‘Dating advices for young ladies’, zapore gipuzkoardun komikia
1984an jaiotako hiru artisten obraren birpasa egingo dugu

‘Dating advices for young ladies’, zapore gipuzkoardun komikia
Hirurak dira komikigileak, baina ez bakarrik komikigile. Hirurak gipuzkoarrak, dirudienez kostaldekoak, nahiz eta lan kontuak direla eta hemendik kanpo ere bizi izan diren. Eta hirurak dira 1984an jaiotakoak. Euren lan bana jasotzen dituen komikia auto-argitaratu berri dute. Neskentzako hitzorduetarako aholkuak izan zitekeen, baina ez, ingelesez, eta duen kutsua ongi azpimarratuta eman nahi izan diote komikiari izenburua Dating advices for young ladies. Maite Caballero, Paula Estévez eta Ainize Sarasola dira egileak, bakoitzak bere istorioa sortu du, idatziz zein marraztuz, eta hirurak batera argitaratu dute honako lan hau.
Komiki lan honetan izenburu handiaren azpian esan bezala hiru istorio datoz. Lehena Maite Caballerok sortua da eta euskaraz Hitz egin beharra daukagu izenburua du. Bertan neska baten pentsamenduak, fantasiak, historiak ezagutuko ditugu, bikote harremanetan sortzen diren egoerak adierazle gisa agertuz joango dira eta protagonistaren nortasunean nola eragiten duten erakutsiko digu komikiak.
Bigarren istorioa euskaraz Laranja-azala izenburua duena da eta Paula Estévezek sortu du. Clara da bertan protagonista eta telefono bidezko harreman batean hasten da mutil batekin eta bere pentsamenduetan murgilaraziko gaitu, beti bere sentimenduak azaleratuz.
Eta azkenik, Ainize Sarasolaren Connie Lovesmoneyren gaueko beldurrak komikia irakurriko dugu. Bertan emakume batek pertsona bat musukatu ostean sortzen den barne gatazka da oinarri, eta unean uneko sentimenduak fantasiaraino nola eraman gaitzaketen adierazten du Ainizek.
Paula eta Maite aurrez Tupust kolektiboko liburukietan ere ezagutu ditugu komikigile gisa eta baita Komikiguneak antolatuko Izkutukoak erakusketa zikloan ere. Gainera, beraiek talde lanean antolatzen dute Guillotina autoedizio azoka. Ainize Sarasola berriz, iaz izan genuen KMKn Ultraindarkeriak izeneko erakusketan. Orain arte komikigile sena izateaz gain zinemagile gisa ere lan egindakoa da, berea da Killing Time filma…
Egileen izena Instagramen:
- @emecaballero
- @paulaestevezd
- @ainizesarasola