'Fire punch' komiki seriea

Norma, 2017-2018
Shonen gisa identifikatutako manga komikia da honakoa, Norma argitaletxeak 8 bolumenetan bildumatua izan bada ere, jatorrian Shueisha etxe ezagunaren Shônen Jump+ online plataforman eskainia izan zen. Fire punch komikiaren gaiak akziotik hasi, misterioa, fantasia, super botereak, naturaz gaindiko gaiak, abentura, drama, gazteentzako modukoa, apokalipsiaren ondorengo bezala ere ezaguna da, eta zientzia fikziorainoko bide luzea hartzen du bere baitan.
Tatsuki Fujimoto da Fire punchen egile gaztea, manga honen gidoilari, marrazkilari zein entintatzailea. Gazte-gaztetatik hasi zen berak sortutako aldizkari bat marrazten, eta segidan bere eredu eta bere afizio zen Shueisha ente erraldoiera bidaltzen hasi zen egindako lanak. Bertan onartu eta argitaratu dizkiote 2014 urtetik aurrera hainbat komiki. Berari buruz irakurri ahal izan ditugun kritiketan bere gidoilari lana gorazartzen dute batik bat. Marrazkiari dagokionez berriz, egileak berak aitortu izan du narrats samarra dela bere trazoa, oraindik hobetu beharra duen alorra dela, nahiz eta bere komikien arrakasta handia izan.
Fire punch komikian ‘izotzetako sorgina’ omen da egoeraren errudun, mundua elurrak estalita utzi du, eromena eta gosea gailendu dira, eta munduko biztanle oro, izoztuta, bero apur baten bila ari da. Mundu honetakoak dira Agni mutikoa eta Luna, bere arreba txikia, biak izan dira birsorkuntzarako bedeinkatuak. Eta hau izango da beraien borroka. Agni, protagonista, gai izango da segundo apur batzutan bere gorputzeko edozein atal birsortzeko, nahiz eta ia gorputz osoa galdu.
Norma argitaletxekoek komiki hau shonen gisa sailkatu dute, beste komiki batzuen arau berdinak jarraitzen dituelako, esaterako ‘Ataque a los titanes’ komikian bezala. Gainera ‘I am a hero’ manga seriearekin ere badauzka antzekotasunak, biek dauzkate oso eszena gordinak. Baina, norberak epaitzea izango da onena! Gozatu istorioarekin!