Gorputzen leizea. Gorputzaren irudiratzea Frantzian 1930-1960
1994/10/21 - 1995/1/15
Komisarioa: Juan Vicente Aliaga
Artistak: Antonin Artaud, Hans Bellmer, Jacques André Boiffard, Jean Fautrier, Alberto Giacometti, Eli Lotar, André Masson, Henri Michaux, Germaine Richier, Wols
Testuak:
Muntaia:
Prentsa oharra:
Koldo Mitxelena Kulturuneko Erakustaretoak aurkezten duen seigarren erakusketa hau, 1930 eta 1950 bitartean Frantzian garatu zen artearen lan adierazgarriz osatuta dago.
Erakusteta honen bidez aurkezten diren artistak ez dira korronte eta estilo bateratzaile jakinetan barneratzen. Izan ere, beren artelanen bitartez norbere indibidulatasuna azaltzen dute eta, gorputzaren irudiratzea gai nagusitzat hartuz, erradikala eta batzuetan bortitza izan den arte baten lekuko dira.
Sarrera
Erakusketa honetako artistek proposatzen digutena ulertzeko beharrezkoa da Frantzian eta 1930 eta 1950 bitartean, hau da, Bigarren Mundu Gerra aurreko, bitarteko eta ondorengo urteei dagokien denboraldian kokatzea. Garai nahasia eta iluna izan zen hau, giro politiko aldakorra, ekonomi krisia, nazismoaren zuzperraldia, alemanen okupazioa, askapena eta berreraikuntza ezagutu zituzten urteak alegia.
Espazio itogarriak, leizea, isolamendua, errepresioa, ikara, izua, oinazea, heriotza, etsimena, ulergaiztasuna eta indarkeria dira artista hauek bizi izan zituzten egoerak hobekien definitzen eta deskribatzen dituzten hitzak eta ondorioz, hauen isla bihurtu ziren beren lanak. Guztiek lortu zuten beren artelanen bidez, egonezin espirituala eta gabetza materiala, itxaropenarekin eta erronkarekin elkarbizi ziren garai hartako atmosferaren itzulpena egitea. Giro hau, pentsamolde berrien sorrera eta diskurtso artistiko berrien garapena eragiteko egokia izan zen.Erakusketa honetako artelanak arte erredikalaren adibide dira, mugimendu eta joera jakinetan sailkatu ezin direnak alegia. Hala ere, agerikoak dira zenbait pentsamolde literario, filosofiko eta artistikorengan izan zuten eragina eta hauekiko harremana. Artaud, Bellmer, Boiffard, Giacometti eta Masson, hasiera batean surrealismoarekin* harremanetan egon baziren ere, mugimendu honetatik kanpo geratu ziren Breton-en Bigarren Manifestuak eragindako kanporaketen garaian.
Existentzialismoa* eta honi dagozkion Jean-Paul Sartre-ren estuasunari, alienazioari, absurduari, izatearen existentziari eta abarri buruzko ideiak, Artaud, Fautrier, Giacometti Michaux eta Richier-en ibilbide artistikoarekin harremanetan jarriko dira.
Batez ere Boiffard, Lotar eta Masson-en lanek finkatu zuten beste harreman garrantzitsuetako bat, Georges Bataille* idazlearekin izandakoa da.
Aitaren irudiaren anbibalentziari buruzko Sigmun Freud*-en teoriak berriz agerian daude Bellmer-en lanetan.
Erakusketa honen gaia gorputzaren irudiratzea da, artearen historian zehar artista askok aztertu duten gai klasikoa. Erakusketa honetan izango dugu ain zuzen ere, orain arte konbentzionala izan den irudiratzeko moduarekiko desberdinak diren beste modu batzuk ikusteko aukera. Erakusketaren katalogoan Juan Vicente Aliagak dion bezala: "ezinbestekoa dirudi gorputz bortitzaz hitz egitean sexualitatearekin eta batez ere gorputzaren ikuspegi idealizatzaile eta alai batetik aldentzen diren sexuaren alderdiekin lotura bat ezartzea".
Ez dute artista hauek guztiek gorputza irudiratzeko modu berdina aukeratzen. Batzuek gorputzaren zati jakin batzuetan (burua, hankak, eskuak, etab.) jartzen dute arreta; beste batzuek berriz, zenbait atal tokiz aldatuz edo kontuan izan gabe osatuko dituzte gorputzak; giza elementuak animalienekin nahasten dituztenak eta gorputza modu abstraktoagoan, forma lauso eta sarkinekin irudiratzen dutenak ere badaude. Irudiratze hauek guztiak, indarkeriaz, oinazez eta sufrimenduz betetako esperientzia pertsonalen emaitza dira.
Aliagaren hitzetan: "funtzionala ez den eta produktibotasunarekin eta familiaren bertuteen gorespenarekin zerikusirik ez duen gorputza defendatzean datza, agian, aipatu proposamenen interes handiena. Aldizka formarik ez izatera hurbiltzen den eta giza jokabideak eguneroko bizitzan garatzen dituen heriotzaren pultsioak ukitzea atsegin duen galtzearen gorputza da hau."
Artistak
Antonin Artaud (1898-1948). Artista honek, sufrimenduz eta ulergaiztasunez betetako bizitza gogorra izan zuen. Bederatzi urtez sendategi psikiatriko batean egon zen eta bere literaturak nahiz artelanak, niaren disoluzioari eta gorputzaren tolesgabetze eta hausketari buruzko etengabeko gogoetaren emaitza izan ziren. Couti l'anatomie titulua duen marrazkian gorputz bat izan zitekeenaren edo izango denaren zatiak ikus ditzakegu. Arkatzaren presioak indartuko duen trazu gogor, urduri eta segurtasungabea erabiliz, euskarria erasotu eta hautsi egingo du Artaude-k, honela bere existentzia osoa erasotzen zuten tentsioa, estuasuna eta egonezina azaltzeko.
Hans Bellmer (1902-1975). Aita autoritarioaren irudiarekiko obsesioa eta gertakari tragikoak izan ziren bere bizitza pribatua gehien markatu zutenak. Erotismoa, sadismoa eta arazoz betetako nahiz azkeneraino eramandako sexualitatea biltzen dituen ametsezko mundu bat islatzen dute bere lanek. Emakumearen gorputza basakeriaz eta indarkeriaz tratatzen du Bellmer-ek, bere panpinei eta bere neska-lagun Unica Zürn-i egindako argazkietan ikus daitekeen bezala. Rose ou vert la nuit bere grabatuan gizakiaren osaera materikoa, bere barrualdea ezagutzea da interes nagusia.
Jacques-André Boiffard-en argazkietan (1903-1961) gorputza beste ikuspuntu batetik azaltzen zaigu. Konposizioaren gai nagusi gisa lehen planoan ezarriz, zenbait organo nabarmentzen dira eta honela gorputzaren galtzea eta sakabanatzea transmititzen dute. Larruzko maskara duen emakumea erakusten duten irudi sadomasokisten argazki-sorta bat ere egin zuen Boiffard-ek. 1935ean argazkigintza utzi eta aurrerantzean medikuntzan ihardun zen.
Jean Fautrier-en lanak (1898-1964) gorputzaren irudiratze bortitzaren beste adibide bat dira. Nazien okupazio garaian ikusi zituen presoen gorputzekiko umiliazio eta krudeltasun irudien esperientziek, desagertuz doazen aurpegiak dituzten eta arian-arian atributuak galduz eta urratuz, formarik gabeko mukulu bihurtzen diren buru anonimoak adierazten dituzten eskulturak egitera bultzatu zuten. Ordukoak dira adibidez Otage edo, hasierako buruak laburtzen dituzten irudi amorfo eta zehaztu gabeak erakusten dituzten pinturen izen bereko sorta.
André Malraux, idazle eta politikari frantsesak, oinaze garaikidearen enkarnazioa nahiz gerrako biktima ugarien gorputzek jasandako indarkeriaren metafora bezala deskribatzen ditu Fautrier-en lanak.
Alberto Giacometti (1901-1966). Surrealismoarekin* lotu izan diren eta konnotazio sexual handiko forma organikoak erakusten dituzten lanak burutu ondoren (adibidez Objet désagréable à jeter) gizakia irudiratzeko oso modu pertsonala aurkitu zuen. Berak egindako pertsonaia, buru eta busto filiformeak, egin zituen lan guztietako kezka iraunkor bihurtu zen errealitate ia eskuraezinaren bilaketaren emaitza dira.
Georges Bataille*-ren eraginez, gizakiaren animali alderdian jarri zuen Eli Lotar-ek bere arreta. Parisko La Villette hiltokian egin zituen argazkiek gorputzaren deskonposizioaren eta atalkatzearen gaia hoztasun objektiboz azaltzen dute. Animalia, sakrifizio baten eta heriotzera eramango duen egintza krudel eta sadiko baten biktima gisa aurkezten digu.
André Masson-ek (1896-1987) gerran bizi izan zituen esperientziek eragin handia izan zuten bere ibilbide artistikoan. Gerrak, suntsidurak, heriotzak, eszena mitologikoak dira bere lanetan garatzen diren zenbait gai. Guztietan, izaera sexual narbarmeneko indarkeria basatia antzematen da, gorputzaren irudiratze bortitzeko sexu errolen adibide argia.
André Masson, Georges Bataille-ren lankide izan ohi zen bere idatziak ilustratzerakoan.
Barne-mundua adierazi nahi duen idazlan baten pareko den Henri Michaux-ren lan plastikoa (1899-1984) materiaren arian-ariko galtzearen adibide ona da. Burua, artista honen gai nagusi bihurtuko da. Gorputz osoz gutxitan irudiratzen zituen bere pertsonaiak eratu nahi ez duen subjektuaren bilaketaren lekuko dira.
Pinturaren orban koloredunetatik irteten diren forma hutsalkor eta fantasmagorikoak dira. Irudi hauek sortzeko nahiari akuarelaren eta gouache-aren erabilpena gehitu behar zaio, bere konposizioetan nolabait trazuak difuminatu eta abstraktora jotzen duen itxura ematen laguntzen dutenak alegia.
Germaine Richier (1904-1959) erakusketako emakume bakarra da eta 40ko hamarkadan, ordurarte gizonek bakarrik erabiltzen zituzten teknika eta materialez jabetu zen: brontzea, forma masibo eta basatizko formato handiak, etab. Hasiera bateko eredutik abiatuz, materiak higadura jasango balu bezala, itxura urratua hartzen doazen pertsonaiez osaturiko eskulturak sortzeko erabili zituen hauek. Gizakia eta animalia nahastuz sortutako pertsonaia hibridoak dira eta batzuetan, amaraunaren itxurako hari tenkatuak luzatzen dituzte lanaren luzapen gisa.
Lan askotan mugimenduaz duen ideia azaltzen digu: ez du hau irudiratu nahi, ikusten duenak mugimenduan pentsa dezan bakarrik nahi du. Adibidez, La mante edo La grande sauterelle lanetan pertsonaiak geldirik daude baina beren gorputzetako zenbait atalek, edozein unetan mugimendu bat egin dezaketela adierazten digute.
Bere obra amaitugabea eta aldi berean behin-betikoa aurkezten da hemen, sortzen ari den bizitza baten eta hondamenaren tarteko zonaren adierazgarri gisa.
Gerra garaian bizi eta bere ondorioak nahiz okupazio naziarenak jasan zituen beste artista bat Wolf (1913-1951) da. Gertakari hauek guztiek beregan bizitzaren ikuspegi pesimista bat eragin zuten eta hau, expresionismoaren* eta surrealismoaren* bateraketa garaiko bere pinturetan nahiz argazkietan agerian geratzen da.
Bere argazkietan, Juan Vicente Aliagak dion bezala, hondakinaren estetika lantzen du eta noblea ez denaz duen interesa agertzen du; hildako animalien gorputzak, hondakin-urak eta ur geldiak, gerakin organikoak, etab. Hauei elementu desberdinak gehitzen dizkie bere konposizioak sortzeko.
Bere pinturak figurazioaren eta abstrakzioaren artean daude eta espazio lauso eta zalantzazkoetan flotatzen duten forma organikoz osatutako mundu onirikoa aurkezten digute.
Erreferentziak
Bataille, Georges: Idazketa, probokaziorako eta indarkeriarako tresna gisa erabili zuen eta 1930-1950 denboraldiko artista askorengan eragina izan zuen idazle frantsesa dugu. Bere idazlanetan, debekatuta dagoenaren mugak gainditzen dituzten gizartearen, historiaren, heriotzaren, sexualitatearen, erlijioaren eta abarren interpretazio bat egiten du.
Existentzialismoa: Existentziak esentziarekiko duen lehentasuna defendatzen duen eta gizakiari bere burua aukeratzeko askatasuna eta ardura ematen dion doktrina filosofiko garaikidea da. Frantzian izan duen ordezkari nagusia Jean-Paul Sartre da, bere teoriak Izaera eta ezereza lanean nahiz literatura eta entseiuzko lan-multzo zabal batean garatu zituena alegia.
Espresionismoa: XIX. mendean Inpresionismoaren erreakzio gisa Europan sortu zen mugimendu artistikoa da. Objektuak inspirazio imitatzaile eta puruaren iturri gisa duen lehentasuna ukatu eta adierazpen egizalearen intentsitatea bultzatzen du, horretarako formen oreka alde batera utzi behar bada ere. E.Munch, E.L. Kirchner, E. Nolde, P. Klee eta O. Kokoschka dira bere jarraitzaileetako batzuk.
Mendearen erdialdera Espresionismo abstraktua, hau da, adierazpena, kolorearen keinuaren bidez pintaketaren egintza fisikoa azpimarratuz lortzen duen mugimendua sortu zen Amerikan. J. Pollock, W. de Kooning, R. Motherwell eta F. Kline dira artista adierazgarrienetako batzuk.
Freud, Sigmund: Psikoanalisia edo ideia, irudi eta oroitzapenen asoziazio librean oinarritutako metodoa asmatu zuen neurologo eta psikiatra austriarra. Analisiaren praktikak, perbertsio sexualen azterketak (bareziki sadismoa eta masokismoarena) eta nartzisismoaren aurkikuntzak, pultsioei eta aparatu psikikoari buruzko bere lehenengo teoria zuzendu eta berregitera bultzatu zuten.
Surrealismoa: André Breton-ek 1942 urtean sortutako mugimendu literario eta artistikoa da. Adimen inkontzientearen eta irudimenaren askatasuna nahiz artistaren arrazionaltasunarekiko askatasuna lortu nahi zuen mugimendua dugu hau. Ametsen mundua berregiten zuten eta fantasia eta aluzinazio hutsezko itxura farregarria zuten lanak sortu zituzten.
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04