'Diez mil elefantes' komikian Ginea protagonista
Diez mil elefantes
Pere Ortín eta Nzé Esono Ebalé
Reservoir Books, 2022
Pere Ortín, ogibdez kazetari eta dokumentalgilea, da komiki honen ardatz eta gidoigile nagusia. Pereren eskutara Ekuatore Gineako hainbat dokumentu grafiko iritsi ziren Manuel Hernández-Sanjuánen eskutik eta horiekin zer egingo… eta eleberri grafiko bat burutzea otu zitzaion. Lana borobiltzeko eta indar bisuala lortzeko nor jarri marrazten… nor hoberik ginear bat baino, bertakoa eta istorioari bertako ikuspuntua emango diona: Nzé Esono.
Manuel Hernández-Sanjuán, argazkilari eta zinegilea, Hermic Films espedizioan ibili zen Afrika Beltzeko Ekuatore Ginean bertako giro koloniala filmatzen. 1944 eta 1946 urteen artean 30 pelikula baino gehiago eta 5000 argazki baino gehiago burutu zituzten espedizio hartan.
Oinarri hori aintzat hartuta, eta Pere Ortínen zalantzak kontuan izanda, hau da, zer erakusten eta zer ezkutatzen dute irudi guzti horiek? Gai hau jorratzeko derrigorrezko hirugarren hanka lotu zuten: Esono marrazkilaria. Nzé Esonok bere izaera eta tradizio ginearrean oinarrituta sortu du Afrika beltzaren ikuspuntu gordina erakustea komikian, beti ere ginearren ikuspuntutik zuzenean.
Gaia gordina da zinez, kolonialismoa eta honek dakartzan jazarpenak, tartean baita sexu-abusuak ere. Gai hauek gainera, oso gordin islatu ditu Nzék boligrafoak soilik erabiliz. Bic boligrafoak eta Bic boligrafoak dauzkan 8 koloreak erabilita burutu du komiki guztia. Nabarmenak dira kolore berdeak, beltzak eta fuksiak. Eta hau ez da kasualitatezko kolore aukeraketa…
Kontakizun hauek elkarren artean lotzeko tartekatu dituzte istorioan collageak eta beste zenbait dokumentu. Manuel Hernández-Sanjuánen argazkiekin egindako collageak, berak idatzitako eskutitzak edo inguru haietako mapak erabili dituzte dena harilkatzeko. Honela lortu dute komikiak kutsu oso errealista izatea.
Egileetako batek esan zuen bezala aurkezpenean, balio dezala komiki honek gu umilago izateko hemendik aurrera!