Uztailaren 18a, Espainiako Gerra Zibila hasi zen eguna
87 urte bete dira gaur Espainiako Gerra Zibila eragin zuen Franco jeneralaren agindupeko armadaren estatu-kolpea gertatu zenetik.
Uztailaren 18a, Espainiako Gerra Zibila hasi zen eguna
Gogoratu behar da garai hartan, Espainian, tentsio politiko eta soziala giroa zegoela. Errepublikaren gobernua zegoen boterean, zeinek 1931.ko Konstituzioa defendatzen zuen. Gerraren sorburua izan zen Espainiako eskuindarrek ez zutela onartu ezker alderdien Fronte Popularrak, 1936ko otsailaren 16ko hauteskunde orokorren bidez, Espainiako agintea eskuratu izana. Uztailaren 17an eta 18an, Espainiako armadaren zati handi batek estatu kolpea jo zuen Errepublikaren gobernuaren aurka eta, porrot egin zuenez, herrialdea bitan zatitu zen.
Gerra hark Hego Euskal Herria ere zatitu zuen. Alde batetik, eusko abertzaleak eta ezkerreko alderdiak errepublikaren alde agertu ziren. Bestetik, Alderdi Karlistak, Euskal Herriko zenbait gunetan oso indartsua zenak, eskuindarren alde jo eta berehala Nafarroa eta Araba gehiena eskuindarren ondoan lerrokatu ziren.
Gipuzkoari dagokionez, lehen hilabeteetan Arabatik eta Nafarroatik aurrera zihoazen erreketeen erasoa jasan zuen. Tropa matxinoek Irun hartu zuten, Frantziako muga itxi zuten eta, azkenik, Gipuzkoa Mola jeneralaren eskuetara igaro zen, tropa errebeldeek Bizkaiarantz aurrera egin zutenean.
Euskal Herrian, gerra hartako gertaera tragikoena, Gernikako bonbardaketa izan zen. 1937ko apirilaren 26an, arratsaldeko laurak aldera hegazkin batek bonba batzuk jaurti zituen Gernikara. Handik hamabost minutura hasi zen lehen olatua. Horrela, hiru ordu baino gehiagoko bonbardaketa bat hasi zen, herri hau gerraren izugarrikeriaren sinbolo bihurtuko zuena.
Gernika eraso zutenean, agintarien aginduz eraikitako bost babesleku publiko zituen, baita batzuk pribatuak ere. Babesleku horiez gain, Gernikan ikusmen- eta soinu-alertako seinaleen sistema bat diseinatu zen: Kosnoaga mendiaren tontorrean zegoen zaintzaile batek bandera gorri batekin abisatzen zuen arriskurik izanez gero. Santa Maria elizan zegoen bigarren zaindari batek kanpaiak jotzen zituen bandera ikustean, eta, haren atzetik, sirenak zituzten hiriko industria guztiek jotzen zituzten.
Babesleku eta alarma sistema horiek zorigaiztoko egun hartan funtzionatu zuten eta bizitza asko salbatu zituzten, baina 25 eta 30 tona bonba artean erori zirela kalkulatzen da. Hirigunea suntsituta geratu zen, eraikinen % 80 baino gehiago erabat suntsituta, eta gainerakoak oso kaltetuta geratu ziren. Gainera, su-bonbek su handi bat eragin zuten, eta egun batzuk behar izan ziren sua itzaltzeko.
Mundu guztiak ezagutu zuen gertatutakoa. Hain zuzen ere, Parisen jaso zuen Pablo Picassok gertatutakoaren berri. Hainbesteraino eragin zion, non egun gutxi batzuetan bere lanik ospetsuena, Guernica, margotzea erabaki zuen, gerraren izugarrikeriak irudikatzen dituen margolana, 1937ko Parisko Nazioarteko Erakusketan lehen aldiz erakutsi zena.
Gerra honi buruz gehiago jakin nahi duzu? Espainiako Gerra Zibilaren garaiko funts bat ezagutzera animatzen zaitugu, bildumagile pribatuek eta Ian Pattersonek (gatazkan aditua) atzerrian bildua.