...eta Xabier Olarrak Ulysses itzultzeari ekin dio...
ULISES EUSKARAZ
James Joyceren Ulysses euskaratzearen kontua ez da atzo goizekoa. Esaten dute Gabriel Arestik egina zuen itzulpena guardiazibilek kontrol batean kendu ziotela, eta gaur egun galdutzat ematen dela. Pentsatzekoa da izugarri dibertituko zirela garai beltz haietan oso jende gutxiren esku zegoen testu bat hain merke eskuratuta.
Literatur itzulpenaren orainaz eta geroaz egin diren mahainguru eta eztabaidetan ere egin izan da galdera hau: “Eta Ulises, noizko?” Mitoaren maila lortua duen liburuari heltzearen garaia heldua izan zitekeela pentsatzen hasi ginen batzuk orain dela hamabosten bat urte, eta lan “latz” horri heldu beharko zitzaiola behingoz, Joyceren lan nagusietako beste bi, Artistaren gaztetako portreta eta Dublindarrak, Irene Aldasorok itzuliak zituenez gero. Baina nork ekin lan gaitz eta agian burutu ezina izan zitekeenari?
Egun batez, konpaiñia on batean, euskaldunik baizen etzen lekhuan nengoela, ekharri zuen solhasak, izan zen perpausa, etzuela deusek ere hanbat kalte egiten arimarako nola egitekoen geroko utzteak, egunetik egunera, biharretik biharrera luzatzeak. Eta on zatekeiela, behingoz, eta estakuru oro alde batera utzita, Ulysses euskaldunei euren hitzkuntzan eskaintzea, bereziki euskaraz irakurri nahi zutenei. Konpaiñia berean ez zuen nehork galdegin berehala nori eman zeikan liburuaren itzulpena egiteko kargua. Baina bertze guztien artetik, hasi zeizkidan niri neroni aditzera emaiten, lehenbizian kheinuz eta aieruz, eta gero azkenean, klarki eta agerriz, nik behar nituela egiteko hartan eskuak sarthu. Ordea nola ezpainintzen neure buruaz fida, desenkusatu nintzen ahal bezanbat. Baina alferrik, zeren hain zinez eta batetan lothu zeizkidan, non ezetz erraiteko bide guztiak hertsi baitzerauzkidaten. Eta hala deliberatu nuen, buru-eragotzkarri bezala, liburutto horren itzulpena egitera.
Eta gaztetan halako miresmena sortu zigun liburuak –modernismoaren lanik gorena askorentzat eta XX. mendeko narratiban eraginik handiena izan duenetako bat, dudarik gabe— XXI. mendeko euskal irakurle saiatuek agian estimatuko zutelakoan, igela argitaletxeak 2008 aldera erabaki zuen hurrengo urteetan euskaratu eta argitaratzeko liburuen artean sartzea.
Ambrose Bierceren Deabruaren hiztegia eta Raymond Queneauren Estilo-ariketak liburuekin pixka bat trebaturik, pentsatu nuen garaia zela. Eta bizimodua ateratzeko morrontza-lanetatik libraturik, bota nuen, 2012ko ekainaren 16an, Twitterren, lanari ekin niola. Banekien “itsas hondar gabe” batean sartzen nintzela, eta ez nekien onik aterako nintzen ala ez. Baina beste noizbait aipatua dudan optimismo patologiko batez joa izaki nonbait, eta horri esker burutu dut lana. Ahalik eta txukunen arituta.
Eta hor izango du euskal irakurleak irailaren 8tik aurrera eskura, sarrera batez, 3 eranskinez eta 3.000tik gora oharrez hornitua eta dotore argitaratua. Itzulpen-lan guztiak bezala, behin-behinekoa eta hobegarria, noski. Dena dela, har beza euskal irakurleak bihotz onez eta jarrera gupidagabez, ea “debile principium” honek fortuna hobea duen geroko geroan.
Xabier Olarra
#IritsiDaUlises