Ahalegina
2004/11/11 - 2005/2/5
Komisarioa: Juan Antonio Alvarez Reyes
Artistak: Yaël Davids, Esra Ersen, Marta de Gonzalo y Publio Pérez Prieto, Lin Yilin, Tracey Moffatt, João Penalva, Lars Siltberg, Jaan Toomik, Magnus Wallin y Artur Zmijewski.
Testuak: Juan Antonio Alvarez Reyes
Muntaia: Artdefacto
Prentsa oharra:
Gizadiaren historia azter liteke borondatea eta gaitasuna oinarritzat hartuta, alegia, ahaleginari esker lortzen den borondatea, eta norbera aldatzeko nahiz nork bere burua gainditzeko gaitasuna oinarri direla. Ahaleginak gizakiari ahalbidetzen dio emanda jaso duenaz haratago joaten, lorpen berriak eskuratzeko eta jomuga berrietara abiatzeko. Gizadiaren historia, kontatu izan den bezalaxe, ahalegin ikaragarri baten historia da: hasteko, ingurura egokitu beharra, espeziearen bilakaera bera, politika eta gizarte antolamenduak lortzea, teknikako aurrerapenak, idealak asmatu eta garatzea, erlijiozko balioak eta helburuak, eta abar; eta gero, arteen historia bera, eta haien bilakaera.
Ahaleginaren ideiak, beraz, aldaera asko ditu: pertsonalak, sozialak, kulturalak, ekonomikoak, ideologikoak, erlijiosoak, eta baita artistikoak ere.
Gai horri aurre egiteko garaian, duela gutxiko hainbat artista kritikaren eta ironiaren artean dabil, baina ez dute falta batzuetan ikuskera arrunt ezkor bat, lotura eduki lezakeena, modu gaurkotuan, vanitas barrokoarekin eta bizitzaren hutsalkeria zentzuarekin. Lehian oinarritutako gizarte batean, eta lehiak berarekin dakarren ahaleginaren areagotzean oinarritutako gizarte batean, kapitalismo berantiarrak berezkoa baitu lehia hori, hor, bada, gizartean goraipatutako balioei egindako kritika eta ironia horiek ez dute inor epel uzten, agerian jartzen baitute zenbaterainoko krudelkerian murgilduta gauden. Irudi luke badela gure ahaleginak zertan erabili hausnartzeko eskari bat.
Yael Davids (Jerusalem, Israel, 1968). Performanceak egiten ditu, batez ere bideoan erregistratuak. Erakusketarako hiru performance dakartza. Horietako bat, "Cupboard", erakusketa zablduko den egunean bertan egingo du. Bost aktorek beren gorputz atal batzuk egokituko dituzte giza silueta batera, horretarako bihurrituak-eta eginez. Beste bietan, dantza klasiko ezinezko bat eta haurren pilota joko gaitz bat erakutsiko ditu.
Esra Ersen (Ankara, Turkia, 1970). Artista horren Suedieraz bazeneki... bideo proiekzioa erakutsiko da. Artistak zenbait herrialdetatik Suediara emigratutako ikasle batzuei eskatu zien beren jatorrizko hizkuntzan idatz zezaten zer esango luketen suedieraz balekite. Erantzunak, gero, suedierara itzuli zituzten, eta ikasleek kamera aurrean suedieraz botatzen dute adierazi nahi izan zuten huraxe, irakasleak ahoskera zuzentzen dielarik. Imintzioetan eta gauzak adierazteko zailtasunean ahalegin handia nabari zaie.
Marta de Gonzalok eta Publio Pérez Prietok (Madril, 1971 eta Mérida, 1973) bideo eta diapositiba proiekzio bikoitza aurkezten dute. Lehenengoak bikote aberats bat erakusten du, beren lan arazoei buruz, eta horietatik ondorioztatzen diren arazo pertsonalei buruz hizketan. Diapositiba proiekzioak hainbat taula erakusten ditu, eta soldataren eta produktu beraren gehieneko eta gutxieneko prezioaren arabera, produktua lortzeko behar diren lanorduak kalkulatzen dira.
Lin Yilin (Guangzhou, Txina, 1964). Artista horrek erakutsiko duen lana eskulturaz eta bideoz osatutako instalazio bat izango da: adreiluzko kubo bat, sei monitore dauzkana, 1993tik 2003ra bitartean egindako performance-ak erakusten dituztenak. Igeri lehiaketak satirizatzen ditu, gizakiak berea ez den ingurune batera (uretara) egokitzen baita ahaleginaren, sakrifizioaren eta trebeziaren bitartez.
Tracey Moffatt (Brisbane, Australia, 1960). Sidneyko Joko Olinpikoetan artistak ateratako argazki sail bat erakutsiko da. Artistak begiz jo zituen dominarik lortu ez zuten atletak, laugarren gelditu zirelako. Aurpegian nabari duten nekea, oinazea, eta ahalegin ikaragarri eta ordainik gabea erakutsiko du, alferrikako ahalegina, beraz.
Joao Penalva (Lisboa, Portugal, 1949). Honen proiekzio batean gimnasta bat ageri da eraztunetako ariketa egiten. Gimnastikako ariketa gogorrenetakoa da hauxe, eta gimnastaren tentsioa eta ahalegin eskerga ikusten dira. Bideoa alegoria bat da, batzuetan gure buruari jartzen dizkiogun arau estu (eta batzuetan arbitrario) horietara egokitzeko ahaleginarena.
Lars Siltberg (Stockholm, 1968). Bideo instalazioa, hiru proiekzioz osatua, non gizon bat, oreka gaitzari eusten saiatzen den. Ekintza bakoitza ingurune desberdin batean garatzen da: lurrean, uretan eta airean. Ekintza nekosoa da eta barregarria batzuetan; hasitako ahaleginak absurdua dirudi, inolako zentzurik ez duena, baina pertsona behin eta berriro saiatzen da bere helburua lortzen, alperrik ordea.
Jaan Toomik (Tartu, Estonia, 1961). Artista honen bideo lan bat erakusten da: Peter and Mart izenekoa (2001), Veneziako 2003ko Biurtekoan ikusgai egon zena. Lanaren gaia da margolari bat, endekapenezko gaixotasun larri bat duena, baina, hala ere, lanean jarraitzen duena, gaixotasuna menderatzeko eta gainditzeko borondate sendoz, nahiz eta ezinezkoa izango den agian. Berari egindako elkarrizketa bat da, estilo dokumental eta zuzen batean egina.
Magnus Wallin (Kaseberga, Suedia, 1965). Bere Skyline (2000) (Zerumuga) jaso du erakusketak: animazioko 3D proiekzio bat, non trapezista batzuk ageri diren, behin eta berriz ahaleginak egiten dorre batera iristeko, baina beti hiltzen dira beren ahaleginean. Egoskorkeriak, hiltzeko moduaren ankerkeriak, bideo jokotik gertu egoteak, bai lan hau bai bere beste lan batzuk inguratzen dituen ironia beltzak, horiek denek Goyaren kalkografiazko lanen hurbileko bihurtzen dute.
Artur Zmijewski (Varsovia, Polonia, 1966). Bideo bat erakusten da, non artistak koru bat filmatu duen eliza batean kantuan ari dena. Ikuslea ustekabean ohartzen da kantariak gor-mutuak direla eta ahalegin handiak eginez lortzen dutela doinuari atxikitzea. Egundoko ahalegin horrek izugarri harritzen eta hunkitzen gaitu, baina, aldi berean, ezintasun sentsazioa sortzen du emaitzagatik eta normaltasuna hankaz gora jartzeagatik.
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04