Gipuzkoako emakume inprimatzaileak

“Ondarea, emakumeen emaria” deituriko Europako Ondarearen Jardunaldien aurtengo edizioa dela eta, emakume gipuzkoarrek XVII. mendean inprenta probintziara iritsi zenetik XX. mende hasiera arte berarekin izandako hartu-emanaren ibilbide labur bat proposatuko dugu Koldo Mitxelena liburutegitik.
Inpresoreen alargunak edo alabak izan ziren gehienetan familiako inprenta jarauntsi eta negozioa aurrera atera behar izan zituztenak. Beste alorretan bezala, emakumearen ikusgaitasun eskasak zaildu egiten du ikertzaileen lana. Azken hauek inprimategien datuak eta inbentarioen transkripzioak besterik ez dituzte askotan dokumentazio iturri bezala.
Hala ere, ikerketa berriek azpimarratzen duten bezala emakume hauetako asko ez ziren soilik kudeaketa lanetan ibili, zeregin tekniko eta komertzialetan ere ibili ziren maiz.
Azaro osoan zehar Koldo Mitxelena Liburutegiak inpresora gipuzkoar nagusienetako batzuk aurkezten ditu. Horrela, María Clementina de Gárate, la Lamaren alarguna; Josefa Antonia de la Lama, Mendizábalen alarguna edo Dolores (Lola) Casas Arregui, Valverderen alargunaren bizitza eta obra ezagutu ahal izango ditugu, besteak beste. Aldi berean, emakume guzti hauen obra liburutegiko katalogoan ikustera gonbidatu nahi zaituztegu. Hemen sakatuz gero, emakume hauek kudeatutako inprentatan inprimatutako obrak ezagutu ahal izango dituzue.