Euskara, jalgi hadi mundura!
Beste urte batez, abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu eta KMK Liburutegitik gure hizkuntza den honen lan garrantzitsuenetako batzuk gogoratu nahi ditugu.
Euskara, jalgi hadi mundura!
Abenduaren 3an ekintza eta ekitaldi ugari antolatu ditugu hainbat erakunde eta lagunekin euskara ospatzeko: hitzaldiak, mahai-inguruak, antzerkiak, film emanaldiak, liburuen irakurketa, kontzertuak... KMK Liburutegitik euskara idatziaren hastapeneko funtsezko lan batzuk gogoratu nahi ditugu, bertan baititugu gordeta dokumentu horietako batzuk.
1545, Linguae Vasconum Primitiae
XVI. mendearen erdialdean kokatzen gara, 1545 urtean hain zuzen ere, euskaraz inprimatutako lehen liburua aurkitzeko. Linguae Vasconum Primitiae da obra hori (Euskaldunen hizkuntzaren primiziak), Bordelen argitaratua eta Bernat Dechepare elizgizon baxu-nafarrak sinatua.
Lan hau gai erotiko, autobiografiko eta erlijiosoko poema bilduma bat da, nahiz eta euskarari eskainitako bertsoak ere biltzen dituen. Decheparek mundura irtetera gonbidatzen du euskara eta hala aldarrikatzen du lan honetan "Euskara, jalgi hadi plazara" edo "Euskara, jalgi hadi mundura" bezalako esaldiekin.
Jatorrizko kopia Frantziako Liburutegi Nazionalean (BNF) gordetzen da, baina KMK Liburutegitik dokumentuaren bertsio digitalera sar daiteke.
- Dokumenturako sarbidea BNFn hemen
- Kopia digitalerako sarbidea KMKn hemen
- Obra honen inguruko lan interesgarri batzuk:
- Introducción al Linguae Vasconum Primitiae de Bernard Dechepare: (primer libro impreso en vascuence) / por Julio de Urquijo.
- Linguae vasconum primitiae : the first fruits of the Basque language, 1545 / Bernard Etxepare ; foreword by Pello Salaburu ; introduction by Beñat Oyharçabal ; translated by Mikel Morris Pagoeta
1567-1602, Lazarragaren eskuizkribua
Euskarazko literaturaren historiaren jatorriaren errepaso labur honetako beste lan nabarmenetako bat 2004an aurkitutako dokumentu bat da, XVI. mendearen bigarren herenekoa. 106 orrialdeko eskuizkribua da (102 baino ez dira gorde), gehienak Larreako (Araba) Dorrearen jauna zen Juan Perez Lazarragak euskaraz idatziak. Testu hau garai hartan Arabako lautadan hitz egindako euskararen lekuko bikaina da.
Izaera profanoa duten eta maitasunaren inguruko gaiak jorratzen dituzten koplek, bertsoek eta kontakizunek osatzen dute. Ikerlarien esanetan ere, nabarmena da bertan gainera eusquel erria hitza agertzea (çegaiti doçun eusquel erria/aynbat bentajaz dotadu).
Jatorrizko dokumentua gaur egun KMK Liburutegian dago, eta bertsio digitalera ere sar daiteke.
- Dokumenturako sarbidea KMKn hemen
- Obra honen inguruko lan interesgarri batzuk:
- Lazarraga eskuizkribuaren edizioa eta azterketa / Gidor Bilbao, Ricardo Gómez, Joseba A. Lakarra, Julen Manterola, Céline Mounole, Blanca Urgell
- Lazarraga : Ernazimentua euskaraz / Pruden Gartzia
1571, Joannes Leizarragaren Testamentu Berria
XVI. mendearen azken herenean ere, 1571. urtean, euskararen beste funtsezko lan bat argitaratu zen, Itun Berriaren itzulpena (Iesu Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria), Joana Albretekoa Nafarroako erreginak Joanes Leizarraga ministro kalbinistari enkargatua. Itzulpena 1566an amaitu bazen ere, 1571. urtera arte ez zen argitaratu (Arroxelan), urte horretan Juanak protestantismoa bere erresumako erlijio ofizial izendatu baitzuen.
Edizio honek hiru liburuki zituen: Iesus Christ GureIaunaren Testamentu Berria (Itun Berria); Kalendrera, jai erlijiosoen egutegia; eta ABC edo Christinoeninstructionea, irakurtzen ikasteko oinarrizko irakaspenak eta doktrina. Aipatzekoa da, gainera, beste erlijioso euskaldun batzuek ere parte hartu zutela itzulpen honetan, eta, beraz, testuan euskara lapurtera, zuberera eta baxenabartar euskalkiak agertzen dira.
Badira gordetzen diren lan honen zenbait ale, ez asko ere, eta horietako bat KMK Liburutegian dago.
- Dokumenturako sarbidea KMKn hemen
- Obra honen inguruko lan interesgarri batzuk
- Introducción a las obras de Leizarraga : sobre el modo de disponer la reimpresión, en particular sobre las erratas y variantes en el texto de Leizarraga / Hugo Schuchardt ; traducción de I. Ruiz Arzalluz, J.M. Velez Latorre
- L'oeuvre des protestants dans la litterature basque avant et après Liçarrague / par Pierre Lafitte
- Leizarragaren idazlanetan barrena / Patxi Salaberri Muñoa
Eta hemendik aurrera zer? Gora-beherez jositako ibilbide bat, garai loretsu zein ilunekin, istorio handiak utzi dizkiguna. Horietako asko gure Liburutegian aurkituko dituzue, bai bertsio digitalean bai paperean, euskarazko sorkuntzaz gozatzen dugun bitartean irakurtzeko prest.
Euskara, jalgi hadi mundura!