Komikitik sortzailera : Jeff Lemire
Jeff Lemire gidoilari kanadiarra 1976an jaio zen Ontarion. DC eta Marvel editorial handientzat lan egin du, eta aldi berean, bere serieak argitaratzen joan da arrakasta handia lortuz.
Zinema ikasketak egiten hasi zen arren, hauek utzi eta komikiak idazteari ekin zion. ‘Top Dogs’ izeneko bere lehen lan autoeditatuari esker Top Shelf Productions editorialean kontratatu zuten eta ‘Essex County’ trilogia bertan sortu zuen. Komiki hau hamarkadako funtsezko eleberri kanadiarren artean izendatua izan zen. Honek DC-ko ateak zabaldu zizkion eta bertan serie desberdinetako gidoiak egin zituen, ‘Sweet Tooth’, ‘Animal Man’, ‘Trillium’ edo ‘Green Arrow’, besteak beste. Marveletik pasa ondoren, ‘Black Hammer’ bere serie ezagunena idazten hasi zen. Bertan superheroien unibertso propioa sortzen du. Hasiera batean marrazkiak ere berak egiteko intentzioa zuen, baina lan karga handia zela eta, Dean Ormston artistarekin elkartu zen, superheroien ohiko irudietatik aldendu nahirik. Serieak Eisner saria irabazi zuen 2017. urtean.
Gaia aldatuz, ‘Gideon Falls’ beldurrezko seriearekin hasi zen 2018. urtean Andrea Sorrentinorekin batera, eta honekin bere bigarren Eisner saria irabazi zuen 2019an. Gurean Astiberrik argitaratzen ditu bere lan gehienak, azkenekoa liburutegian jaso berri dugun ‘Cosmic detective’ komikia izan da, David Rubínek marraztutakoa.
Azken urteetako gidoilari nagusienetako bat dugu Lemire, eta bere arrakasta neurri handi batean bere gertuko pertsonaia hunkigarriei esker eta genero anitzen uztarketari esker eskuratu du.