Ekaineko musika nobedadeak
Hona hemen maiatzan iritsi eta katalogatu diren CD berrienak. Eskuragai daude mailegu bidez etxera eraman ahal izateko edo liburutegian bertan entzuteko. Eztanda, Tolosaldeko lau gaztek osatutako taldea da, 2015eko udan sortua. Urte hauetan, bertsioak jotzetik beren kantuak sortzera pasatu dira, berezko melodiaren eta izaeraren bila. Lehen diskoa dute hau, Karlos Osinagaren zuzendaritzapean egina. "Errua norena da?" proiektua sei kantuk osatzen dute, metal estilotik hurbil, erritmo gogorrez eta paisaia melodikoz osatutako estilo batekin. Zortzi diskoren ondoren, Eraso! eta Osso taldeko Sergio Ruiz G-Txabarri “Serge” abeslari eta musikariak aspaldidanik buruan zuen bakarkako lehen proiektua mamitu du lan honetan, “Enarak itzuli dira”, modu intimista eta akustikoan. Horretarako, hasieratik argi zuen abiapuntua: haurtzaroan zein nerabezaroan urte askoan ikaskide izan zuen Gari Berasaluzeren poemak musikatzea. Poemak kanta bihurtuta itzuli zizkion iaz lagunari.