Ganbara aretoak aurki “RETRATOS DESDE LA PRISION. Pedro Antequera Azpiri y David Álvarez” erakusketa hartuko du
Mikel Lertxundik, erakusketaren komisarioak, datorren urteko lehenengo asteetan inauguratuko den erakusketa horren sorrerari buruz hitz egin du eta, laburbilduz, erakusketak atzean duen historia kontatu digu.
Pedro Antequera Azpiri ilustratzaileari buruzko ikerketa bati esker, gerra ostean kartzela frankistetan giltzapean egon zen bitartean eginiko lanak aurkitu ziren. Eta, aldi berean, fusilatu eta haren memoria ezabatu zuten beste marrazkilari bat ere berreskuratzea lortu zen: David Álvarez. Zentzu askotan, Antequera Azpirik eta Álvarezek biografia paraleloak izan zituzten. Biak Madrilen jaio ziren, 1892an eta 1900ean urrenez urren. 1920ko eta 1930eko hamarkadetan Gipuzkoan egin zuten beren lanbide-karreren zati handi bat. Sormen-profil oso antzekoa zutela, beren marrazkilari lanbideko alor guztiak jorratu zituzten: karikatura, publizitatea, kartelgintza, liburuen ilustrazioa, egunkariak eta aldizkariak.
1919 ingurutik ziren lagunak. 1934an Madrilen kokatzea erabaki zuten, beren lanbide-aukerak handitzeko, eta bertan Gerrate Zibilaren hasierak harrapatu zituen. Bakoitza bere erara borrokatu zen legez eraturiko gobernuaren alde: Antequera Azpiri joera politikoko karikaturak eta ilustrazioak eginaz eta Ikerketa Militarraren Zerbitzuko Prentsa Bulegoan lan eginez eta Álvarez Euskal Milizia Antifaxistetan sartuz.
Gerra amaitzean biak atxilotu eta kartzelaratu zituzten Conde de Toreno kartzelan. Bertan, hainbat, pintorerekin, musikarirekin, arkitektorekin, idazlerekin eta irakaslerekin batera egon ziren, eta horien erretratuak egin zituzten. Kasu batzuetan karikatura erabili zuten, baliteke bizi zuten egoera ikaragarritik ihes egin nahian.
Álvarez 1940ko uztailean fusilatu zuten eta Antequera Azpirik Cuéllar (Segoviakoa) eta Las Comendadoras eta Yeserías (biak Madrilekoak) kartzeletan zeharreko bidaldiari ekin zion, 1943an askatu zuten arte.
(Jarraituko du)