Ehun urte Koldo Mitxelena jaio zenetik
Koldo Mitxelena Elissalt jaio zela lehen mendeurrena bete denean omenaldi asko egin dira eta guztietan aipatu dira, besteak beste, pertsonaia horren esanahia eta garrantzia, haren biografia gorabeheratsua, egin zuen lan ikaragarria, garrantzia handikoa eta zorrotza, eta linguistikari egindako ekarpen kopuru eta horien kalitatea, batik bat, linguistika historikoari, filologiari eta euskararen ezagutza eta hedapenari.
Eta esparru horretan gogoratu behar dugu pertsonaia horren seme-alabek aitaren izena daraman zentroko liburutegiari 2012. urtean egindako dokumentu dohaintza oparoa, jakitun baitziren funts baliagarri hori gorde eta hedatzearen beharraz.
Dokumentu horiek Koldo Mitxelenaren ibilbide intelektual eta pertsonalaren isla dira, askotan gainera argitaratu gabeko agiriez eta ikerketarako iturri fidagarrienez osatuta.
Eduki horren zati handi bat kontsultagai dago liburutegiko Funts Gordean; ia lau mila erregistro dira.
Azken hilabeteetan Koldo Mitxelenaren familiak gordeta zuen korrespondentziaren katalogazioari ekin diogu. Gutun bildumaren zati bat bazegoen lehendik liburutegi hoentan, “Julio Urkixo” Euskal Filologiako Mintegoaren Funtsean, hain zuzen. Adierazi behar da Koldo Mitxelena bera izan zela funts horren lehen zuzendari teknikoa (1954). Horrez gain, bagenituen Jose Maria Satrustegi (1930-2003) nafar idazleak argitaratutako materialak Fontes Linguae Vasconum: studia et documenta izeneko aldizkarian, zeinak haren funts pertsonala kontsultatu ahal izan baitzuen, Matilde Ilarduya emaztearen eskuzabaltasunari esker. Nabarmendu zituen haren korrespondentzian ageri diren alderdi ezberdinak, baina batik bat alderdi akademikoa, “eleaniztuna, nazioartekoa eta dibertsifikatua”. Ehunka pertsonekin edukitako korrespondentzia jasotzen duten agiri berri horiek guztiak kontsultagai jartzearekin nabarmen handituko da eskuragai dagoen bilduma eta, jakina, Koldo Mitxelena Elissalten inguruko ikuspegia eta ezagutza zabaltzen lagunduko du.