Encuentros tardíos
Hilaren 21ean erakusketa berri bat zabalduko dugu KOLDO MITXELENA Kulturunean. Elena Asins-en azken lana gurekin izango dugu.
Erakusketaren arduraduna den Ana Salaberriari artista honen erakusketaren aurkezpen txiki bat egitea eskatu diogu:
Zein da Elena Asins?
Elena Asinsek, bere burua aurkeztean, esan ohi du artista, idazlea, hizlaria eta arte kritikaria dela. Madrilen jaioa (1940), Azpirotzen (Nafarroa) bizi da 1996ko urteaz geroztik, eta bere ikasketak egin ditu Parisko Arte Ederren Eskolan, Stuttgarteko Unibertsitatean, Madrilgo Complutense Unibertsitatean (Kalkulu Zentroa), New Yorkeko Gizarte Ikerketako Eskola Berrian eta Columbia Unibertsitatean (Informatika Zientzien Departamentua: Informatika Artea). Columbia Unibertsitatean, izan ere, ikerlari gonbidatu gisa aritu zen, arte plastikoetako aplikazio digitalaren gainean ikertzeko (informatika artea).
Guztira 40 erakusketa baino gehiago egin ditu hainbat herrialdetan barrena. Atal teorikoan, poesia esperimentaleko estetikari eta poemei buruzko saiakera ugari landu eta argitaratu ditu artean espezializatutako argitalpenetan, Espainian, Frantzian, Alemanian eta EEBBetan.
Talde askotako sortzaile-kide izan da, eta haren obra museo eta bilduma pribatu nahiz publikotan dago. Ospe handiko zazpi beka baino gehiago irabazi ditu Estatuan eta nazioartean, eta arte garaikideari buruz ikastaroak eta hitzaldiak eman ditu hainbat unibertsitate eta kultur zentrotan. 2006ko urtean, Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina eman zioten. 201ko urtean, berriz, Reina Sofía Arte Zentroko Museo Nazionalak erakusketa garrantzitsu bat eskaini zion eta Arte Ederretako Sari Nazionala jaso zuen. 2012ko urtean, azkenik, Caixa Fundazioaren (Bartzelona) Arte eta Mezenasgoaren Saria irabazi zuen.
Arte konputazionalari buruz egin duen ikerketa da Asinsen ekarpen handienetako bat. Arlo horretan, aitzindarietako bat izan da, 1967ko urtean hasi baitzen, eta gaur egun ere ikertzen jarraitzen du, ekarpen oso berezkoak eginez.
Arte plastikoaren problematikan egin dituen azken ekarpenen aztergaiak dira hirigintza, estetika eta behar gisa ulertuta; arkitektura, bizileku gisa ulertuta; eta espazioaren eta denboraren esku-hartze estetiko orokorra
Elena Asins zergatik hemen (KMK) eta orain (2102)?
Areto honen programazio filosofiaren ataletako bat da ibilbide luzeko artistak gonbidatzea erakusketa aretoan proiektu espezifiko bat gauzatzera. Elenari dagokionez, erakusketako modalitate eta espazio desberdin batzuk aztertzen ibili gara 2010eko urteaz geroztik. Baina, kontuan hartuta 2011n bere obraren atzera begirako erakusketa bat egin zuela Madrilgo Reina Sofia zentroan, erabaki dugu haren sorkuntzaren alderdi berri batzuk erakustea 2012ko urtean, eta proiektu espezifiko bat gauzatzera gonbidatu dugu horregatik.
Zer aurkituko du gaian aditua ez denak erakusketa honetan?
Aurkituko du erakusketa bat non denbora eta espazioa ikuspuntu oso berezi batetik eraikitzen diren, non ideia obraren materia eta euskarriari gailentzen zaien. Erakusketa bat non inplikazioa pertsonala ezinbestekoa den obra ulertu eta gozatzeko. Erakusketa bat non materiaren eta kolorearen gabeziak zirrara emozional handia sortarazten dion ikusleari.
Zergatik hurbildu beharko ginateke Koldo Mitxelena Kulturunera erakusketa hau ikustera?
Zeren eta, kontenplaziorako eta gogoetarako tarte bat hartuz gero, antzemango baitugu obra bat maisulan izan daitekeela, nahiz eta gutxieneko osagaiez sortua izan, eta zeren eta aukera izango baitugu ezagutzeko artista bat errotik kontzeptuala, 60ko hamarkadan aitzindaria izan zena eta XXI. mende honetan erreferente dena.
{jcomments on}