Egutegi eta almanakak abiatu berri den urterako
Argitalpen horiek, nahiz eta argitalpen txikitzat hartu, denboraren neurria emateaz gain jakintza zientifikoak eta herrikoiak zabaltzeko balio izan dute; izan zitezkeen gai espezializatuak edo orokorrak, ilustratuak edo ez, baina garai batean herritar gehienek irakurtzeko zuen irakurgai bakarra izan zen.
Liburutegiko lehen solairuan erakusgai daude XVIII-XX. mende bitarteko egutegi eta almanake bitxi batzuk.
Alde batetik, denboraren neurrian dauden aldaketak kontrolatu nahi dituzten agiriak daude, honako egutegi iraunkor hau adibidez:
Calendrier solaire, perpétuel et universel, contenant la longitude, l'ascension droite, la declinaison du soleil.., 1789. urtean argitaratua edo egutegi gregorianoaren egun aldakorrak, Joannes Leizarragaren obraren eskuz idatzitako kopia batekin, Kalendrera, bazco noiz daten, ilhargui berriaren eta letra dominicalaren eçagutzeco manerarequin,1571. urteko euskarazko egutegia. Horren jatorrizko alea Parisko Liburutegian dago.
Beste agiri bitxi bat daukagu, El calendario mundializeneko lantxoa, Elisabeth Achelisek gaur egungo gure egutegi gregorianoari proposatutako berrikuntza izan zena, 1931. urtean gaztelaniara itzulia eta argitaratua, eta World Calendar Associationizenekoaren lekuko goiztiarra.
Beste aldetik, badaude beste egutegi batzuk harreman zuzenagoa dutenak bizitutako une sozial edo politiko zehatz batekin. Adibidez, badago Frantziako egutegi errepublikanoa euskaratzeko saiakera baten testigantza komentatua: Un essai de calendrier républicain en langue basquedu izena eta Mauleko Jean Félix Larrieu sendagileak (1863-1941) egindakoa da; 1891. urtean argitaratu zen "Revue de linguistique et de philologie comparée" izeneko aldizkarian. Bere proposamena da euskarara itzultzea iraultzaileek ezarritako terminoak, eskualdeko biztanleek erabil zitzaten 1799. urtean. Pirinioetako alde honetakoa da Almanaque carlista: año 1873 izenekoa, idazle monarkiko ospetsuek idatzitakoa.
Geroxeagokoa da Espainiako gerra zibilarekin zerikusia duen calendario de 1939 izeneko ale bitxi bat, Bartzelonan argitaratua, errepublikako Defentsa Ministerioko Emakumeen Laguntzarako Batzordeak argitaratua eta Espainiako Emakume Antifazisten Batzorde Nazionalak egindakoa gerrako olerki eta argazkiekin. 1940. urtean, berriz, JONSeko emakumeen ataleko almanakea ikusten da.
Almanake herrikoienen artean daude XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran euskaraz egindako almanake sailak, gure hizkuntzan hasi berria zen kazetaritzarekin lotura zuzena zutenak: Almanak berria edo Ziberouko eta Basa-Nabarreko egunaria 1888 Pauen inprimatua, edo Santo Tomasco Feriya : almanaque bilingüe erderaz eta eusqueraz para el año de 1878, Donostian egina edo Argia'ren egutegiospetsua, 1922 eta 1936. urte bitartean argitaratua.
Baita ere aipatu behar dira Almanaques de “La Baskonia” izenekoen azal ilustratuak, José R. Uriartek XX. mendeko lehen hamarkadetan argitaratuak. Argentinara mende hasieran emigratu zutenen herrimina dago agerian eta han sortu zituzten industrien iragarkiak.
Bailly-Bailliere almanakea enziklopedia herrikoia da. Urteko egutegiaz gain astronomia-fenomenoak ere jasotzen zituen almanake horrek; eta horiez gain, hainbat gairi buruzko hedapen artikuluak, garaiko interesaren arabera. Urte bakoitzean garrantzia zuten gaien erreportaje eta laburpenak ere jasotzen zituen. Argitalpen hori Zumarragako Busca Isusi gastronomia ikertzailearen liburutegia gordetzen duen funtsean dago eta funts horretakoa da baita ere 1929. urteko Alamanch des gourmands izenekoa eta erakusgai dagoena, urteko egun bakoitzerako sukaldaritzako errezetekin.
Beste egutegi sail batekoak dira 40ko hamarkadako egutegi meteorologiko eta fenologikoak. Aldagarri meteorologikoen datu estatistikoak, astronomia eta ingurumenari buruzko informazioa eta horiei buruzko hedapen-artikuluak jasotzen dituzte, nekazaritzara bideratuak.
Eta azkenik, aipatu beharrekoak dira ondorengo hamarkadetako pintura lanen erreprodukzioak egutegiko lamina modura argitaratuak; horietako batzuk oso nabarmenak gainera, Didier Petit de Meurvilleren grabatuak, adibidez, desagertutako Banco Guipuzcoanok 60 eta 70eko hamarkadetan argitaratu zituenak.