Eguillor Ganbaran
Juan Carlos Eguillor Gipuzkoako Foru Aldundiaren Luis Gasca bilduman eta Julian Armendarizenean
Laster erakusketa bat zabalduko da Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Luis Gasca bilduma eta Julian Armendarizena osatzen duten hainbat dokumentu, zirriborro, jatorrizko marrazki eta bideo hartuta.
Ez da izango artistaren antologikoa, baizik eta Juan Carlos Eguillorren obra ugariaren erakuslea, urtetan zehar eta adiskide edo profesional moduan izan duten harreman pertsonala dela bide, material anitza jaso duten bildumazale biren begiradatik.
Juan Carlos Eguillor, 1947an Donostian sortua eta iragan martxoan Madrilen zendua, ilustratzaile eta istoriotxogile geldiezina izan zen, sortzealdi desberdinetan eta teknika bat baino gehiagorekin aldizkari askotarako lan egindakoa (El Correo, Egin, Triunfo, Euskadi Sioux, El País...) zine gidoigintzan edo errealitate birtualean egin zuen sarraldia alde batera utzi gabe.
