Euskal Antzerkiaren Dokumentazioa eta Antzerti
Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiak, beste erakundekin batera, gordetzen dituen euskal antzerkiari buruzko bildumak aurkeztuko ditu Mintzolak 2014ko Xenpelar Dokumentazio Jardunaldietan, Koldo Mitxelena Kulturuneko aretoan, Euskal Antzerkiaren Dokumentazioaren gaia jorratuko baitu azaroaren 20tik 27ra.
Horien artean gogoangarriak dira Euskal Izkera ta Iztunde Ikastolak (Donostia, 1915) eginiko urtekariak, Toribio Alzagaren (1861-1941) zuzendaritzapean.
Urtekari horietan jasotzen da eskolaren istorioa, besteak beste, honako agiri hauen bidez: prentsako ebakinak, antzerki saioak iragartzen zituzten kartelak, esku programak, eskutitzak, argazkiak eta jarduera memoriak jasotzen dituzten eskuz idatzitako txostenak, lehiaketetako epaimahai txostenak eta eskolako ikasleen kalifikazio aktak.
Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegian gordetzen diren bi bolumenak, 1915-1929 urte bitartekoak, digitalizatu dira aurten eta katalogoan kontsultagarri daude.
Horrez gain, argazki guztiak erregistratu dira, banan-banan hartuta. Kasu askotan argazki horiek datak eta identifikazioak dituzte eta hori horrela, garai hartan Euskal Herri guztian euskarazko antzerki saio arrakastatsuak egin zituzten aktoreen memoria iraunarazten laguntzen dute.