'X Venture: gorputza krisian' komikia
Manga. Hitza, unibertsoa, ingurua… manga mundu bat da.
Hori esan izan dugu sarri hemen ere. eta zer esanik ez jende gaztearen artean. Liburutegian bertan ere, asko mugitzen dira, asko mailegatzen dira manga komikiak, eta ikusi besterik ez dago azken urteetan nola hazi den gure manga bilduma erabiltzaileen eskariari jarraituz.
Eta manga munduaren zabalkundea iritsi den bezala, ezin dugu aipatu eta azpimarratu gabe utzi lehen aldiz euskarara itzuli berria den manga hau: ‘X-Venture: gorputza krisian’. Aldi berean argitaratu ditu Ooso argitaletxeak gaztelera, katalana eta euskarazko edizioak.
Berritzailea bi zentzutan da manga hau. Guretzat, nagusiki, euskaraz argitaratu den lehen manga delako alde batetik. Eta bestalde, jorratzen duen gaia ere berritzailea da. Zientzia lehen lerrora ekarri du manga honek. Eta lehen aldia da estatu mailan horrelako manga bat argitaratzen dela, kasu honetan zientzia ez baita azpi-gai bat, baizik eta istorioaren muina bera.
‘Gorputza krisian’ seriea 3 aletan argitaratuko da. Lehenengo alea dugu jada esku artean: ‘Erreskate handia’ izenekoa. Manga hau giza gorputzaren barruan gertatzen den abentura zirraragarria da. Gorputzak krisi egoera bat jasan orduko zein mekanismo eta nola jartzen diren martxan ezagutzeko balio du istorioak.
Egileak Kino, Leo eta Lin Diwen dira, talde gisa Hot-Blooded Souls bezala sinatzen dute elkarlanean. Taldea da gidoia zein marrazkia eta kolorearen arduradun zuzena. Manga honek beste berezitasun bat ere badauka azpimarragarria: barruko orrialdeak koloreztatuta daude, ez da ohiko txuri-beltz formatuan egina. Gainontzean manga ale baten tamaina eta itxura dauka, nahiz eta irakurtzeko modua okzidentala izan, ezkerretik eskuinera alegia.