Esther Ferrer . Ekintzatik objektura, objektutik ekintzara
1997/12/4 - 1998/2/4
Komisarioa: Margarita Aizpuru Domínguez
Artistak: Esther Ferrer
Testuak: Margarita Aizpuru, Gloria Collado, Helga de la Motte y Esther Ferrer
Muntaia: Expolan, Idurre Ugalde, Ainhoa Mujika, Edorta Lang
Prentsa oharra:
Esther Ferrer 1937an Donostian jaioa badugu ere, hogei urte baino gehiago darama Parisen bizitzen. 1967an Zaj taldeko kide egin zen Juan Hidalgo kanariarrarekin eta Walter Marchetti italiarrarekin batera. Gaur egun talde bezala funtzionatzen ez badute ere, talde haren egiteko eta jarduteko moduak agerian dira taldekide bakoitzak bere kontura egiten dituen artelanetan.
1967an garatu zuen Esther Ferrerrek bere lehen perfomancea, eta ordutik hona eginkizun horretan dihardu: hogeita hamar urte luze, beraz, arte langintza honetan mugildurik. Jarduera etengabe horren eredu dira osperik handieneko erakusketa eta lehiaketetara joateko jasotzen dituen konbidapenak; erakustaldiak antolatu ditu, besteak beste: Frantzia, Estatu Batuak, Espainia, Japonia, Kanada, Italia, Belgika, Polonia, Alemania, Suitza eta abarretan.
Performancea da artegile honentzat bere obra gidatzen duen haria; performancea beraz artelan guztietara loturik ikusi behar da, performanceak artelan horien alderdi eta gai asko barnebiltzen dituelako. Berak dioskunez, perfomancean denbora, espazioa eta presentzia dira osagarri: “Saio asko egiten ditut nire estudioan; gauzak aldatu eta denboraren erritmoa ere arras aldatzen da. Espazioa beti agertzen da desberdin, eta aldez aurretik dena aztertu behar izaten dut ekintzaren antolaketari ekiteko. Presentziari dagokionean, ordea, inoiz ez ditugu aurkituko bi presentzia berdin. Bai, ikusleak begiratu egiten dit baina neuk ere bai berari: bisaiak beti izan ditut gogoko”.
ESTHER FERRERren erakusketa. Ekintzatik objektura eta alderantziz, performance ideian oinarritutako artelan plastiko aukeratuen bilduman zehar egiten den ibilbidea da. Artegile honen jarduera desberdinak erakusten dizkiguten instalazio, argazki, objektu, marrazki, testu eta bideo-agiriz osaturiko erakusketa honetan Margarita de Aizpuru izan dugu komisari. Erakusketa hau dela eta, KOLDO MITXELENA Kulturuneko Erakustaretoak katalogo bat argitaratuko du. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez aterako den katalogo hori Margarita de Aizpuru, Gloria Collado eta Helga de la Motteren saiakeraz, Esther Ferrerren testuz eta performance zaharren irudiz eta erakustareto honetan bertan eratuko diren muntaiako irudiz osatuko da.
Erakusketako artelanak
1.- Profilak: horma batean tinta txinatarrez marraztutako ziluetaren gainera pertsona, animali edo gauzaren baten atal bat jartzen du edo proiektatzen, tamaina naturalean; ondoren, horien gainean beste zilueta handiagoa marrazten du eta gainean beste bat, eta beste bat... horrela harik eta marra beltzak hasierako horma gainditu eta inguruko hormetan zehar edo sabai eta lurrean zehar barreiatzen hasi arte.
2.- Au fil du temps: aulki bat puskatuta, hutsik. Hari bat ari da erortzen poliki-poliki aulki gainera, sabaizunean ezkutaturik dagoen mekanismo biratzaile baten bidez. Haria jaisten eta jaisten ari da, astiro-astiro, aulkia bera erabat estali arte. Haria ondoren alderantzizko bidea egiten hasiko da, sabaian ezkutaturik dagoen mekanismoak bilduko du poliki-poliki harik eta aulkia hutsik utzi arte, begien bistara aulkia biluzik laga arte.
3.- Zilueta 1 eta 2: diametro desberdinetako zirkunferentziak, soka edo itsasontzietan erabiltzen diren bezalako unama lodiz egindakoak. Zirkunferentziak airean daude hari meheen bidez zintzilikaturik.
4.- Paisaia: paisaia neutroa, hotza, eragabea eta grisa, industria metalurgikoren baten hondakinen errekortez osatua, horren guztiaren gainetik hagatxo zinbel batzuk azaleratzen, eta guraizak ertzetan.
5.- Dans le cadre de l’art: hamasei marko zuri, soilak, bata bestean sar daitezkeenak; markoak, hasi txikienetik eta hadieneraino, bata bestean sartzeko modura taxutuko direlako. Marko horietako bakoitzaren alboan tamaina txikiko gauza bat jarri da, oroitzapen dendetan edo purtzileria dendetan saltzen dituztenak baina artearen historiari buruz zerbait gogorarazten dituztenak.
6.- Memoria: lurrean esparru errektangeluarra mugatu da, eta hori kartazal hutsez bete, baina kartazalak zehaztasun handiz lerrokatu dira, azal-hegalak gora begira dituztelarik. Hartara, ehundaka triangelu txikiz osatutako erliebea erakusten zaigu. Erakustaldiak aurrera egin ahala, kartazalak ixten joango dira, tolesten; hasieran zutik zeuden azal-hegalak poliki-poliki erortzen joan dira era irregularrean, batzuk besteak baino gehiago itxiko dira giroaren eraginez edota kartazal bakoitzaren osakera desberdinaren eraginez, baina era beran beste batzuk hasieran eman zaien tankera berreskuratzen hasiko dira.
7.- Ibilbideak.- matematika eta geometrian oinarritutako muntaia dugu; honetan espazioa lantzen da, gorputz geometriko errektangeluarrez. Haria edo antzeko material arinez egindako marrazkiz, gorputz geometriko horiek ibilbidearen norabide desberdinak adierazten dizkigute. Formen aldaera fin horietarako tresna bezala haria erabili du, haria eta beste elementu sinple bat: iltzea.
8.- Gurutze-bidea: lurrean josita zurezko gurutzeak. Gurutze-bide honek bide bat eta geraleku batzuk adierazten ditu. Debeku eta ohartarazpen errolutuak erakusten dituzten zurezko hamabi gurutze horietan zehar ibilaldi bat egitera konbidatzen gaitu Esther Ferrerrek.
9.- Ehun aulkitarako performancea: Plastikozko ehun aulki sabaitik zintzilik, espazioaren menera.
10.- Beste begi batzuez begiraidazu edo begiraiozu zeure buruari: diptiko honek, alde batetik, artistaren autoerretratu baten argazkia erakusten du eta, bestetik, izpilu bat. Diptikoa marko batez inguraturik, markoan iltzeak josita eta iltzeetatik optika desberdinetako betaurrekoak esekita. Ikusleak erabil ditzake betaurreko horietakoren bat edo batzuk, edo gogoak ematen dion bezala begira dezake.
11.- Sexuak: bere gorputz atalak erakusten dizkigu, bere sexuaren argazkiak eta horietan pubiseko ilearen ordez jatorri desberdinetako objektu mehe , zuntz artifizial eta kolore guztietako marrazkiak jarri ditu.
12.- Heziketa-jostailuak: jostailu belikoak, arruntak, serien egindakoak, edozein dendatan eros daitezkeen horietakoak: hegazkinak, pistolak, lehergailuak, eta holako gauzak. Artegile honek eraldatu egin ditu jostailu horiek zakil tenteak gehituz. Hala, jostailu horien ohiko funtzioa -gerretara jolastea- testuingurutik atera eta beste zerbait erakusteko eraldatu da. Horrela sortu dituen irudi sendo, indartsu eta argiz, jostailuek gerra armatzat erabiltzen den bortxakeria irudikatzen dute.13.- Autoerretratua
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04