Diego Vasallo, zeinuak, paisaiak, istripuak
Diego Vasallo, “zeinuak, paisaiak, istripuak”
Koldo Mitxelena Kulturunea. Ganbara.
2019.01.23 – 2019.03.02
ZEINUAK, PAISAIAK, ISTRIPUAK
Margolan hauek, azken urteetako paper hauek, egunen joan eta etorrien aztarna setatia erakusten digute soilik. Haiek dira egurats gorrian, zerura begira, zeru horren zeinuak aztertzen, denbora pasatu ondoren gelditu diren lanbroz eta melankoliaz busti-busti egindako arrastoak.
Nekez antzematen diren paisaien zatiak edo, agian, ametsezko zati batzuk izan daitezke. Edo, agian, ezerezetik azaldu diren irudiak dira soilik, gauzatutako fantasmak izango balira bezala.
Lainoak eta ziurgabetasunak estalitako margolanak, helbururik gabekoak, xederik gabekoak, bukaerarik gabekoak. Bakarrik prozesua eta bidea, istripua eta erantzun ona, ekintza eta zuzenketa.
Batzuetan, koadroak serietan agertzen diren olatuak dira: «bukaerak», amildegira eramaten gaituzten mapa misteriotsu gisa; «abesti sakabanatuak», airea kutsatzen dituzten idatzi gabeko partiturak; «urradurak», leize txiki zuriak eta beltzak, Emil Cioran maisuaren hutsune poetikoaren omenez.
Pintatzetik soilik sortzen diren margolanak; materia eta azalera, esanahi existentzialeko objektuak, non irudikapena oraindik ezezaguna zaigun norabide batean galtzen den.
Obra bakarrak, beren esentzia ezerezaren itsas hondar gabean finkatzen dutenak.
(Diego Vasallo)
Diego Vasallo (Donostia, 1966)
1984. urtean, Duncan Dhu banda sortu zuen Mikel Erentxun eta Juan Ramón Viles-ekin batera; talde horrekin bederatzi disko grabatu ditu eta hainbat kontzertu bira egin ditu ia hogei urtetan.
1991n, proiektu musikal berri bati ekin zion eta, ondorioz, «Cabaret Pop» izeneko hiru disko egin zituen; proiektu hori 1996an amaitu zuen.
1997an, bakarkako ibilbidea hasi zuen bere izena erabiliz; gaur arte, sei disko argitaratu ditu eta, halaber, disko-liburu bat editatu du Suso Saiz musikariarekin, eta album bat Roger Wolfe poetarekin.
2002an, lehen pintura erakusketa egin zuen. Ordutik hona banakako nahiz taldeko erakusketa ugari egin ditu.
2008an, Lieder izeneko diziplina anitzeko arte-taldea sortu zuen Thomas Canet, Rafael Berrio, Joserra Sanperena eta Suso Sainz artistekin batera, eta talde horrek erakusketak egin ditu Madril, Donostia, Granada eta Erroman.
Halaber, bi poema liburu irudidun ditu argitaratuta: Canciones que no fueron (Huacanamo argitaletxea) eta Al margen de los días (Harpo argitaletxea).
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04