Ekialde urruna, hurbiletik. Euskal txinatarrak
EKIALDE URRUNA, HURBILETIK
hurbilketa bat egungo Txinari
Donostia, 2017ko otsaila, 6tik 18ra
Txina ez da Europarekiko kanpokoa
–ez da Europaz beste diferentea–
printzipioz, Europa in-diferentea zaio Txinari…
François Jullien
Txina eta inguruko herrialdeak “urruntasunaren irudia” osatzen dute gure iruditegian XV. mendean abiatutako Globalizazio prozesuan Europako potentziek bertan aurkitu zutelako inon ez besteko erresistentzia. XIX. eta XX. mendeetan zehar Txina bilakatu zen “azken muga”.
XXI. mendean, mapa geopolitikoa aldatu egin da beste behin, eta egunerokoak dira munduko ekonomian Txinak jokatzen duen paperaren inguruko berriak. Askoz zailagoa egiten zaigu, halere, bizirik dirauen munduko zibilizazio zaharrenaren gako sakonetara hurbiltzea, eta hori izango da egun hauetako hurbilketaren xedea: Identifikagarriak al zaizkigu haien parametroak? Zertan gara berdin eta zertan ezberdin? Zein lirateke elkar ezagutza eta hurbilketarako gakoak? Zein erronken aurrean jartzen gaitu Txina garaikideak?
2017ko otsailaren bi asteetan zehar, galdera hauen inguruan jarduteko hainbat ekitaldi antolatu ditugu Koldo Mitxelena Kulturunean, Okendo Kultur Etxean eta Ernest Lluch Kultur Etxean. Koldo Mitxelena Kulturuneko Areto Nagusian garatuko diren ekitaldiak "Euskal txinatarrak" izenburua dute, otsailaren 13tik 17ra, 18:30etan izango dira. Astelehenetik ostiralera, lau hitzaldi jarraian eta ostiralerako mahai inguru bat hizlariekin. Hitzaldiok “Euskal txinatarrek” emanak izango dira, hau da, euskaldunak izanda edo Euskal Herriarekin harreman zuzena edukita Txinari lotuta urte luzeak daramaten lau pentsalariekin: Rafa Egiguren, Juan Gorostidi, Jesús Ferrero eta Iñaki Preciado Idoeta.
Euskal txinatarrak
Otsailak 13, astelehena, 18:30 (euskara)
Orientabide batzuk
Rafa Egiguren dugu euskal idazlerik txinatarrena: Ikasturtea igaro zuen bertan hango hizkuntzan eta kulturan murgiltzen, eta hango poeta klasikoak euskaratzeaz gain (Mandarin Dotore), bertan ditu inspiratuak Ilargia putzuan ageri edo Gauza guztiak bezalako obrak.
Otsailak 14, asteartea, 18:30 (euskara)
Gorputzaren beste geografia baterako zertzeladak: nola ulertu antzinako Txinatarren anatomia
Juan Gorostidik, Donostiako Tai Txi Txuan Eskolaren sortzailea eta zuzendariak, hiru hamarkada daramatza Txinan jatorria duten teknika psiko-fisikoak ezagutzen eta erakusten. 2008an Levantar la mirada. Tai Chi Chuan, fundamentos para una práctica contemporánea argitaratu zuen.
Otsailak 15, asteazkena, 18:30 (gaztelania)
El problema de la identidad: la vida errante de Cai Wenji, poetisa china del siglo III
Jesús Ferrero idazleak bere hastapenetatik izan du begi bat Txinako kultura eta literaturan. Belber Yin eta Opium izan ziren 80etako bere lehen nobela ezagunak, han girotuak. Geroztik maiz jo du Txinara inspirazio eta giro bila: Rio Amarillo poemarioan, Los Reinos Combatientes edo Pekín de la Ciudad Prohibida lanetan. Euskal Herriarekiko, Zumarragan hazia da (gurasoek 3 urte zituela hara etorri baiziren), Iruñera joan arte. Hemen girotu ditu, esaterako Ángeles del abismo (2005) eta Balada de las noches bravas (2010) eleberriak.
Otsailak 16, osteguna, 18:30 (gaztelania)
Las sorprendentes mutaciones de la China contemporánea. Desde la moral confuciana (hasta la llegada al poder de los maoístas) a la moral comunista de la etapa maoísta (supuestamente anticonfuciana), ¿qué queda de todo ello en la China actual?
Iñaki Preciado Idoeta izan zen Espainiako enbaxadak Pekinen 1973an zabaldu zuenean kontratatu zuen lehen itzultzailea. Geroztik, urte luzeak igaro ditu Txinan eta Tibeten, bertako klasikoak itzultzen eta baita hango filosofiak eta praktikak barneratzen. Amona euskalduna zuen eta Donostian igaro zituen hainbat urte 80ko hamarkadan filosofia irakasle Bidebietako institutuan. Beti mantendu du Euskal Herriarekiko lotura estua.
Otsailak 17, ostirala, 18:30 (gaztelania)
Ekialde Urruna, hurbiletik mahai ingurua hizlariekin, Marina De Franceschi-ren gidaritzapean.
Marina De Franceschik filosofia ikasketak ditu (Padova, Italia), Ananda Coomaraswamy-ren lanaren inguruko tesiarekin. Txinan jatorria duten sendabideetan jardun du azken bi hamarkadetan.