Artea gertatzen da
2006/1/31 - 2006/3/25
Komisarioa: Rosa Queralt
Artistak: Francesc Abad, Elena Asins, Eugènia Balcells, Jordi Benito, Esther Ferrer, Grup de Treball, Juan Hidalgo, Concha Jerez, Àngel Jové, Antoni Llena, Eva Lootz, Lugán, Walter Marchetti, Miralda, Fina Miralles, Mitsuo Miura, Muntadas, Paz Muro, Juan Navarro Baldeweg, Pere Noguera, Jordi Pablo, Carlos Pazos, Josep Ponsatí , Carles Pujol, Joan Rabascall, Àngels Ribé, Benet Rossell, Adolfo Schlosser, Francesc Torres, Isidoro Valcárcel Medina, José María Yturralde, ZAJ
Testuak: Rosa Queralt
Muntaia: Angel Bados, diseño
Prentsa oharra:
Reina Sofia Museoarekin ekoiztutako erakusketa honek, laburpen gisako ikuspegi baten bidez, gizarte zein arte mailan egoerari aurre egin nahiak, askatasun desirak eta aldaketa beharrak markatutako epe bat birsortzen du.
1965. urtearen geroztiko hamarkadan plazaratu ziren zenbait jokabideren arabera, ideiari edo prozesuari lehentasuna eman behar zaio emaitza formalaren edo ukigarriaren aurretik. Artearen truke balioa auzitan jarri eta kritikatzea da jokabide horien barne arrazoia. Hala, merkatu legeari aurre egiteko obra materiaz gabetzen saiatu ziren, obraren objektu agerkundea ahalik eta gehien murrizten, iraunkortasunaren aurrean iragankortasuna balioesten, prozesuan txertatutako esperientzia sustatzen, eta, azken finean, testu, antzerki edo bideo dokumentuen bidez ikusleari prozesu horren berri ematen. Generoen arteko mugak zabaltzean, errealitatea arakatzeko saio berriak egin ziren, artea eta bizitza elkartuz batez ere.
Espainian ere ernaldu ziren horrelako jokamoldeak, kontzeptual adieraren pean nahas-mahas bilduak. Izan ere, testuinguru berean ager zitezkeen nola Povera edo Minima arteko joera poetikoak eta gorputz ekintzako hainbat forma, hala soziologia nahiz politika artea eta hizkuntza artea, edo bideo-artea eta land-artea. Hau da, batetik, diktaduraren azken arnasaldiaren ingurumaria bizi zuten, askatasun, erantzun eta aldaketaren aiduru. Eta, bestetik, ikus arteen berrikuntza konplexu eta iraultzaileari buruz kanpotik zetorren informazioak beren barrena sakon astindu zien.
Diziplinen arteko zeharreko soslaia edo elkarreragiletasuna alderdi oso erakargarria bilakatu zen artistentzat. Hala, sorkuntza-prozesuan zehar beren lekua izan zutenez filosofiatik, soziologiatik, psikoanalisitik, antropologiatik, politikatik, hizkuntzalaritzatik, masa komunikabideetatik, herri kulturatik, ekologiatik, zientziatik, arkitekturatik, musikatik edo teknologiatik hartutako elementuek, amaiera eman zitzaion barruti elkargaitzen arabera antolatutako arte diziplinen banaketari.
Honako hau dugu garaikide anglosaxoiengandik bereizten zituen beste ezaugarri bat: teorikoak ziren neurrian ziren oro har intuitiboak ere, eta gogo berotasun berezia sortzen zieten lurralde eta interesetan barna ibiltzeko zaletasuna erakusten zuten behin eta berriro. Hurbileko esperientzietatik eta bizipenetatik jalgitzen ziren ideiak, materialak eta euskarriak bezalaxe.
Bitarteko teknologiko berrien sarrera ausarta dela bide, eskulangintzatik ekoizpen mekanikorako urratsa egin zuten askok eta askok. Ikus-entzunezko tresnen erabilera orokortu egin zen, garai hartako berezitasunetako bat bihurtzeraino. Bideoa, zinea, diapositiben proiekzioa, argazkia, fotokopia, soinu irakurgailua... izaera galkorreko ekintzak erregistratu eta gordetzeko erabiltzen zituzten, dokumentu funtzioa betetzen zuten, kode eta sistema sozialen begi eta belarri kritikoak ziren, tirabirak sorten zituzten eta bitarteko egokiak ziren beste irudi bilakatzea helburu zuten irudiekin esperimentatzeko.
Arte munduan 1965 eta 1975 bitartean ernaldu zen belaunaldiko 32 egileren hautapen murriztu honen bidez, espainiar artearen berpizkunde kilikagarri haren paisaia eta giroa birsortu nahi ditugu, ezagutzera eman nahi ditugu orduko sentikortasun berritu hura eta errotiko aldaketa haiek, ez bakarrik sorkuntzaren ikuspuntutik, baizik eta baita gertaeraren estatusa errebindikatzen duen fenomeno estetikoren komunikazioaren ikuspuntutik ere.
Asmo horretatik sortu da erakusketaren izenburua, Whistler pintorearen Art happens proposamenetik hartua. Nahiz eta beste testuinguru eta garai batekoa izan, Mallarmeren pentsamenduarekiko zuen hurbiltasunak arteari buruzko diziplinarteko eta nazioz gaindiko ikuspuntuaren oinarriak jartzen lagundu zion. Izan ere, adierazpen forma desberdinen arteko loturak edo harremanak, eta ideiaren eta esperientziaren arteko aurkakotasun eza, etorkizunaren zantzu iragarleak ziren.
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04