Sir Desastre: Fanxinoteka
Hasieran, Artelekura; gero, Koldo Mitxelena Kulturuneko apalategietara.
Fanxinoteka, baina, ez zen sortu ezkutuan bizitzeko. Horregatik, tarteka, fanzinek hanka egiten dute, eta argitara egiten dute salto. Horretarako ari dira oraintxe hauek Komikigunean prestatzen, hain zuzen ere.
Nondik ageri zen, baina, Fanxinoteka?
Napartheidek urteotan bildutako mundu osoko fanzineak dira hauek. Fan eta xin egin dutenak. Horrela, komunikazioa eta ideien trukaketa sustengatzen zuten aldizkari bilketa hau: munduko txoko batean egindakoa munduan zehar erakusteko beharra; munduko txokoetan egindakoa ezagutzeko beharra.
Berdintasunean. Ez zuen axola jasotzen zena eta bidaltzen zenaren arteko balore ekonomikoa. Bestelakoak diren balioak eta baloreak.
Pentsatu behar dugu posta elektronikorik gabe egiten zela hau dena. Pentsatu behar dugu ere fanzine gehienak grapagailua, aiztotxoak eta kola erabiltzen egiten zirela. Eta fotokopiagailua. Ez ziren itsusiak cool izateko. Horrelakoak ziren.
Mezuak idatzi, kartazalak prestatu, zigilua jarri,… helbideak ere besteek egiten zituzten erreferentziei esker edo propio argitaratzen ziren papezko direktorioei esker lortzen ziren.
Bidalketa iristen al zen? Ba… baietz, beti. Bidalitakoa jasotzen al zen? Baaa, bai, nonbait Napartheiden helbidea The Basque Country izatea ez zen oztopoa.
Zer da bildu zena? Milaka eta milaka argitalpenak. Kontrainformazioa, komikigintza, katalogoak, musika, komikiak eta bestelako arteak. Multzo horietan banatzen genituen. Gaur, auskalo! Tmt, label, etiketa,… jartzea esango genuke, ezta?
Gainera, komikiak hizkuntzaka antolatzen genituen, munduari gure begiz begiratzen genion eta. Nola bestela?
Egun, baina, zer nolako begiekin begiratuko diegu orri grapatu multzo zoragarri honi?
Sir Desastre