Gure Artea 94
1995/4/11 - 1995/4/29
Komisarioa:
Artistak: Lucía Onzain, Elena Mendizábal, Dolo Navas, Antonio Achucarro, Roberto Aguirrezabala, Imanol Alcalde, Iñigo Cabo, Gloria Cadenas, Daniel Castillejo, Ricardo Catania, Gema Intxausti, Xabier Loyola, Imanol Marrodan, Pablo Milicua, Alberto Peral, Jose Ramón Sainz Morquillas, Javier Tudela, Oier Villar, Nekane Zaldua, Jose Zugasti (eskultura)Begoña Zubero, Joxerra Melguizo, Felipe Loiola, Itziar Okariz, Joxean Olazagoitia, Iñigo Royo, Unai San Martin, Maria Seco, Esteban Torres, Fernando Vicente, Gert Voor Int Holt, Carlos Alberto Fernández, Marisa Fernández Rivera, Javier G. Landeras, Maika Melendo, Elena Mendizábal, Paco de Vicente, Antonio Yañiz (argazkigintza / fotografía)
Testuak: Estrella de Diego
Muntaia:
Prentsa oharra:
Gure Artea 94Lehiaketaren ibilia
Sariak zergatik dauden eta artistek zegatik hartzen dute beraietan parte galde dezakegu; beren aukeratzeko moduekin adostasunik gabe egon gintezke; epaimahaien erabakien zalantza izan dezakegu eta bai eta hura kritikatu ere.. Baina, galde dezakegu bai eta ere, zer eta nola egin behar den artisten lanak ezagutzera emateko eta zein den horretarako modurik onena.
Historian zehar artistei laguntzeko eta babesa emateko modu ezberdinak egon izan dira: bekak, dirulaguntzak, mezenazgoak, enkargu ofizialak, lehiaketak, etab...Beren abantaila eta oztopo guztiekin sormena zuzpertzeko amankomuntasuna dute.
Egun jasaten dugun krisi ekonomikoak eragin negatiboa du artearen merkatuan eta, artista gazteak egoera zailei aurre egin beharrean gertatzen dira beren ibilbide artistikoan aurrerapenak egin ahal izateko.
Gure Artea lehiaketa, bere hamabi deialdi eta partaideen zerrenda luzearekin, beren lana ezagutzera eman nahi duten euskal artistentzat bultzagarri bat da.
Gure Artearen edizio ezberdinek beren bilakaera eraman dute urte bakoitzeko deialdian hartzen zuen esperientziaren neurrian aldaketak eginaz. Honela egunean egoteko interesa nabarmen ikusten zaio, gure garaiko artea lagunduz eta bultzatuz.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sortu zituen 1982an, urteroko izaerarekin, Pintura era Eskulturako Gure Artea sariak. Sari hauen helbururik nagusiena euskal sortzailei beren lanbide artistikoko aurrerapenean bultzada ematea da.
1984ko deialdian sartu zen grabatu saria, eta 1989an, bere jaiotzaren 150 urteurrenean, argazki saria sartu zen. Espezialitate honen sarrerak partaidetza handiagoa, ugaritasuna eta aurkeztutako lanen sormen ugaritzea ekarri zuen.
Lehiaketa orotan bezala, Gure Artean parte hartzen dutenek zenbait baldintza bete behar dituzte parte hartu ahal izateko. Artista bakoitzak lan bakar bat aurkez dezake modalitate bakoitzean, gai eta materialak askatasun osoz aukera ditzakeelarik. Lanen neurriek ezin dute aldeko hiru metroko neurria gainditu.
Saritutako lanak Euskal Herriko Elkarte Autonomoaren jabetzako bihurtzen dira, bere ondarearen barne sartuz, eta esplotazio, banaketa eta komunikazio publikoaren jabetza intelektualeko eskubidea ere bere eginaz. Akzesiten bat lortzen duten partaideek edo epaimahaiak erakusketako kide izateko aukeratuak direnek, modu esklusiboan eta dohainik uzten dute beren lanen erabilera eta jabetza intelektualeko eskubidea urte beterako.
Aukeratutako eta saritutako lan guztiek Eusko Jaurlaritzak argitaratutako katalogo batean jasotzen dira eta Elkarte Autonomoko hiru hiriburuetan erakusten den erakusekta bat osatzen dute.
Gure Artearen edizio honetan 303 lan aurkeztu dira, 188 eskulturan eta 115 argazkigintzan. Partaidetza indize handi honek adierazten du euskal artistek duten sariekiko ardura, zeren hauek beren lanaren gizarte aitorpena bideratzeaz gain, laguntza bat dira beren lanbide artistikoaren aurrerabidean eta lanaren hedapenerako.
1992an ez zen deialdirik egon eta hamar urteko ibiliaren ondoren lehiaketako oinarrietan zenbait aldaketa egitea beharrezkotzat jo zen.
Eusko Jaurlaritza eta hiru diputazioen artean lortutako akordioarekin aldi berri bat hasten da Gure Artea Euskal Herriko arte plastikoetako saririk garrantzitsuena bilakatuz.
Gure Artea 93k zenbait berrikuntza ezarri zituen Lehiaketan:
- Bi urtean behingo bi modalitateren deialdiak. Urte batean deialdia Pintura eta Grabatuentzako izango da; hurrengoan Eskultura eta Argazkiarentzako, eta horrela hurrenez hurre. Horrela denbora tarte handiagoa dago espezialitate bereko bi deialdiren artean eta bideratu egiten da artista berrien bilakaeren neurketa.
- Oinarri ekonomikoen %100eko gehikuntza, aurreko oinarrien gainean, egungoen zenbatekoak hauek izanik: Eskultura 2.000.000, 1.250.000 eta 750.000 pezeta lehengo, bigarrengo eta hirugarrengo sarientzat; Argazkigintzan, 1.000.000, 600.000 eta 300.000 pezeta.
- Akzesitak kentzea. Baina sarietakoren bat eman gabe geldituko balitz, epaimahaiak erabaki dezake 125.000 pezetako akzesitak ematea.
Mozorroak, trabestismoa eta eraginak
Batzuetan, Rrose Sélavyz jantziriko Duchampi Man Rayk egindako erretratu famatuaren aurrean geure buruari galdetzen diogu zergatik ote den hain oinarrizkoa egungo mundua ulertzeko, zergaitik hari begiratu eta ezin diogun begiratzeari utzi, bertan gure galdera guztien erantzunak jelaturik baleude bezala.
Eta Duchamp aukeratu izana, ordea, kasualitatea dela pentsa liteke: Rrose bihurtzen da, nortasunez aldatzea erabakitzen ez duelako bere gogoa betetzen duen izen judurik aurkitzen. Hala ere, aldaketa hau pentsa daitekeena baino askozaz garrantzitsuagoa da, Marcelek isilik gordetzen dituen eta, batek daki zein indar arrarok mututurik, konta ezin dituen gauzak - The Age of Light lanean Rrose adieraztezina betirako harrapatuta utz zezaneko argazkilariak berak esandakoek erakutsiko duten bezala - Rroseren ahotik - izen “tentela” berau 20ko hamarkadarako, berak dioenez - esateko aitzakia baita.
Gaurko begiradetan argazki honek sortzen duen miresgarritasuna, neurri batean, modernotasunaren metafora bihurtu duten eta horretarako prestaturiko eskuliburu batez baliatuz teoria greenbergdarren eta bere artelanaren jarraitzaile izango direnen adierazpideen iragarpen bihurtzen duten inplikazio konplexu horiengatik izan daiteke. Izan ere, Rrosez jantzitako Duchampen argazkiak, arte-adierazpenak baliabide, teknika eta estiloetan oinarrituz sailkatzen dituzten arau finkoen kontra agertu ondoren arteak betetzen duen leku anbiguo eta tartekoaren sinbolo da nolabait, istorioak eta ironia bereiztuz, aurrikusi dezakeguna eta bat-batean harritzen gaituena desberdinduz, behin eta berriz, edozein liburu ikusten ari garenean argazki hau aurkitzen dugun bakoitzean gertatzen zaigun bezala.
Horrela bada, Sélavyren erretratua erraz bihur daiteke arte-adierazpenek azken hamarkadotan eman duten mozorroen esentzia bera. Argazki hau egun artearen munduan gertatzen ari den guztiaren avant la lettre-aren iragarpena izango litzateke - mozorroak, trabestismoa, eraginak -. Azkenean dena da jolas anitz eta errabidez beterikoa, zeinentzat bidea beti baita helburu eta inoiz ez bide, erakusketa honetan aurkezten diren lan askok erakutsiko dutenez.
Halaxe da, arte-adierazpenak gaur egun hainbat gauzatan trabestitzen dira eta batzuek eragin handia dute besteengan: berrirakurritako historioa bihurtzen dira - Iñigo Royok kolotipo klasiko bati egiten dion irakurketa bezala-, berrikusitako jenero - Nekane Zaldua edo Dolo Navasen lanetan gertatzen den bezala, zeinen dindilizka dagoen jantziak subjektibotasunaren desposesio batez hitzegiten duen agian - edo kritika sozialez jantzen dira - Cabok Sarajevoren oroimenez egindakoa esate baterako, edo Paco de Vicenteren denuntzia sarkastikoa, azken honentzat argazkigintza ia ikustezina den zentimetro bihurtzen delarik, egunero erabiltzen dugun tresna batean ezkutuan-.
Sarritan eragin-segida huts izan ohi dira, gure begien aurrean agertzen direnak, mirariak bailiran, kristal batek bistara agertarazten dizkigunak eta, Lucia Onzainen eskulturan nabaria denez, aldi berean parte hartu, isladatu, banatu eta erakutsi egiten dutenak. Eurotan estrategiak nahasten dira - sekuentzialitate zinematografikoa Itziar Okarizen lanetan-, estiloak hibridatzen dira - Landerasengandik jasotako istorioetan oinarritutako konposizioak edo Marrodanen ekin popzalea - eta materiale bitxiak berreskuratzen dira - Intxaustiren lanetan edo Milicuaren Osito lanean agerikoa denez, denboraren untzia berau, oroitzapenerako zentzugabeko objektuak bilduz, bere egituran harrapatuz, joanaren ukigarritasuna bezala-.
Baina manifestazio artistiko berrietan, batez ere, hizkuntza kontrajarriak agertzen dira, orain arteko sailkapen guztiak hankaz gora uzten dituztenak. Elena Mendizabal, Cadenas edo San Martinenak bezalako lanetan ez da erraza baliabideak eurak zeintzuk izan diren zehaztea ere. Mendizabalen lanak eskulturatzat ere sailka litezke, objektu espazialak diren aldetik, hiru dimentsiokoak, baina bigarren begiradaren bat botaz gero argazkiaren indarra nabarian geratzen da. Beraz, posible al da pintura, eskultura, argazkigintza, grabatu .... eta abarrez mintzatzea bakoitzari dagokion esparrua gero eta berdintsuagoa egiten ari den honetan, elkarren eraginak jasoz, bata bestea hibridatuz?
Egia da zenbait artistak baliabideak ohi bezala erabiltzen dituztena, hizkuntzari dagokionez behintzat. Geer voor Holt, Loiola, Carlos Alberto Fernandez, Torres eta Marisa Fernandezek “argazkiak egiten” segitzen dute eta Zugasti, Peral, Catania, Achucarro, Morquillas, Alcalde eta Aguirrezabalak eskultorikoa den lan-mota bati eusten diote, batzuetan forma garbiekiko gustoa erakutsiz eta inoiz errepikatu egiten diren patroiez baliatuz adierazpiderako. Halere, baliabideak ohi den bezala erabiltzen dituztenean eta, Melendok teknikaren aldetik jorratutako esperimentaziotik urrun, askotan berriz galdetzen diogu geure buruari bide ala helburu ote diren. Halaxe gertatzen da, adibidez, Olazagoitia edo Yanizen obretan. Zuberoren argazkiek berriz dakarte agerira argazkigintzaren objektibotasunaren eztabaida zaharra: espazio fotografikoa kontrajarpena - a posteriori - hainbat urtetan argazkiaren esentziatzat jotakoa zalantzagarri bihurtzen du, hau da “click”aren garrantzia.
Duda barik, argazkigintza “baliabide objektibo” gisa erabiltzea 80ko hamarkadako berriztakuntzarik handienetakoa izan da, produkzio fotografikoa goitik behera birplanteatzea eragin duena, nahiz eta beste hizkuntza guztietan ere ezar daitekeen. Joandako hamarkadako argazkigintzak baliabide hau erabilera antifotografikorantz bideratu nahi izan du, ohizkoa ez zen erabileran oinarrituta berriztakuntza kontzeptualak lantzeari ekinez.
Kritikak, iraganeko sailkapen zorrotzetan harrapatuta, askotan galdetu izan du ez ote diren izango artista argazkilari baino gehiago, bere zeregina irudi zehatza euskarri mekanikora eraldatzera mugatzen duena baita argazkilaria. Argazkigintzaren beste erabilera berri honen aldekoa da, fotografikoa baino gehiago “piktorikoa” dena askoren ustez - kontzeptualagoa, azken batean -, Joxerra Melguizoren iritzia. Honentzat argazkia ezabatu eta marraztutako zati bat baino ez da, prozesuan “click”aren nagusitasuna erabat baztertuz.
Zalantza gabe, argazkigintza berriaren izate nahasgarri honek ondorio oso positiboak izan ditu, kritika atzerazaletuenaren aurriritziak bertan behera uzteko orduan batez ere: erabilera anbiguo horri esker, kanona birplanteatu egin behar izan da, pinturaren historia argazkigintzaren historian oinarrituz azaldu denean eta alderantziz, mugak irekiz, definizioei ziri eginez.
Honela, azken hamarkadotan produkzio artistikoan izandako iraulketa maltzurrak adituak babes gabe utzi ditu, definizioak eta sailkapenak egiteko metodo berriak egitera behartuz hauek eta, baita, betiko gauzei deitzeko izen berriak asmatzera ere, orainbeste zerbaitean trabestituta ageri baitira, Rroseren ohitura eta gurarien eragin ugari zituen Marcelen erretratuan, ezinbestez, gertatzen zen bezala. Mozorroaren ondorio izan daitezke: lehengoak berriz izan nahi izanean, gauzak betiko izenez deitu nahian, harrituta konturatzen gara orain gauza haiek ez direla berdinak, sakonean azala aldatu egin dutela.
Posible da okerbide eta eraldaketa hauek behin eta berriz aipatu dugun Duchampen erretratuari darion liluragarritasuna azaltzeko klabe izatea. Marcel Rroserenpean ezkutatu da eta une bateko desagertze horrek gure begirada zalantzan jartzen du, bere nortasun berriaren azpian itxuraldatutako Marcelen aztarnak bilatzeari ekin beharko dion begirada eraikitzeko prozesuan parte aktiboa izatera behartzen gaitu. Aurkikuntza horiek, begiratzearen prozesuan parte aktiboa izan dezagun lagungarri izango ditugunak, gaur egungo artean jorratzen diren estrategiekin lotura estua dute: garrantzitsuena ez da ikuste hutsean nabari izango, aktiboa den begiradarentzat agertuko baita bakarrik.
Zer dago Villar kristalaren atzean? Itxuraz apala dirudien Tudelaren eraikuntzaren azpian ezkutatzen zaiguna, zer da? Ez da nahikoa ikustea, begiratu egin behar da, Xabier loyolak , Fernando Vicentek edo Maria Secok proposatutako jolasean ikusten ikusten den bezala. Hauek egindako objektuak itxuraz kutxak dirudite: bilatzen ari den eta bilatua izan nahi duen begirada bihurtu gabe, akto konsziente gisa, ezin izango genuke garrantzitsua den hori aurkitu - erantzuna -, makurturik eta ikusi ezindako moduan begiradak aurki dezan zain dagoen hori. Marcel Rroserenpean aurkitzeko, bilatu egin behar da.
Baina harago ere joan gaitezke. Jolasean, Marcel bere hasierako nortasunaren zati handi bat galduz joan da, beste desberdinen bat bereganatu asmoz, nahiz eta esentzian berdintsuak diren. Horrela, Marcel Rrose izango da kapela eta makilaia kendu ondoren ere, azaleko zenbait eraldaketak jarrerarengan ere badutelako eraginik, eta izatean hondakin gisa hantxe iraungo dute. Xake joko osoa da, aldi berean galdu eta irabazi egiten den horietakoa.
Argazki honek gaur egungo ikuslearengan eragiten duen zirrara bi faktoreren eragina izan daiteke horrela: beraren bidez anbiguokeriazko esparruan sartzen gara, nortasunaren galtze bakaneratz garamatzanean, baina nortasuna beste izamodu berri batzuez osatzen da, begiratzeko beste era batzuez, definitzeko modu berriez.
Azken hamarkadotan arteak bizi izan duen prozesuak, mugigaitzak jotako balioak eraldatzeko beste izan diren transformazioek, badute antzakotasunik Duchampen erretratuarekin. Izan ere, eraldaketa hori aldi berean izan da konszientea eta kasuala, eta barruko egitura aldatzen joan da ezinbestez. Marcel esateko gauza ez zen haiek esateko Rrosez baliatzen zen Duchampen kasuaren antzera, gaur egungo artea zentzugabeko baliabidez hornitzen da, garbiak ez diren teknikez, nahita ezkutatukoez, apurketez, ironiaz eta istoria kontatzeko hizkuntza harrigarriez. Konpartimenturik ez duen esparru honetan eroso dihardu, kritika anglosaxoiak “pluralismo” deitu duen esparruan hain zuzen, gauzak egiteko modu anitz barne hartzen dituenean, hirurogeita hamarreko urteetan agertzen hasi eta 80ko lantaldeak adierazmodutzat hartzen duenean.
Foster bezalako teorikoek gordetzen dituztenez gain, pluraltasun horretan ortodoxiaren beste aurpegi bat ikusten baitu beronek, era honetako jolas honek, aportazio positiboak ere makinatxo bat izan diren arren, ekarri izan du zer galdu eta zer irabazirik ere. Irabazi egin da, begirada bere burua berraztertzera behartu baita eta, gainera, hala izatera; baina, aldi berean, galdu ere egin da zerbait, hasierako nortasuna hain zuzen, Marceli gertatzen zaion gisan Rroseren nortasunaren azpian ezkutatzean. Ondo dakigu beste norbait ere izan gaitezkeela, beste batzuk izan garela eta orain beharbada komeni izango zaigu aspaldi nor ginen gogoratzea, zatiak biltzea eta argazkia berriz egituratzea: adi egotea, dena den, agian pluralismoa kanonaren birplanteatzeko beste era bat izan beharrean mendearen amaierako beste “-ismo”ren bat izan baitaiteke.
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04