'El olvido que seremos' eleberriaren egokitzapenak
El olvido que seremos
Tyto Alba
Salamandra Graphic, 2021
Héctor Abad Gómez mediku eta giza eskubideen aktibistaren berri ematen digu ‘El olvido que seremos’ izenburua duen historia honek. 70. hamarkadako Kolonbian kokatuta, Héctor eta haren semearen arteko harremana oinarritzat duen familia erretratua erakusten digu; biolentziak jotako Medellínen, jolas, abesti, irribarre eta elkarrizketez betetako oasi txiki bat da istorio hau.
Eleberria, 2006an argitaratua, protagonistaren semea den Héctor Abad Faciolincek idatzi zuen, eta aurten izenburu bera daramaten bi egokitzapenek ikusi dute argia: batetik, Fernando Truebak zuzendutako filma, Donostiako Zinemaldian ikusteko aukera izan genuena 2020an eta 2021eko maiatzean iritsi dena zinema aretoetara. Eleberria zinema-gidoi bilakatzearen erantzukizuna zuzendariaren anaia den David Truebak hartu zuen, eta ederki funtzionatu duen bi anaien tandem honi Javier Cámararen antzezpen aparta ere batu zaio. Luzemetraiak Film Iberoamerikar onenaren Goya saria jaso zuen 2021eko edizioan.
Bestetik, maiatzean argitaratu den eleberri grafikoa dugu orain esku artean. Tyto Albak egokitua, haren akuarelek eleberriaren ardatzean dagoen familia harreman eta pertsonaien emozioak azaleratzeko sekulako gaitasuna erakusten dute. Aldi berean, autoreak, Abad Faciolinceren laguntzarekin, dokumentazio lan sakona egin du, pertsonaia errealei buruzko istorioa izanik liburuan azaltzen diren xehetasunei leiala izan da, eta horrek testu asko duen obra bat sortzera eraman du. Edonola ere, Albaren akuarelek Medellín-go medikuaren istorioari goxotasuna ematen diote, eta haren ilustrazioen bidez Abad Faciolinceren hitzei darien samurtasun hori islatzea lortu du, bikain lortu ere, espresibitatea eta emozioen agerpen aparta sortu baitu akuarelen bidez.
Eleberria
Komikia