Etorri beharrekoa iritsi da.
Erakusketa: Etorri beharrekoa iritsi da/ Lo que ha de venir ya ha llegado
Komisarioak: Juan Antonio Álvarez Reyes, Alicia Murría, Mariano Navarro.
Ekoizpena: Centro Andaluz de Arte Contemporáneo (CAAC), Museo de Arte Contemporáneo de Castilla y León (MUSAC) eta Koldo Mitxelena Kulturunea.
Artistak: M-15 Artxiboa, Cecilia Barriga, Sarah Browne, Carolina Caycedo, Peter Coffin, David Diao, Druot, Lacaton & Vassal, Ecosistema urbano, Yona Friedman, Dionisio González, Iratxe Jaio & Klaas van Gorkum, Tellervo Kalleinen & Oliver Kochta-Kalleinen, Anna Moreno, Mika Taanila , Alain Tanner, The Temple Crew, Stefanos Tsivopoulos, Mona Vatamanu & Florin Tudor, Zemos98 …
Datak: Ekainaren 26etik irailaren 26a arte
Ordutegia: Asteartetik ostiralera: 16:00-20:00 eta larunbatetan 11:00-14:00 eta 16:00-20:00
Inaugurazioa: Ekainaren 25ean, osteguna, 19:30etan.
Etorri beharrekoa iritsi da egun bizitzen ari garen uneari buruzko erakusketa bat da. Izan ere garaiotan egonezin eta haserre erradikal bat ari da gizarte mendebaldarra zeharkatzen, hain justu globalizazioaren lehen krisialdi handitzat kalifikatu denak, gaur egun batez ere Europa hegoaldeko herrialdeak eta, zehatzago esanda, Espainia astintzen ari den horrek, jada hainbat urte egin ondoren. Krisialdi horrek lehen planora eraman ditu estatuen ahultasuna eta nazioarteko gobernu egituren ezgaitasuna, alderdi politiko tradizionalen eraginkortasunik ezarekin eta diagnostiko eta proposamen faltarekin batera krisialdiaren ondorioak eragozteari, arintzeari edo birbideratzeari dagokienez, herritarrei sakrifizioa eskatzetik at behintzat.
Krisialdia eragin duten botere politiko eta ekonomikoen oinarri ideologikoak eta jarduerak aztertu ondoren, gizarteko sektore zabaletan ari da errotzen eraldaketa sakonak behar direlako eta aldaketa horietan herritarrek eragile aktibo izan behar dutelako ideia.
Baina aldaketa horiek zehazteko eta garatzeko, ideiak sakondu eta garatu beharra dago,hain zuzen izan daitezkeen irtenbideak irudika ahal izan ditzagun. Abiapuntu honetatik hasita, Etorri beharrekoa iritsi da erakusketak hainbat esparrutako artista eta kolektiboak biltzen ditu; horien obrek eta jarduerek gogoeta lantzen dute, edo bide posible batzuk erakusten dituzte, gizarte egiturak, habitat urbanoak, formula ekonomikoak eta kolektibitateak antolatzeko egungo modu nagusiez besteko batzuk eratzera eta moldatzera begira.
Erakusketa elkarri estu lotutako hiru kapitulutan zehar egituratzen da. Lehen kapitulua Utopia suspertu da. Utopia edo utopia horizonte berriak imajinatzeko aukerari heltzen dio, neoliberalismoak marraztutako errealitate mugaezinaren ideiaren aurrean, honen ondorioak baitira, batetik, demokrazia gero eta ahulagoa izatea eta, bestetik, hainbat mendetako borroken ondoren izandako lorpen sozial eta politikoak arriskuan egotea.
Modernitatea, proiektu osagabea? deitutako kapituluak, bigarrenak, abiapuntu hartzen ditu modernotasunaren oinordeko diren aurrerapen nozioarekiko fedean oinarritako proposamenak -proposamen horietako batzuk joan zen mendeko 60 eta 70eko urteetakoak dira-, horiek bere etorkizun hurbilerako garapen eta elkarbizitza forma desberdinak pentsatu baitzituzten -batzuk urbanismoan eta arkitekturan zentraturik-; eta ikerketa egiten du, halaber, eguneroko bizimodua itxuratzeko eta garapen iraunkorra eragiteko eredu berriak bilatzeko unean proposamen horiek egun izan dezaketen indarraren inguruan.
Azkenik hirugarren kapituluan, Etorkizuna hemen daukagu izenekoan, aldaketak eragiteko esku-hartze eta lankidetzarako estrategiak islatzen edo proposatzen dituzten lanak eta esperientziak bildu dira, egituren demokratizazio parte hartzaile berri bat bilatzeko bidean.
Etorri beharrekoa iritsi da honek diziplina anitzeko ikuspegi bat eskaintzen du, eta, nazioarteko hogeitaka artista eta kolektiboren bideo, instalazio, pintura, marrazki eta argazkien bidez, bidali egiten gaitu utopiatik abiatuta helburutzat bizi garen munduan eragitea duten konfigurazio sinboliko zein erreal batzuetara.
Peter Coffin-ek mikronazioen gaiarekiko duen interesa 2000ko urtean hasi zen, bere nazio independentea martxan jarri eta mundu osoan zehar antzeko proiektuei buruzko informazioa biltzen hasi zenean, estatu subirano independenteen sorrera aldarrikatu duten banakako ekimenak izan baitaitezke, edo gizarte txikienak, edota sezesio mugimenduak edo nazio-estatuak; horietako batzuek euskarri dituzten ideien sustraiak izaera utopikoko pentsamendu sistemetan daude, eta XIX. menderaino, are lehenagoraino, egiten dute atzera.
Stefanos Tsivopoulos artista txekiarrak artxibo handi bat sortu du, eta horretan monetari eta trukeari buruzko informazioak biltzen ditu, eta diruaren erabilera iraultzeko asmoz hainbat herrialdetan eta garai desberdinetan garatutako esperientziak.Historian zehar moneta gisa erabili den objektu sortan murgiltzen da, moneta ofiziala erabiltzen ez duten truke sistemetan eta komunitateek, estatu eta herrialdeetatik modu independente batez, bere moneta propioak sortu dituzten moduetan; eta jaso egiten ditu, halaber, kolektibo askok elkartrukea eta trukea erabiltzen duten modua, ekintza horietan bere esangura eta helburu propioak txertatzen baitituzte.
Anna Morenok, bere lanean, aztertu egiten du arteak politika, aktibismo, demokrazia edo eskubide zibilekin duen harremana, edota praktika artistikoek aldaketa sozialerako tresnatzat betetzen duten papera. Bere bideo-instalazioan antzerki-lan bat erakusten du; honetako istorioa 5 pertsonaiaren inguruan osatzen da -denak artistak dira, eta jarrera desberdinak ordezkatzen dituzte-, eta hirian izandako uholdeak direla eta, hainbat objektu erreskatatu eta gaur egungo arteko museo bateko azkeneko solairuan babesten dira.Erakusten dituzten jarrerek konpromiso sozial eta politikoak hartzeari uko egitea aipatzen digute; Morenok artearen mundu osora zabaltzen du pasibotasun hori, eta kulturara aplikatutako ekonomizismoa azpimarratzen du, lan artistikoaren izaera prekarioarekin batera.Aldi berean, artistarentzako “portu seguru” gisako museo instituzioa zalantzan jartzen du, eta horrek mundu errealarekiko eta honetako arazoekiko konexiorik ez izatea aipatzen du halaber.
Tellervo Kalleinen & Oliver Kochta-Kalleinen artistek, The making of utopia bideoan, Australian diren lau komunitate aztertzen dituzte; horien filosofiak konbinatu egiten ditu eskola zaharreko komuna hippyen ezaugarriak eta eko-herrixka auto-iraunkorren eredu berriak.Eskala txikian, partaidetzazko kontsentsuan oinarritutako demokrazia formen bideragarritasuna erakusten dute, forma horiek, zailtasunez bada ere, sistematik at existitzeko modu alternatiboen garapean lortutako arrakastarekin batera.
Mika Taanila finlandiarraren bideoaren mamia 50eko urteetan diseinatutako etxe eredu bat da, itxura futurista eta hausleko bat, merkea eta eraikitzeko erraz bat; izan ere, horrek bildu egiten zuen urte haien ezaugarri izandako aurrerapen, kostu baxuko ongizate eta etorkizunarekiko fede espiritua.Etxe horietako oso gutxi egin zituzten baina, porrot komertziala gertatu arren, gauzatu zen utopia baten adibide arrakastatsutzat igaro dira diseinuaren historiara.
Alain Tanner zine zuzendariak, Une ville à Chandigarh izeneko dokumentalean, kontatu egiten ditu Le Corbusierrek Indiako Punjab probintziako hiriburu berri izan behar zuena eraiki behar zuelarik izandako gertaera eta pasadizoak.Tannerrek, bere irudiez eta John Berger idazlearen aipamenez, saiakera zorrotz bat eraikitzen du, hiri baten plangintzak bertako biztanleen aurrerapen kultural eta sozioekonomikoan egin dezakeen ekarpenaren inguruan.Gaur egun Chandigarh India osoko alfabetizazio indize handieneko hirietako bat da.
Dionisio Gonzálezen argazki manipulatuek, bere aldetik, modu digitalean berreraikitzen dituzte Le Corbusierrek Chandigarh-en gauzatzerik izan ez zuen eraikinetako batzuk, beste elkarbizitza-eredu batzuk sortu nahi zituzten proiektu batzuk ahanzturatik berreskuratzeko asmoz.
David Diaok, bere pinturaren bidez, bereganatu egiten ditu utopia arrazionalistak gorpuztu zituzten arkitektoek -esaterako Philip Johson-ek- sortutako espazioak, hain zuzen modernitateari buruzko kartografia sorta bat osatzearren; eta horien gainean bere kontraesanak adierazten ditu, bere ziurtasunetako asko eta askoren hauskortasunarekin batera.
Yona Friedman arkitekto errumaniar beteranoak corpus teoriko garrantzitsu bat garatu du; horretan, bere erabilerez ez, baizik eta bere aukera kolektiboez definitzen den hiri mota bat proposatzen du, lurzoruaren inguruko espekulazioaren, zerbitzu publikoen narriaduraren edo herritarren eskubideak eliteen onura ekonomikoen aurrean desagertzearen kontra agertuz erabat.
Druot, Lacaton & Vassal arkitekto taldeari dagokionez, duela gutxi Parisen gauzatutako obra bat erakusten da; horretan, egoera txarrean zeuden etxebizitza-eraikin batzuk eraitsi behar zituztelarik, arkitektoek zertutako esku-hartzeak erakutsi zuen ezen inbertsio askoz txikiago batekin eraikinak eraldatu egin zitezkeela. Proiektu hori birgaitze eta iraunkortasun eredu paradigmatikoa bilakatu da.
The Temple Crew kolektibo bat da, 2000ko urteaz geroztik ehunka kolaboratzaile izan ditu, eta burua David West (Kalifornia, 1945) eskultore iparramerikarra da.Kolektibo honen lana arte publikoko instalazioak eta egiturak egitea da, galkorrak gehienetan, eta horien helburua gogoetarako, ospakizunerako edo oroitzapenerako lekuak sortzea izaten da, komunitate eta harmonia espiritu bat sustatzearren. Obra nagusienen artean Burning Man jaialdirako eraikitako tenpluak daude. Black Rock-eko basamortuko (Nevada, AEB) topaketa hori urtero izaten da, iraileko lehen astean, eta 1990az geroztik Black Rock City hiria altxatzen duten 50.000 pertsona baino gehiago elkartu ohi dira. Hiri hori jada ospetsu egin da, bere antolaketa maila altuagatik eta urtero desagertu eta hurrengo urtean berriz sortzeagatik.Autogestio ekimen horren premisetako bat konpromiso ekologiko handia da, eta energia berriztagarriak erabiltzen ditu, ingurumenean eragin negatiborik izatea saihesteko.
Conocimiento común obran, liburu-orrien artean prentsatutako landare eta lore sorta bat bildu du Sarah Brownek; arrazoi sentimentalak tarteko pertsona askok noizbait egindako zerbait da hori.Brown-entzat, landareak gorde dituzten liburuetan beretan datza interesa:tradizionalki emakumezkoenak izandako lanbideak jorratzen dituzten testuetatik pentsamendu utopikoari zein lan edo politika harremanei buruzko testuetaraino, interes intelektual zein pertsonalen indize edo aurkibide baten adierazgarri.Estudios utópicos-ek utopiaren azterketaren eta praktikaren inguruan elkartutako mikrokomunitate akademiko batekin lotutako irudien artxibo bat erakusten du.
Film honetan, herritarren haserrea piztu zen hiru eszenatoki dokumentatzen ditu Espainian finkatutako Cecilia Barriga zinegile txiletarrak:Madril, 2011ko maiatza, 15M izena eman zitzaien protestetan zehar; New York, Occupy Wall Street garatu zen egunetan, eta Txileko Santiago, Toma el Colegio mugimenduak, irakaskuntza ertainetako ikasleek osatuak, 2012ko zazpi hilabetetan zehar hainbat zentro okupatu zituenean.Batzuentzat “istant” horiek bakar-bakarrik une bateko irakinaldi bat irudikatzen dute, errebeldia pizte labur bat, eraldaketa efektiboetan zail zehaztekoa bera; beste askorentzat, baina, sistema modu positibo batean higatuko duten mikroaldaketak bultzatzeko gai den ehun baten sorrera dakarte horiek.Cecilia Barrigaren asmoa da gizabanakoek gara ditzaketen autoantolaketa eta kooperazio prozesuak jasotzea eta erakustea, horiek metatzea ahalbidetzen duten irakaskuntza eta esperientziekin batera.
Archivo 15-M. Batzuentzat 15-M deitua une bateko leherketa bat izan zen. Alabaina, oinarri asanblearioko mugimendu bilakatu zen, oso sofistikatua gainera antolaketa aldetik, eta horretan Internetek eta sare sozialek eginkizun erabakigarria bete dute.15 Mri lotutako kolektiboak, plataformak eta taldeak ia-ia sektore guztietan dagoen ehun bat osatu dute, ehun aktibo bat, eta ez dira mugatzen protestak artikulatzera (irakaskuntza, osasun, ekologia, kaleratze eta abarretan), proposizio politikak ere garatzen baitituzte. Hemen 15Mek erabilitako materialak erakusten dira, haren artxibo zabalekoak, hala nola kartelak, banderak, testuak, marrazkiak... garatu eta garatzen ari diren errebindikazio eta borroka sorta zabalaren erakusgarri.
Mona Vatamanu errumaniarrak eta Florin Tudor suitzarrak elkarrekin egiten dute lan 2000ko urteaz geroztik, Europa ekialdeko herrialdeetan komunismoak utzitako legatu traumatikoa aztertzen duten multimedia lan, event eta bideo pila batean; batez ere Ceaucescuren ondotiko Errumania dute langai, eta Sobiet Batasunaren mendean egondako erregimenetatik bizirik diren hondarretan jartzen dute askotan arreta.Appointment with History(Historiarekin hitzordua) lanaren sorburua Basilean ikusi zuten manifestazio antikapitalista batean dago; izan ere, sinbolo, intsignia eta banderetan Errumania sozialistan izaten zirenak ekarri zizkien gogora.Horretatik abiaturik, utopia zaharrentzako sinbolo eta esangura berriak bilatzen hasi ziren, herrialdeen historiako une desberdinetan ideologia desberdinak lotzen dituzten irudiak baliatuta.Egiten dituzten koadro txikiek Siriako gerra zibileko sarraskien kontrako adierazpenak jaso ditzakete, Madrilgo Plaza Mayor-eko suminduen manifestazioak edota etorkin afrikarrak Lampedusako uhartera iristea.
Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum-en instalazioak, euskaldun eta holandar batek osatutako artista ekipoa–bideo, objektu, argazki eta dokumentuez osatua- lana du aztergai, ikuspegi soziologiko batetik begiratuta eta esperientzia autobiografiko batetik abiatuta. Besteak beste, hausnartzera garamatza lan ekoizpenaren inguruan, tokiko manufaktura-industrien desagerpenaren gainean eta globalizazioaren ondorioen inguruan, erreferentziatzat hartuta van Gorkum beraren aiton eskulangilea eta hark utzitako legatua.
Carolina Caycedoren obrak harreman estua du haren bizitza eta esperientziekin, bai betiko nomada izatearekin edo, berak nahiago duen moduan, munduko hainbat herrialdetan zeharreko “migratzaile” izatearekin.Garatzen duen praktika erantzun bat da, munduko biztanleriako talde izugarri handiei kapitalismoak ezartzen dizkien baldintzatzaile eta murrizketen aurrean, eta gizabanakoen eta komunitateen arteko harremana eraldatzeko dinamikatzat ikusten du arte-ekintza.Día a día biziraupen pertsonaleko proiektu bat izan zen, 2002 eta 2009 bitartean garatua -besteak beste Viena, New York, Berlin, Los Angeles eta Londresen-, horietan zerbitzu “trukera” mugatzen baitzuen bere lan jarduera, bai bizi izateko ezinbesteko gauzak bai “behar ez diren” objektu edo ondasunak sartuz horretan.Erakusketa honetan, berriz, bere argitalpen bat eskaintzen du, nahi duen bisitariak utz dezakeen liburu baten trukean.Jasotzen diren liburuak KMKren liburutegira igaroko dira, erakusketa amaitzen denean.
Ecosistema urbanok pedagogia esperimentalen laborategia den Fundación Reggio Children Centro Loris Malaguzzi deiturako egindako proiektuak espazio malgu eta eraldagarrien diseinu bat planteatzen du; horretan ikasleak protagonista dira, duten partaidetzak eragiten baitu funtzionamendu orokorra.Diseinu bioklimatikoak energia kontsumoa eta ingurumenaren gaineko eragina murriztea ahalbidetzen du, eta ikasleak ere inplikatzen ditu, bereganatzen duen eginkizun hezitzaileaz.
Zemos98 taldeak hezkuntza, komunikazioa eta ikusizko sorkuntza ikertzen eta horiekin lotutako edukiak programatzen eta produzitzen ditu.Egiten duen proposamenak artistek kultura aske eta unibertsalarekin duten konpromisoa planteatzen du, artearen mundua gobernatzen duten hierarkia bihurrizko sistema oso bat malgutzeko lehen pausoetakotzat, sistema horretan ezinbestekoa baita sorkuntza babestea eta partekatzea.Horrenbestez lan kolektiboak, produkzioaren kontzepzio berri baten, autore nozio berraztertu baten, subjektibotasunaren kontzeptu malgu baten eta intelektualki aktiboa den sare baten oinarrizko elementutzat, zalantzan jartzen du egungo gizarteak sustatzen duen logika indibidualista.
Irudia: Peter Coffinen instalazioa CAACn. Argazkilaria: Guillermo Mendo.
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04