Esquembreren Miguel Hernándezi buruzko komikia

Las tres heridas de Miguel Hernández
Carles Esquembre
Planeta Cómic, 2022
Miguel Hernandez garrantzi handiko poeta eta dramaturgoa izan zen XX. mendeko espainiar literaturan. Orain, bere heriotzaren 80. urteurrena dela eta, Carles Esquembre autoreak omenaldi bat egin nahi izan dio Las tres heridas de Miguel Hernández izendatu duen komikiaren bidez.
Hernandezek bere poesia ezagun bati emandako izenburuaz baliatu da Esquembre komikiaren izenburua aukeratzeko garaian. Hiru zauri hauek hiru bloke banatzen dituzte istorioaren egituran eta bloke hauetako bakoitzak Miguel Hernandezen bizitzaren garai bati egiten dio erreferentzia. Bata bizitzarena, bigarrena maitasunarena eta azkena heriotzarena. Bloke bakoitzari ematen zaion izena modu sinbolikoan hartu behar dugu, heriotzak ez baitu zehazki Miguel Hernandezen heriotzaz hitz egiten, baizik eta berak heriotzarekin pairatutako gertakariez, gerraren itzalak utzitako krudelkeriaz batez ere. Estrukturarekin jarraituz eta istorioa ia osotasunean orden kronologikoan kontatua egon arren, badaude hainbat marrazki edo hainbat pasarte iraganera edo etorkizunera salto egiten dutenak.
Liburu hau Miguel Hernandezen bizitzaren eta lanaren azterketa sakon batetik sortu da: biografiak, poemak eta dokumentu historikoak izan dira lan hau garatzeko erreferenteak. Material guztia aztertu eta barneratu ostean sortzen dira Esquembreren marrazkiak, zuri beltzean eta oinarrizkoena azalaraziz baina xehetasunei uko egin gabe.
Kapitulu-aurkibide bakoitzaren hasieran, zauri bakoitzarekin batera, zezenaren sufrimenduarekin lotutako marrazki sinboliko bat agertzen da. Hernandezek animalia honekin identifikatzen zuen bere burua, beraz zezenak galdutako odola berea ere izango da eta baita herrialde osoarena ere.
