Ekaineko eleberri eta komiki nobedadeak
Liburutegian azken hilabetean zehar jasotako eleberri eta komiki berrienak eta baita aukeraketa bat ere
Ekaineko eleberri eta komiki nobedadeak
Iritsi berriak dira nobedade hauek mailegura. Azken asteetan jasotako fikziozko lanen zerrenda duzue jarraian, eta baita horien arteko aukeraketa bat ere modu xehetuagoan. Hemetxe irakurri, estekaren bidez katalogara sartu eta erreserbatu dezakezue gustukoena gero bila pasatuz (Errege-Erregina katolikoen kaleko 16 zenbakian). Gozatu!
ELEBERRIAK
“El detalle” lanean, Jesús Carrascok bikote bat irudikatzen du, 23 urte elkarrekin igaro ondoren, Novo Mestora bidaiatzen duena harremanaren txispa berreskuratu asmoz. Baina hasieran keinu erromantikoa izan behar zuena, denboraren poderioz maitasuna mantentzearen zailtasunak, nekea eta pitzadurak agerian uzten dituen esperientzia bilakatuko da.
“El club de las indomables” Kathryn Stockettken eleberria 1933ko Mississippin kokatuta dago. Galerek, pobreziak eta garaiko injustiziek markatutako emakume batzuk bat egiten dute beren patua aldatzeko helburuarekin. Pertsonaia ahaztezinak erabiliz, egileak erresistentziari, adiskidetasunari eta gizarteak ezarritako lekua onartzeari uko egiten dioten pertsonen ausardiari buruzko istorio hunkigarria eraikitzen du.
“Niñas vírgenes” lanean, Yanina Vidalek arrazakeriak, biziraupenak eta askatasun nahiek markatutako lau emakume belaunaldiren erretratua aurkezten du. Memoriaren eta gorputzaren, fedearen eta sexualitatearen kontzientzia esnatzen den haurtzaro baten bidez, eleberriak familiako zauriak, isilpeko ondareak eta horiek hausteko behar den indarra aztertzen ditu.
“Una vida buscando” lanean Kae Tempestk Rothko Taylor hartuko du protagonista gisa. Rothko bere jaioterrira itzuliko da hamabost urte igaro ondoren. Han, bere oroitzapenekin, familiako zauriekin eta bere bizitza markatu zuten pertsonei aurre egin beharrean aurkituko da. Istorioak identitatea, erredentzioa, maitasuna eta norberak den bezala ikusia izateko beharra jorratzen ditu.
Jon Arretxek “Cerdos y amapolas” eleberria dakarkigu. Touré sagako giro ilunak alde batera utzi eta Basauri, Gasteiz eta Arbizu artean kokatutako trama beltz batean murgilduko da. Istorioaren hasieran txistorra batzuen lapurketa dago, eta hortik aurrera negozio ilunak, umore beltza eta egoera surrealista bezain bortitzak uztartzen dituen eleberria garatzen da.
“Crónica de una cocina” lanean, Junichirō Tanizakik Raikichi Chikura idazlearen eta haren emazte Sankoren etxeko bizimodua kontatzen du hainbat hamarkadatan zehar. Etxetik igarotzen diren etxeko langileen istorioek, sekretuek eta nahiek arrasto sakona utziko dute familiarengan. Pertsonaia ahaztezinen bidez, eleberriak giza harremanak, debekatutako maitasunak eta eguneroko bizitzaren intimitatea aztertzen ditu.
KOMIKIAK
“Allí donde vas” lanean, Étienne Davodeauk Alzheimerraren gaia jorratzen du, gaitza duten pertsonak laguntzen aritzen den bere emaztearen esperientziaren bidez. Testigantza intimoaren eta erreportaje dokumentalaren artean, obrak memoria galerari, zaintzari eta bizitzako unerik zailenetako batean besteak sostengatzen dituzten pertsonen garrantziari buruzko begirada gogor bezain gizatiarra eskaintzen du.
Juan Berrio “Los domingos también” komikian eguneroko bizitzaren erretratu argitsu bat eraikitzen du, pertsonaiaz eta errutina txikiz beteriko eraikin baten bidez. Claudiaren etorrerak Tristánen bizitza aldatuko du, eta elkarrekin deskubrituko dute maitasuna keinu xumeenetan eraikitzen dela: paseoen, elkarrizketen eta partekatutako zalantzen artean.
Michel Fiffek “Copra” lanean, akzio basatia, indarkeria eta estetika psikodelikoa uztartzen ditu mertzenario boteretsu baina baztertu talde baten istorioa kontatuz. Taldeko kide batek traizio egiten dienean, mendeku odoltsu eta kaotiko batean murgilduko dira, superheroi-komikiaren eta undergroundaren arteko maitasun gutun honetan.
“Ategorrietan Fisterra” komikiak 1931ko maiatzaren 27an Donostiako Ategorrietan gertatutako sarraskia kontatzen du. Bertan Guardia Zibilak zazpi langile hil eta dozenaka manifestari zauritu zituen. Malen Gainzarainen marrazkiekin eta Beñat Apalategi, Markel Ormazabal eta Lander Arbelaitzen gidoiarekin, obra honek Euskal Herriko langileen aurkako sarraskirik handienetako baten memoria berreskuratu nahi du.
“La fábrica de papel: una investigación familiar” eleberri grafikoan Marta Kayserrek familia ikerketa bat burutuko du. Aita hil ondoren, haren gauzen artean José Kayser birraitonaren argazkiak, marrazkiak eta dokumentuak aurkituko ditu. Hasieran bilaketa intimo bat dirudiena, belaunaldiz belaunaldi ezkutuan egon diren sekretuak, isiltasunak eta ustekabeko ondare artistiko bat argitara ateratzen dituen bidaia bilakatuko da.
Pascal Berthok eta Giuseppe Liottik “Recursos inhumanos” komikian Alain Delambre aurkezten digute, 57 urteko gizona lau urte langabezeian daramazkiena. Lanpostu bat lortzeko aukera ustekabea jasotzen du. Hautaketa-prozesuan parte hartzeko, muturreko proba bat egin behar du, bahitu-hartze baten simulazioa barne. Probak hautagaiei muga psikologiko eta etikoak gaindiarazten dizkie, eta gizon batek bere duintasuna eta bizitza berreskuratzeko duen desesperazioa erakusten du.