokiagoa da sortutakoari neurrira egindako garapen propio bat erabiltzea. Bestalde, bada maiztasun handiarekin, denbora tarte zabalagoetan, sortzeko beharra duen eragilerik ere. Bada ere presio bat etengabe sortzen aritzeko, gehienetan baldintza ez egokietan.
Ustez azkarragoa eta produktiboagoa dena ez da guztiontzat egokia. Batzuek denbora tarte handiagoak behar izaten dituzte logika horietara egokitzeko, beraien moduak esploratzera baino. Prekarietateak hori guztia zaildu egiten du. Fiskalitateak sorkuntzan eragiten dituen presioak eta tentsioak handiak direla ere esan da. Lan handia daukagu egiteko eremu horretan.
Balio-kateari dagokionez, sorkuntzarako eta difusiorako laguntza gutxiago daudenez, denok ekoizpenean murgiltzen gara, ondoren partekatu ezin diren erdizka sortutako ekoizpenetan, alegia. Sorkuntza prozesua bera batzuetan oso inkontzientea da, kaotikoa, librea eta barrutik sortutakoa. Errazagoa da besteen sorkuntza prozesuak lantzea norberarenak baino, besteentzat sortzea guretzat baino.
Sorkuntzen eta sorkuntza prozesuaren bezatzeaz, domestikazioaz, ere aritu ginen. Zer desberdina den artea zaletasuna izatea edo ogibidea. Merkatura egokitzen garenean onartu egin behar izaten ditugu haren lege, parametro eta baldintzak.
Sorkuntza lanetan barneratu eta sorkuntzak aberasteko gakoak partekatu ziren: etengabeko formazioaren garrantzia, kultur eragile garen aldetik egungo erronken aurrean dugun ardura, erantzun bereziak ematera eramaten baikaituzte. Konpetentziaz harantzago joan behar dugu, elkarrekin sor dezakegun eremu sortzailea eta harreman sareak lagungarriak izan daitezkeelako sektoreak bizi duen egoeraren aurrean. Sorkuntza balioan jartzea ere oso garrantzitsua da, bakoitzak bere lanaren defentsan egin beharrekoa egiteko lehenik norbanakoak ere sinetsi eta onartu egin behar du bere lanaren balioa zein den.
Azkenik, zaintza izan daiteke gakoetako bat. Sorkuntzak eta sorkuntza prozesuak soilik kudeatu ordez, horiek arretaz eta mimoz zaintzea ere, alegia.
-
2023 urteko lehen erdiko saio irekiak eta formazioak: kronikak eta baliabideak
K bulegoak Gipuzkoako kultur sektorearen garapenerako ikaskuntza esperientziak bultzatzen ditu. Hilabetez hilabete, saio irekiak eta formazio saioak tartekatzen dira, sorkuntza, komunikazioa eta kudeaketa alorretan ezagutzak partekatu eta lurraldeko eragileen arteko elkar ezagutza sustatzeko xedez
2023-08-21
-
"Zein da gure ekimen artistiko eta kulturalen balio pedagogikoa?" saio irekiaren kronika
K bulegoak ekimen artistiko eta kulturalen balio pedagogikoaz hausnartu zuen, oporren aurreko azken saio irekian. Santa Teresa komentura hurbildu ziren Gipuzkoako kulturgileen gogoetak kronikan bildu ditugu, eztabaidari jarraitzeko asmoz
2023-07-19
-
"Kultur ekimen profesionalak sendotzeko gakoak" izeneko formakuntzaren baliabidea
K bulegoak elkarrizketa formatuan antolatu zuen formazioa saioa, kultura ekimenen sendotzeari buruzko hausnarketa irekia eragiteko asmoz. Bi aditu eta aritu jardun ziren hainbat gako Gipuzkoako kulturgileekin lantzen. Bertan jorratutakoa baliabide batean bildu dugu
2023-07-12
-
Artistaren Estatutuaren gaineko baliabideak
K bulegoak bi baliabide sortu ditu Artistaren Estatutua hobeto ulertzeko xedez. Batak esparru orokorra azaltzen du eta besteak haren eragina Arte Eszenikoen esparruan
2023-06-27