Gipuzkoako artista berrien erakusketa
Gaurtik aurrera KOLDO MITXELENA Kulturunean ikus daitekeen erakusketa honetan zazpi artistak –Julen Agirre, Oier Iruretagoiena, Sahatsa Jauregi, Antonio Macarro, Daniel Mera, Mikel Otxoteko eta Ainize Sarasola- euren lana sakonean erakutsiko dute.
Erakusketan proposamen ezberdinak aurkituko ditugu: marraztutako hainbat forma eta egitura, arkitektura eta eskulturaren hasierara eramango gaituztenak (Julen Agirre Egibar); neurri eta itxuraren zitazio desbideratuaren bidez gorputzari interpelatzen dioten beste forma multzo bat, (Oier Iruretagoiena); objektu multzo bat, inguratzen gaituen gunearen ikuspegia aldarazteko asmoa duena (Sahatsa Jauregi); film zatien multzo bat espazioan barrena ipinita eta bere baliabide narratiboak bilatu nahian (Antonio Macarro); imaginario baten berreraiketa -ideia eta gauzaren arteko distantzia- errepresentazioaren mekanismoekin duen konpromisotik abiatuta (Daniel Mera); ikusi eta entzuteko gune bereziak, bideoaren berezitasunaren inguruan sortutakoak (Mikel Otxoteko); eta “subjektu sutsuen” imajinatutako multzo baten erakustaldi grafikoa (Ainize Sarasola).
Betidanik hartu izan da Artista Berrien erakusketa Gipuzkoako artearen egoeraren neurgailu modura, baina, oraingo Artista Berrien Erakusketak ez du izan nahi diagnostiko emaile soila eta horren ordez esperimentazio gune berria proposatzen ari gara, non lekua izango duten gorputz eta zentzumen esperimentazioak, hala nola alderdi kognitiboak. Hori guztia, forma, irudi, soinu eta giro desberdinak sortuz teknikaren bidez eta barne leku zehatz bateko baldintzetara egokituta -Koldo Mitxelena Kulturuneko Erakustaretoa, hain zuzen-, horrexek mugatuko baitu esperientziaren nondik norakoa.
Jarduera gehigarriak
Ohizko bisita bakarkako bisita gidatuez gain (momentuan) eta taldekakoez gain (aurrez erreserba eginaz) doako tailerrak eskainiko dira publiko ezberdinentzat. Datozen egunetan Koldo Mitxelena Kulturunearen webgunean eta sare sozialetan emango da tailerren eta daten berri. Tailer hauen helburua da publikoa arte garaikidera gerturatzea, sormena sustatzea eta esperimentaziorako espazio bat eskaintzea.
Erakusketa: Gipuzkoako Artista Berriak. 2013-2014
Lekua: Erakustaretoa, KOLDO MITXELENA Kulturunea, Donostia.
Komisarioa: Aimar Arriola
Ekoizpena: KOLDO MITXELENA Kulturunea, Kultura zuzendaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia
Datak: azaroaren 28tik otsailaren 22ra
Ordutegia:
asteartetik ostiralera 16:00tik 20:00ra.
larunbatetan 11:00tik 14:00era eta 16:00tik 20:00era
Inaugurazioa: azaroaren 28an, osteguna, arratsaldeko 7:30etan
Katalogoa: Aimar Arriolaren testuekin.