Fermín Solísen "Elia", funtsezko komikia
Istorio eta idazlearen birpasa egingo dugu
Fermín Solísen "Elia", funtsezko komikia
Espainiako Komiki Kritikari eta Dibulgatzaileen Elkarteak (ACDCómic) 2023ko lehen erdiko Funtsezko Komikien zerrenda argitaratu du, hogeita hamabost lanek osatutako zerrenda batekin. Horien artean ondorengo lerroetan aztertzen dugun komikia dugu, Fermín Solísek sortutako Elia izeneko lana.
Komiki honek Elia idazle gaztearen istorioa kontatzen digu. Protagonista harreman sentimental polit baina gogor batetatik irten berri da eta egoera honengatik bere hiria den Córdoba utzi eta Galiziako herri batetara bizitzera joatea erabakitzen du. Bertan asko ezagutu ez zuen izeba batek etxe bat oinordetzan utzi zien eta bide batez, familian tabua izandako senide honen istorioa ezagutuko du. Bere freskotasunari esker, baina baita landareak zaintzeko dohainari esker ere, herrian pixkanaka harreman berriak sortuko ditu, gehien bat bertako emakumeekin, eta halabeharrez gizon batzuen mesfidantza piztuko da.
Ohiturazko nobela grafiko honek istorio intimo bat dakarkigu, eta gai sakonak jorratzen diren arren (homofobia, matxismoa, tratu txarrak, suizidioa) oso irakurketa arina eskaintzen digu. Hiru zatitan banatzen dela esan dezakegu, bakoitza kokapen desberdin batekin, hots, Cáceres, Córdoba eta Galiziako kostaldeko herri bat. Marrazkiak ere, narrazioak duen arintasun horri laguntzen dio, ilustrazio sinpleez baliatuz eta lur kolorea bakarrik erabiliz, beltzarekin batera.
Fermín Solís (1972, Cáceres). Marrazkilari eta komikigile espainiarra da, Espainiako “olatu” edo belaunaldi berrian kokatzen dute Frantziako adituek. Eskarmentu handiko egilea, komikiaz gain, testuliburuak ilustratzen ditu baita haurrentzako ipuinak ere. Komiki Sari Nazionaleko finalista izan zen 2010. urtean, Buñuel en el laberinto de las tortugas (Reservoir Books, 2019) komikiarekin. Hain zuzen ere, komiki horren zinema egokitzapenak arrakasta handia lortu zuen, eta gainera animazioko film onenaren Goya saria eskuratu zuen. Elia komikiaren lehenengo zatia Cáceres hirian, Solisen jaioterrian, gertatzen da eta edozein momentutan idazlea binetaren batean azaldu daitekeela ematen du.
Elia komikia gure nobedadeen artean duzue eskuragarri Errege-erregina Katolikoen kaleko 16. zenbakiko gure egoitzan. Gainera gure katalogoan Fermín Solísen lan gehiago ere aurkitu ditzakezue.