David Zapirain: Izarren gaztelua
Le chateau des étoiles. 1. La conquête de l’espace. Paris: Ed. Rue de Sévres, 2014.
El castillo de las estrellas. 1. La conquista del espacio. Barcelona: Norma, 2015.
Azken bolada honetan Hauteville House, Chrononauts edo Barnesen azkena irakurtzeko zortea izan baduzu, liburu hau (bai, liburua) esku artean hartu izana kasualitate hutsa den ala ez betiko zalantza izango duzu.
Liburua (bai, liburua) heldu bezain pronto, zuretzat eduki nahi duzun horietako ale bat dela konturatzen zara. Azala ukitzea aski da horretarako. Horrek ere argitaletxeak komiki hau nolanahikoa ez dela dakiela adierazten du, noski.
Marrazkia zein “scénario” delakoa, benetako arte lanak dira. Baina ez dira itogarriak. Gozatzekoak dira. Alicek biguntzen du hainbat pertsonaia, animetik ateratako karakterizazioei esker.
Gainera, historiaren erritmoak, atrezzoak, korapiloak, haur baten interesarekin irakurtzen laguntzen dute. Interesarekin, presiorik gabe, libertimendu hutsagatik, alegia.
Alemania Alemania izan baino lehenagoko garaian kokatzen da kontakizuna. Horregatik, Bavariako hainbat txoko zoragarriek / zorogarriek berehala pizten dituzte gertuko oroitzapenak.
Alemania Alemania izan baino lehen. Une historiko jakina da. Pertsonaia historiko bereziak, Europako kultura popularrean toki bat dutenak. Baina ez da kontakizun historikoa. Steampunka hutsa da. Ezagutzen ez dugun errealitatea. Edo agian, gurea da erratua dagoen errealitatea, ezta? Denok dakigu eta gizakia ez zela ilargira iritsi 1969. urtean, ezta? Hura trikimailu bat baino ez zen izan.
Izan ere,… ehun urte lehenago gertatu zen hori.
Ezinezkoa zenik ez baitzekiten.
David Zapirain