denboraren ... arrastoan ...al ....ritmo...del ...tiempo... (esther ferrer)

Esther Ferrerek argazkigintzan egindako lanak denboraren iragaiteari heltzen dio, hein handi batean. Denbora iragaite hori nabarmentzearren, lanerako baliatzen duen bitartekoa bere gorputza da. Berriro ere artistaren gorputza da artearen gorputzean, erritual araztaile batean bezala, eskaintzen dena. Nire haragitik jango duzu eta nire odoletik edango duzu erlijiozko liturgia batean, arteak liturgia hori beste gauza asko bihurtu duelarik, eta artista bertan beti apaiza ez baldin bada ere, beti sagaratutako ostia delarik, haatik. Ferrer artista kontzeptuala da, batez ere; hau da, neurri handiagoan lan egiten du kontzeptuez, ideiez, eta ez hainbeste artelanaren objektutasunez edo aurreikusgarria den joera estetikoaz. Eta hori bere argazki-serieetan ez ezik, bere lan osoan ere ikus daiteke eta bereziki, begien bistakoa da, ekintza, instalazio eta abarri buruzko bere lanetan. Zenbait gaitarako joera itsuak, hala nola, zenbaki lehenetarako joerak, leunagoa den sorkuntza-alderdi batera hurbilarazi du, eta hor eramaten duen erritmoan ordena, hobezintasuna eta musika kadentzia berezia suma daitezke bere obraren azalaren gainean, erabiltzen dituen bitartekoak oihalak, eskulturak zein obra publikoak izan.
Jorratzen duen beste gai garrantzitsuetako bat denbora da, bai une batez atzematen dena, bai denbora bere bilakaera zehatzean ikusita. Denbora, guregan duen eraginaren ikuspegitik, Estherrengan berarengan duen eragina sinbolo hartuta. Jakina, guztiaren komertzializazioa, ez soilik artearena, baita bizitzarena berarena ere, eta dirua nonahikoa izatea, bere lan askotan agertzen den gaia da. Eta, nola ez, halabeharra, araurik gabe gertatzen den hori, edo beharbada gordeta dauden arau batzuek bultzatuta gertatzen dena, guretzat arau horiek oraindik helezinak direlarik; halabeharra da, hortaz, bere ekoizpenaren zati handi bat gobernatzen duena. Halabehar horrek, zenbaki lehenei buruzko bere lan guztietan, zentzua erdiesten du biltzen gaituen eta inguratzen gaituen zenbakitze magikoaren berezko inmaterialtasunean, gero zenbakitze magiko hori ezinezko zenbakietan desagertzen delarik, naturan, gauza guztien sorreran presente dagoen musika hutsezko erritmoaz, musik hutsezko harmoniaz. Eta hori da hitza, azken batean: magia, alegia. Nola denbora, edo gizarte alorreko gaurkotasunezko gaiak sinbolizatzea, hala matematikak edo dena delakoa, dena da magia Esther Ferreren lanean. Magia xumea, itxuraz edozeinen eskueran egon daitekeena, etxean ibiltzeko modukoa, eta horregatik ere magia isila, ez untxirik ez koloretako zapirik ateratzen ez duena, bere dotoreziaz harritzen duena baizik, kalean, ezezagun baten ahoan arinki harrapatutako irribarrea balitz bezala.
(...)
Rosa Olivares
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!

-
Unibertso txikiak. Gipuzkoa eta jaiotzak
Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteak antolatutako erakusketa.
2022-12-05 2023-01-05
-
Aurrera eginez. Etorkizunari begira XIX. mendetik
2022-05-13 2022-12-17