Esther Ferrerren performancea
Ostiral honetan, 19:30etan Esther Ferrer (1937) artista donostiarrak performance bat egingo du KOLDO MITXELENA Kulturuneko erakustaretoan Amable Ariasen Kaosari eta zoriari forma erakusketaren baitan.
Íntimo y personal du izena 1975 urtetik Ferrerrek egiten duten ikuskizun honek. Norberaren gorputza eta besteena neurtzean datza. Gorputz bakarrak, ezberdinak, publizitateak eta modak erakusten dizkigun gizonezko eta emakumezko gorputz estandarizatuetatik urrun.
40 urte baino gehiagoz Esther Ferrerrek, bere akzio eta performanceen bidez, espazio sozialean gorputzaren presentzia eta iragankortasuna aztertu ditu.
Argazkia: David Agimbau, 1998 - MACBA
Performanceak edozein pertsonak jarrai ditzakeen irizpide orokorrak proposatzen ditu, artistak berak berak behean azaltzen duen bezala. Irizpide horiek oso zorrotzak ez direnez, performancea ezberdina suertatzen da egiten den bakoitzean.
Egin dezake pertsona batek, berak bakarrik, edo askok, denek batera, inolako bereizketarik gabe. Beste batzuei ere egin diezaiekete, bikoteka, ilaran edo ez: lehen pertsonak neurriak hartzen dizkio bigarrenari; horrek, berriz, hirugarrenari; eta abar. Egin daiteke biluzik nahiz jantzita, zutik nahiz etzanda, edozein jarreratan eta egoeratan. Ikusle ugariren aurrean nahiz erabateko bakardadean. Ikusleen aurrean baldin bada, ispilu bat jar daiteke hondoan, haien irudia bertan islatzeko. Emaitza ez da gehiegi aldatzen.
Pertsona bakoitzak metro bana izango du, eta horrekin joango da neurtzen berak nahi dituen gorputz atalak, bereak nahiz beste batenak. Neurri bat hartzen duen bakoitzean, leku horretan jarriko du puntu bat, musika-nota bat edo zenbaki bat. Aldi berean, edo handik berehala, esan edo ez zenbakia ozenki, jo nota piano batean, edo erabilgarri dagoen beste edozein tresnatan, edo kantatu, besterik gabe. Errazago gertatzen bazaio, idatz dezake zenbakia arbel batean. Zein atal neurtu, guztiz librea da; beraz, ez da ezinbestekoa gizonezkoek neur dezaten beren sexua erekzioan edo ez.
Norberak uste duenean dagoeneko nahikoa neurtu duela, oinarritzat hartuta irizpide pertsonal, subjektibo eta, noski, anarkiko bat, nahi duena egin dezake, adibidez: zenbakiak arbel batean idatzi baditu, haien batuketa egin dezake, kontuz ibiliz ez huts egiteko, baina huts egiteko beldurrik gabe. Lurrean ere handi-handi idatz dezake, eta haren gainetik paseatu daiteke (horrek erraztuko dio besteekin topatzea). Beste aukera bat da zenbakia nahi adina aldiz errepikatzea, gustukoen duen bere kantuaren edo sinfoniaren erritmoan, edo benetan nahi duena egitea, bakarka edo bere proposamenak interesa sortzen dien pertsonekin batera. Baita ere egin dezake lasai-lasai alde egin, edo erre egin ditzake bere gorputzaren gainean itsatsitako nota, puntu edo zenbaki guztiak, baina, kontuz, aurrena haiek desitsatsi egin behar ditu eta.
INTIMOA ETA PERTSONALA hitzak informatiboak baino ez dira: gorputzean itsatsi edo idatz daitezke.
Emaitzak guztiz asebete bazaitu, hasi berriro nahi adina aldiz.
(Esther Ferrer)
Esther Ferrerrek nazioarteko errekonozimendua jaso du bere performance eta obra plastikoari esker. Estatu mailan aitzindaria izan da arte kontzeptualaren alorrean eta ZAJ musika eta artista talde abangoardistako kide izan zen 1967tik 1996ean banandu zen arte. 1999an Espainia ordezkatu zuen Veneziako bienalean eta 2008 urtean Espainiako Arte Plastikoen saria jaso zuen.
{jcomments on}