Entzun Iparralde

Datorren martxoak 28an Iparraldea Bertan zikloaren 18. edizioari amaiera emango diogu. Aste hauetan zehar Maddi Zubeldia eta Bernadette Iratzoki-Luroren irakurketa musikatuaz, Jean-Mixel Bedaxagar, Titika Rekalt eta Juan Mari Beltran-ek Caubeti prestatutako omenaldiaz eta Mattin Lerisa gaztearen ahotsaz disfrutatzeko aukera izan dugu. Jon Itcaina abeslaria izango da amaiera emango diona.
Dena den, Iparraldeko musikaz gozatzen jarraitzeko aukera izango dugu, Fondo Gordeen Gela pareko bitrinatan ikusgai dagoen erakusketarekin. Bertan, euskal musikaren historia deskubritu ahal izango dugu, Historiaurretik gaur egun arte. Izan ere, mugaren beste aldeko pertsonai eta gertaerekin egingo dugu topo, hala nola, Mme. Villéhelio, Charles Bordes, Michel Labeguerie, Anje Duhalde, Mixel Ducau edo Kalakan bezalako artista, musikari eta bildumagileak. Hor ezagutu ahal izango dugu ere Euskal Kantagintza Berriaren, rock-aren edo kantu herrikoien garrantzia, besteak beste. Gonbidatuak zaudete ibilbide historiko-musikal hau bisitatzera.
Hemen duzu eskuragarri erakusketaren narratiba, baita gure katalogoan sortu dugun Entzun Iparralde – Suena Iparralde zerrenda ere.
Has dadila musika!