Museoa da bitartekaria

2008/10/28 - 2009/1/3
Komisarioa: Pablo Fanego y Pedro de Llano
Artistak: André Guedes, Tino Sehgal, Maider López, Lara Almarcegui, Karin Sander, Monica Bonvicini, Arabella Campbell, Annika Eriksson, María Eichhorn, Ceal Floyer, Andrea Fraser, Mario García Torres, Félix González-Torres, Louise Lawler, Loreto Martinez Troncoso, Roman Ondak, Sergio Prego, Luca Frei y Thomas Struth.
Testuak:
Muntaia:
Prentsa oharra:
Laurogeita hamarreko hamarkadara pasatzean, eta zerbitzuen ekonomiaren sendotze progresiboa edo teknologia berrien sarrera ikusgarria bezalako zenbait faktoreren eraginpean, museoek, bai bestelako arte instituzioek ere, lana areagotu egiten zitzaiela ikusi dute. Gaur egun, artelanak bildumatu eta erakusteaz gain, topalekuak ere izan behar dute, jatetxeak, liburu dendak, are moda pasarelak ere. Gainera, museoek balio dezakete hirien marketingerako alor globalean, nazio identitate bat eraikitzeko edo higiezinen espekulaziorako.
Zalantza izpirik gabe, prozesu horiek guztiek adierazten dute museoaren funtzioak gaur egun arte hutsa izatetik askoz harago doazela. Dela irizpide ekonomiko hutsen pean edo gizarte zein historiarekiko lotura batetik ikusita, gauza garbia dirudi beren autonomia tradizionala galdu eta egungo gizarteen instituzio zentralak bilakatu direla. Artistek, ezinbestean, prozesu horiek interpretatu eta horien aurrean erreakzio kritikoa erakutsi dute, eta askotan aurrea hartu ere egin diete. Astoaren gainean egindako margolana gizarte burgesaren arte objektuen artean nagusia izan bazen, haren balio indibidualistak bakartasuna, abstrakzioa eta merkatuan zuen trukerako ahalmenaren bidez irudikatuta, gaur egungo demokrazia kapitalistetan arte instituzioak berak, oro har hartuta, erreproduzitzen ditu sarri askotan -artelanaren beraren euskarria den aldetik- balio alternatiboak, ikusleen parte-hartzeak, kolektibotasunaren garrantziak edo testuinguruaren eraginak markatuak, eta horrek sortzen ditu espazioa, nola fisikoki hala kontzeptualki, beren identitatearen funtsezko osagai moduan eransten duten lanak.
Egoera horretan, BITARTEKARIA MUSEOA DA erakusketaren xedea da artistek laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik, arestiko historiaren une erabakigarria izan baitzen, instituzioekin harremanak izateko molde desberdinak aztertzea. Arte eta gizarte esparruko prozesu osagarriak ikertu eta parez pare jarri nahi izatearekin batera -hala nola, hirurogeiko hamarkadako arte kontzeptualaren eta kritika instituzionalaren oinordekoak diren praktika performatibo eta kontzeptualen berpiztea eta horrekin batera museo-arkitekturaren goraldia, hiri espazioaren mutazio gero eta azkarragoa, ekonomia “immaterial” baten sendotzea edo merkatuaren optimismoa publikoa denaren ondoezaren aurrean-, proiektu honen asmoa da gogoeta egitea museoaz, medio zein material moduan hartuta, baita hizkuntza zehatz batean historikoki ezarritako konbentzio sistema moduan ere, helburu batekin: hizkuntza horretan egindako artisten ekintza formal eta ideologikoek nola interpretatzen eta zalantzan jartzen dituzten baldintza berriak, hartara aldaketa garrantzitsuak abiaraziz.
Erakusketa pentsatu da, nahitaez, egoitza bakoitzerako -Vigoko MARCO eta Donostiako Koldo Mitxelena- egindako zenbait lan espezifikotatik abiatuta eta haiei bi museoetako espazioetara moldatutako pieza komun sorta bat erantsita. Leku bakoitzean espazio arkitektonikoak, instituzioaren eguneroko funtzionamenduak eta hura sartzen den testuinguruak erakusketaren edukiaren osagai esanguratsu gisa dihardute. Hau da, ahalik eta gehien biluztu da museoa, halako moldez, non bera baita, “euskarria” den aldetik, erakusten dena: hartara espazioa dimentsionatua gertatzen da, zehaztua eta bere osotasunean interpretatua artisten ekintzen eta ikusleen parte-hartzearen bidez. Modu horretan, museoa sumatzen da ez bakarrik irakaskuntzarako edo hezkuntzarako leku gisa, XIX. mendeko definizioari jarraiki, baizik orobat bere hormen artean gertatzen diren errutina sozialen katalogo zabala zalantzan jartzearen bitartez ikusleen jarrera “performatiboa” sustatzera bideratuta dagoen ingurune gisa.
Koldo Mitxelena Kulturunerako egindako proiektu berrien artean daude André Guedes, Tino Sehgal eta Maider Lopezen lanak. Partaide horiez gain, Lara Almarcegui, Monica Bonvicini, Arabella Campbell, Karin Sander, Annika Eriksson, Maria Eichhorn, Ceal Floyer, Andrea Fraser, Mario Garcia Torres, Felix Gonzalez-Torres, Louise Lawler, Loreto Martinez, Roman Ondak, Sergio Prego, Tino Sehgal, Luca Frei edo Thomas Struth-en lanek osatzen dute erakusketa. Artista horietako gehienak laurogeita hamarreko hamarkadaren eta oraingoaren artean hezi ziren edo hasi zuten beren arte praktika, baina era berean sartu nahi izan dira zenbait egile (Fraser, Gonzalez-Torres, Lawler, Struth) aipatu eraldaketen aurrean izan duten jarreragatik eragin handia izan dutelako artearen ondoko garapenean.
Zenbakien irizpide estutik eta museoak askotan murrizten diren “xede” extra-artistikoetatik harago, gisa honetako lanek erakusten digute “medioak” izan daitezkeela, arte esparrua gainezkatu eta kultura edo historia alorreko eztabaida askoz zabalagoetara ireki daitezkeen medioak. Horren haritik, esan liteke artistek ez dutela jadanik museoa “etsai” moduan ikusten, abangoardietako zenbait unetan gertatu bezala, era sinbolikoan indarrean dauden ohitura eta produkzio moldeak kondentsatu eta islatzen dituen espazio berezi baten moduan baizik, hartatik posiblea baita era aktiboan parte hartzea gizartearen bestelako ikusmoldeak planteatzeko. Ikusmolde horiek iraganetik hartzen dute inspirazioa, noski, gure oraina oroimenaren bidez ulertzeko helburuaz. Bestela esanda, igarotze bat izango litzateke museoarekiko kontrako jarrera batetik jarrera dialektiko batera, zeinean barne kritika -edo “dekonstruktiboa”- funtsezkoa baita nola kontzientzia faltsua hala populismoa saihesteko. Beraz horrela bilakatzen da museoa medio. Medio hori, beste euskarri batzuekin historian gertatu den bezala, azken batean objektu kontingentea da eta iraungipen data dauka, eta haren bitartez errealitatea irudikatu eta zalantzan jar daiteke, orainaren baldintzen arabera.
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04