Euskal Herrian antzina egindako soinu grabaketak eskuratzen
Jaso berriak ditugu, Archive-British Library Collectionek bidalita, Peter Kennedyk 1953an Euskal Herrian grabatutako zenbait soinuen kopia digitala. Biarritz eta Iruñean egindako grabaketak dira eta musika, abestiak eta dantzak aurki daitezke haien artean. Foltrax web orrian edukinen deskribapen zehatza topa daiteke.
Grabazioen hedapena handitzeko, eta egin ziren herriaren ondare kulturala zaintzen duen erakunde baten ardurapean jartzeko, KOLDO MITXELENA Kulturuneko liburutegiaren eskutan grabazio horien kopia bat jarri dugu.
British Library
2014ean, Biblioteka eta Jakintza erakusketaren barruan, Xabier Erkiziak Soinu grabatuaren politikak izeneko soinu-instalazioa aurkeztu zuen KOLDO MITXELENA Kulturuneko erakustaretoan. Testuinguru horretan, Euskal Herritik kanpoko zenbait artxiboetan gordeta dauden Euskal Herriko soinu grabatuak identifikatu zituen. Informazio horri esker, Peter Kennedyk grabatutako zenbait soinuz gain, beste zenbait soinu artxiboak jaso ditugu gure bildumarako. Hain zuzen, Rudolf Trebitschek 1913an grabatutakoak, Vienako Phonogrammarchivek argitaratu dituenak, eta Alan Lomax etnomusikologoak 1952an grabatutakoak, Estatu Batuetako Rounder Records argitaletxeak argitaratu dituenak.
Rudolf Trebitschen grabaketei dagokionez, kuriosidade gisa aipatu behar dugu KOLDO MITXELENA Kulturuneko liburutegiko Julio Urquijo funtsaren zenbait dokumentu –digitalizatuta eta katalogokoaren bitartez eskura daudenak- grabaketa hauekin zer ikusirik daukatela, Urquijo eta Trebitschen harremanaren lekuko izateaz gain. Hain zuzen, bien arteko korrespondentzia jasotzen duenak, Julio Urquijok La Gaceta del Norten Trebitschen grabaketak egiteko egin zuen bisita adierazten duen artikuluak eta Trebitschek berak Euskal Herrira egindako bisitari buruzko idatzitako txostena.
Orain, grabaketa beraiek gehitzen ditugu liburutegiko bildumara.
Bidean daude beste Trebitschen grabazio batzuk, argitaratu gabekoak, Berlineko Ethnologisches Museumeko Phonogramm Archiven gordeta daudenak, eta Azoulay doktoreak XX. mendearen hasieran egindakoak, Pariseko CREMen (Centre de Recherche en Ethnomusicologie) gordeta daudenak.
{jcomments on}