'El fuego de Teseo' komikia
FRISSEN, Jerry; TRIFOGLI, Francesco
Le feu de Thésée
Les Humanoïdes Associés, 2019
El fuego de Teseo
Ponent Mon, 2021
Gogoratzen Marvel eta DC-ko istorioak zinemara eramatean pertsonaien azalaren kolorea aldatzeak nola sortu zuen fandom klasikoenengan ezinegona? Nonbait, ziotenez errealitatea faltsutzea baitzen aldaketa txikiena ere planteatzea hor. Bai, DC edo Marveleko istorioak errealak bailiran, eta, esaterako, Thorren balentriak paperean kontatu bezalakoak bailiran zinez.
Han eta hemen irakurri dugu horrelako kezkaren bat Teseoren suari buruz ere komiki hau dela eta.
Izan ere, superheroien fantasiak ez ezik, mito klasikoak ere egia dira. Egia berdaderoa.
Beraz, Knososen izaki bat sasi-zezen sasi-gizaki bazegoela sinesteko prest dagoen jendea existitzen da benetan. Ez, ordea, Frissen-Trifogliren kontakizuna sinesteko adina.
Teseoren sua du izenburutzat istorioak. Bertako aldaketa nagusia Teseo emakumezkoa dela da, eta gezurra badirudi ere, erabat sinesgarria da aldaketa hau. Historian zehar emakumeek jasandako zapalkuntzaren erakusle eta aldarri bihurtzen da mito hau. Frissen gidoilari ausartak bikain lotu du greziar mitoa protagonista eraberrituz eta Trifogli marrazkilariak berriz, errealismo gordinez erakutsi dizkigu mito honen paradoxak, pertsonaiak, anatomiak eta kontestuak.
Komiki honetako kontakizuna abentura ikaragarri ona da. Mitoa baino are sinesgarriagoa. Mitoa baino are gordinagoa. Aurrerantzean, hau izango da benetako Teseo, sinesgarriena izango den Teseo. Hartu esku artean komikia eta baietz Kleone koblakaria bezain harrituta geratu zu ere!